Aporofobia gelditzeko premiaz ohartarazi du Paris 365 jantokiak

Aporofobia gelditzeko premiaz ohartarazi du Paris 365 jantokiak

Pobrezian dauden pertsonen kontrako gorrotoa ikusgai egiteko asmoz, ‘Aporofobia stop’ antzezlana sortu dute, eta, hori finantzatzeko, 46 aulki sortu dituzte Paris 365eko erabiltzaileek.

Olaia L. Garaialde

Aporofobia stop antzezlanak pobrezian dauden pertsonen kontrako gaitzespena salatu nahi du. Helburu hori dute obra prestatu duten erakundeek: Paris 365ek, Ados Teatroak, Asin Soundek, Bidebitarte kooperatibak eta Arteriak taldeak. Proiektua finantzatzeko, Paris 365 jantoki solidarioko zenbait erabiltzailek 46 aulki sortu dituzte. Aporofobiaren kontrako neurriak hartzearen beharra azpimarratu dute jangelako erabiltzaileok, Iruñeko Katakraken egindako aurkezpenean. Horrez gain, proiektuaren nondik norakoak azaldu dituzte. Obra martxoaren 11n estreinatuko dute, Antsoainen.

“Errealitatea zein den erakusteko aukera bat da. Gutxiago garela sentiarazten digute, eta ikusezin egiten gaituzte. Neurriak hartu behar dira”, adierazi du Daniel Pardok, proiektuko aktoreak eta zurginak. Horrez gain, gehitu du batzuek beste aldera begiratzen dutela. Andrea Segovia ere antzezlaneko aktorea da, eta bizi dituzten esperientziak mahai gainean jartzeko aukera dela azaldu du: “Gai asko landu ditugu; hala nola, kalean bizi den jendearen egoera, drogekiko menpekotasuna, drogak uzten ari diren pertsonen egoera eta kontziliazio familiarra”.

Erabiltzaileen esperientzietatik abiatuta sortu dutela gidoia nabarmendu du Jose Antonio Vitoriak, Ados Teatro konpainiako zuzendariak: “Haiekin kontrastatu genuen zer idazten ari ginen, eta galdetu genien ea nola ikusten zuten egiten ari ginena. Ez bazuten gustuko, aldatu egiten genuen”. Ahalik eta gehien sentsibilizatu nahi dute, eta sareak sortu nahi dituzte.

Parte hartzearen beharra

Sentsibilizazio helburua betetzeko, pobrezian dauden pertsonen testigantzak bideoan jasotzeaz gain, egoera hori bizi duten pertsonek antzezlanean parte hartzea nahi zuten. Segoviak, esate baterako, lana galdu eta familia aurrera atera behar duen emakume baten esperientzia kontatzen du obran; harentzat “zirraragarria” da proiektuan parte hartzea, “asko” ikasi baitu: “Antzezlanarekin ahaldundu, motibatu eta poztu naiz; parte hartzeak indarra ematen digu”.

Proiektuaren ideia Paris 365 jangela solidarioko presidente ohi Patxi Lasarena izan dela kontatu du Myriam Gomezek, Paris 365eko kudeatzaile eta koordinatzaileak: “Inklusiotik harago joan nahi dugu; ardatz politikoak eta sozialak astindu nahi ditugu; hau da, baztertze egoeran eta egoera zaurgarrian dauden pertsonen parte hartze soziala eta ikusgarritasuna bultzatu nahi dugu”.

Aporofobia stop proiektuko kideak aulkiekin.

Horretarako prozesua parte hartzailea izatea nahi zuten, eta erabiltzaileek, antzezlanean parte hartzeaz gain, aulkiak sortzea. Gomezek dio proiektua “polita” dela, beste urrats bat egin baitute, eta jangelak prozesuaren hasieratik amaieraraino parte hartu du. Horrekin batera, “sareak sortzeko” eta “komunitatea eraikitzeko” aukera ere badela azaldu du.

Nafarroako Emausko Trapuketariek emandako material birziklatuarekin egin zituzten aulkiak. Mayor Ramos aulkiak sortzen aritu da. “Altzari zaharrak desmuntatu genituen, moztu genituen, eta, horrela, bestelako erabilera bat eman genien”, azaldu du Ramosek. Hortaz, baztertuak diren gauzei beste bizitza eman nahi dietela azaldu du Ramosek: “Aulkiei bizi berri bat eman diegu, jendeak guri begiratzeko. Ondo sentitzen naiz normalean ez gaituztelako ikusten edo ez ikusiarena egiten digutelako, eta honekin ikusgarritasuna dugulako”.

Aulkien istorioa

Aporofobia stop antzezlanaren sortzaileentzat, “sinbologiaz” josita dago proiektua, eta aulkiak sortu zituzten herria ere “berezia” da. Fermin Lorda zurginaren lantegian egin zituzten aulkiak, Zorokiain herrian. Azken hamarkadetan hutsik egon da herria, eta orain berriz ere gazteak eta familiak herria populatzen ari dira. Bertan, guztira, 46 aulki egin dituzte, eta bat bera ere ez da iguala.

Kontzientziatzeaz aparte, proiektuaren gastuei aurre egiteko aulkiak salgai jarriko dituzte, eta horiek ikusteko aukera egonen da, Katakraken, apirilaren 27ra arte. Aulkietako batzuk hilabetearen amaieran Iruñeko Tres Reyes hotelera eramango dituzte; horrez gain, gutxi batzuk Baluarte jauregian jarriko dituzte. Curro Claret diseinatzaileak aulkien oinarrian dagoen metalezko pieza bat sortu du, eta hortik abiatuta sortu dituzte aulkiak. Pieza horietan egileen sinadura ageri da. Gainera, aulki guztien atzean paper bat joanen da azalpen txiki batekin; erosleek egileen egoera eta Paris 365ekin duten harremana ezagutzea dute helburu.

Aporofobia stop hainbat tokitan taularatuko dute: martxoaren 11n, Antsoaingo antzokian; 13an, Atarrabian; 18an, Zizur Nagusian; eta apirilaren 3an, Iruñeko Baluarte jauregian. Ondotik, piezak erosteko aukera egonen da.