Irudi bilakatutako historia zatiak

Irudi bilakatutako historia zatiak

Nafarroako Gobernuak ‘Una ventana al pasado’ argitaratu du; Iñaki Dieguez arkeologo eta ilustratzaileak koordinatu du lana. Herrialdeko berrogei aztarnategitako marrazkiak jaso ditu, historiaren berri zabaltzeko.

Edurne Elizondo

Iragana marraztu. Ikertu, informazioa jaso, eta datuak irudi bilakatu. Horixe egiten dute ilustrazio arkeologikoaren esparruan ari diren profesionalek. Horietako bat da Iñaki Dieguez Uribeondo; duela hamabost urte, arkeologo marrazkilari lanetan hasi zen: aztarnategietara joan, eta paperean jasotzen zituen deskubritutako planoak eta materialak; 2006tik, berriz, ilustrazioaren arloan murgildua da. Hau da, urrats bat egin zuen harago, aztarnategietan arrastoa utzitako aroak eta gizakiak biziberritzeko.

Iñaki Dieguezen Castejongo nekropoliari buruzko ilustrazio bat.

Ez da bakarra Nafarroan; bere eta lankideen irudiak jaso ditu Dieguez Uribeondok, eta Una ventana al pasado. Viaje visual por la arqueología de Navarra liburuan eman ditu. Nafarroako Gobernuak argitaratu du lana. Dieguez Uribeondoren ilustrazioekin batera, Mauricio Anton, Martintxo Altzueta, Adrian Cerezo, Fernando Gomez, Juan Luis Landa, Enrique Lekuona, Esperanza Martin, Beatriz Menendez eta Pablo Serrano egileen obrak jaso ditu liburuak; herrialdeko berrogei aztarnategiri buruzko ehun ilustrazio baino gehiago argitaratu dituzte, denera.

Artaxonako harresiei buruzko Iñaki Dieguezen ilustrazioa.

Loraldia

Irudiak laguntzeko, Eudald Carbonell i Roura, Mikel Ramos, Mercedes Unzu, Maria Ines Tabar eta bertze zenbait adituren testuak ere bildu dituzte Dieguez Uribeondok koordinatu duen argitalpenean.

“Loraldian dago ilustrazio arkeologikoa”, erran du Dieguez Uribeondok. Egileak uste du marrazkiek badutela testuak ailegatzen ez diren tokietara iristeko gaitasuna. “Bide bat dira gazteak arkeologiara eta historiara erakartzeko”, azaldu du. Halere, formakuntzaren esparruan, oraindik bada bide bat egiteko.

EHUn ilustrazio zientifikoari buruzko masterra badute, eta ikagaietako bat da ilustrazio arkeologikoari buruzkoa. Dieguez Uribeondo da irakasleetako bat; Alacanteko (Herrialde Katalanak) Unibertsitatekoan ere aritzen da. “Online gero eta ikastaro gehiago dago”, aipatu du.

Ilustratzaile arkeologikoak aztarnategi batean lan egiten duten gainerako profesionalekin “elkarlanean” aritzen dira. “Jasotako datuak dira gure oinarria; ikerketa egin eta informazioa jasota, gure ilustrazioak etengabe eguneratu behar diren hipotesiak dira; historia puskak, finean”, nabarmendu du Iñaki Dieguez Uribeondok. Historia zati horiek guztiak liburu batean jaso dituzte orain, zuri-beltzeko iragana kolorez zabaltzeko.

Goiko ilustrazioa: Mauricio Anton.