Gobernuak airearen kalitaterako plana egin beharko du

Gobernuak airearen kalitaterako plana egin beharko du

Epaileek Erriberako Ekologistak Martxan taldearen alde egin dute. Frogatutzat jo dute giza osasuna bermatzeko ozono maila gainditu zela 2011. eta 2015. urteen artean.

Edurne Elizondo

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Erriberako Ekologistak Martxan taldearen alde egin du: Administrazio Gaietarako Aretoak frogatutzat jo du 2011. eta 2015. urteen artean giza osasuna bermatzeko ozono maila gainditu egin zela Erriberan, eta Nafarroako Gobernuari agindu dio airearen kalitatea hobetzeko plan bat martxan jar dezala. Auzitegiak epe bat zehaztu dio horretarako, gainera: aurten egin beharko du. “Lanean” ari direla erantzun dute jada Ingurumen Departamentuko arduradunek.

“Hagitz kontent gaude, sententziak guk errandako guztia berretsi duelako”, nabarmendu du Ekologistak Martxan-eko koordinatzaile Eduardo Navascuesek. Arazoa aspaldikoa dela gogoratu du, eta duela urte anitz hasi zirela kutsaduraren auzia erdigunean jartzen. “Nafarroako Gobernuak, baina, ez du deus egin nahi izan”. Navascuesek erantsi du administrazioaren isiltasunak eragin duela talde ekologistak epaitegietara jo izana, hain zuzen ere.

Erriberako Ekologistak Martxan-eko kideek 2019ko maiatzean jo zuten, azkenekoz, Nafarroako Gobernuko arduradunengana, airearen kalitatea hobetzeko plan bat martxan jar zezaten, “behingoz”. Eskaera horretan ekologistek nabarmendu zuten 2011tik 2018ra giza osasuna bermatzeko ozono troposferikoaren maila gainditu egin zela Erriberan, behin baino gehiagotan. Nafarroako Gobernuak defendatu du, orain arte, airearen kalitatea hobetzeko plana egiteko ardura Espainiako Gobernuarena dela. Ez hori bakarrik; sententziak jaso baitu, Nafarroako Gobernuaren arabera, herrialdeko airearen kalitateak “bat egiten” duela indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen helburuekin.

Zirriborroa, prest

“Aurreko legegintzalditik dator auzia”, erran dute Nafarroako Ingurumen Departamentuko kideek, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak plazaratutako sententziari buruz. Zehaztu dute, gainera, epaileek agindutako airearen kalitatea hobetzeko plana egiteko “prozesuan” daudela. “2021eko otsailean eskatu, eta lehendabiziko zirriborroa jaso dugu jada”, adierazi dute Ingurumen Departamentuko komunikazio zerbitzuko kideek.

Zirriborro hori plan bilakatu arteko epeak ez dituzte zehaztu oraindik ere, halere. Sententziak erran du aurten egon behar duela planak martxan. “Betetzeko moduko epea” dela uste dute Nafarroako Gobernuko kideek. Garbi diote sententziaren aurkako helegiterik ez dutela aurkeztuko.

“Helegiterik aurkezten ez badute, hobe denontzat”, erantzun du Navascuesek. Ekologistak Martxan-eko koordinatzaileak gobernuaren orain arteko jarrera salatu du, eta erran datuak “ezkutatzen” aritu dela.

Navascuesek erantsi du airearen kalitatearen ingurukoa ez dela bakarrik Erriberako herritarren arazo bat. “Nafarroa osoari eragiten dio”. 2020ko datuak jarri ditu erdigunean, adibide gisa. Pandemiaren eztandak eragin zuen kutsadurak behera egitea, baina, hala eta guztiz ere, 2020ko udan, “nafarren %39k jasan zituzten osasunarentzat kaltegarriak ziren ozono mailak; kutsadurak lurraldearen %66ari eragin zion”.

Trafikoak, zenbait industriak eta, bertzeak bertze, Castejongo zentral termikoek eragiten dute ozono troposferikoak gora egitea. Urtea amaitu baino lehen, aurre egiteko plan bat izanen da.