Hegan egiteko pintzelkadak

Hegan egiteko pintzelkadak

Iruñeko Alfredo Sada elkarteak zerura begira prestatu du aurtengo erakusketa kolektiboa: hegazti migratzaileei egin die so, pandemia garaiko mugak gainditzeko.

Edurne Elizondo

Hegan egiteko grinak hartu gaitu; pandemiak ezarritako testuinguruan, hegazti migratzaileek mugarik gabe hegan egiteko duten gaitasunari erreparatu nahi izan diogu, guk ere hegan egin ahal izateko”. Iruñeko Alfredo Sada kolektiboko Mila Boj artistarenak dira hitzak; talde horretako kideek urtean behin egiten dute erakusketa kolektibo bat, eta zerura begira prestatu dute aurtengoa: hegazti migratzaileak hartu dituzte ardatz, haien bidez hegan egiteko. Boj aritu da komisario lanetan. Iruñeko Kondestablearen jauregian jarri dute erakusketa, datorren otsailaren 27ra bitarte.

1992. urtean sortutako kolektibo bat da Alfredo Sada. Artearen inguruko kezka dutenentzat topagune izateko asmoz sortu zuten. “Jendeak behar eta nahi du pintatzeko toki bat; duela 30 urte, toki hori izateko egin genuen bat, eta lanean segitzen dugu”, kontatu du kolektiboko presidente Lola Garrok. Iruñeko Urederra karrikan dute egoitza.

Boj eta Garro dira Alfredo Sada kolektiboaren azken erakusketan parte hartu duten artistetako bi. Elkartean 36 bazkide dira, eta haietako 29k zintzilikatu dituzte beren lanak Kondestablearen jauregian. Erakusketa kolektiboa da, eta elkarrekin egin dute, halaber, jauregian zintzilikatutako obra nagusia: Murmuration izena du, eta arabazozoen hegaldiak irudikatzen ditu. Milioi bat hegaztik egiten dute bat talderik handienetan, eta alde batetik bertzera modu koordinatu batean egiten dute hegan; sortzen duten soinua marmar baten gisakoa da. “Arabazozoen modura aritu gara gu ere, elkarrekin lanean, elkar laguntzen eta elkar babesten”, erran dute artistek.

Olio pinturak eta grabatuak

Olio pinturak dira Kondestablearen jauregiko erakusketan jasotako gehienak; badira bertzelako teknikak erabili dituzten lanak ere, bertzeak bertze, grabatuak; izan ere, arabazozoen marmarrari buruzko lana ez da Alfredo Sada elkarteko kideek batera egindako lan bakarra: collagraph grabatu teknika erabili dute lumen gaineko obra kolektiboa osatzeko.

Kondestablearen jauregiko lehendabiziko solairuan ikus daiteke Alfredo Sada elkarteko kideen erakusketa, otsailaren 27ra arte; obren arteko bideak zerura begiratzera deitu nahi ditu bisitariak, hegaztien hegaldiari so egin diezaioten. Hegan egin nahi izan dute parte hartzen duten artistek ere. “Hegaztien hegaldiaren zain zeruari behatzen diotenek sentitzen duten emozioa” eragitea dute helburu.