Camilo Sesto eta Barricada

Camilo Sesto eta Barricada

Uharteko Andre Maria Zuriaren abesbatzak kanpaina bat hasi du, abeslari gazteak taldera erakartzeko; 1980ko hamarkadako musika oinarri duen errepertorioa prestatzen ari da.

Edurne Elizondo

Abesteko, disfrutatzeko eta talde baten parte izateko gogoa duen jendearen bila gabiltza”. Uharteko Andre Mari Zuriaren abesbatzak herriko hamaika txokotan jarri duen kartelak jaso du esaldi hori. Taldea abeslari bila dabil, esku artean duen proiektu berria garatu ahal izateko: 1980ko hamarkadako musika oinarri duen errepertorioa prestatzen ari da abesbatza.

“Camilo Sestorekin hasi, eta Barricadarekin bukatu”. Uharteko abesbatzako zuzendari Jesus Mari Beltzak landu nahi duten musika motari buruz errandako hitzek garbi utzi dute taldea ez dela errepertorioaren beldur. Izan ere, bertzelakoa da abesbatzak egun duen erronka nagusia: kantatzeko tradizioa transmititzea, alegia. “Garai batean, naturalki gertatzen zen transmisio hori; orain, baina, eten bat gertatu da, eta gazteek ez dute gurekin bat egiten. Abeslarien batez besteko adina 50 urte baino gehiagokoa da”, azaldu du Beltzak.

Egoera horri buelta eman nahi diote prestatzen ari diren proiektu berriaren bidez, hain zuzen ere: herriko eta inguruko gazteak abesbatzara erakarri, taldeak aurrera egin dezan. “Berritu behar dugu, kantatzen jarraitzeko”, laburbildu du abesbatzako zuzendariak. Orain arteko bidean ere, behin baino gehiagotan egin behar izan du taldeak egokitzeko ahalegina. Maite Gorraiz kideak oroitu du abesbatzak 1972. urtean hartu zuela Andre Maria Zuria izena; taldea, baina, lehenagokoa da. “Hamar urte inguruko bidea egina zuen abesbatzak ordurako, talde misto gisa; gizonek osatutako abesbatza bat izan zen talde misto horren oinarria”.

Uharteko Andre Mari Zuria abesbatzako zuzendari Jesus Mari Beltza, entseatzen.

2010etik zuzendari

Hirurogei urte baino gehiago egin behar da atzera, beraz, egungo Uharteko abesbatzaren lehendabiziko urratsen berri izateko. Hasierako taldearekin zerikusi txikia du egungoak, halere. Jesus Mari Beltza zuzendariak 2010ean hartu zuen abesbatzaren behin betiko ardura, eta, geroztik, gai izan da taldeari bere kutsua emateko. Elizetatik eta errepertorio klasikoetatik urrundu, eta lan molde berriak probatu ditu abesbatzak azken hamarkadetan. Lan horren ondorioz, adibidez, Uharteko bertze talde batzuekin elkarlanean aritu dira abeslariak, eta antzerkiarekin eta gimnastika erritmikoarekin uztartu dute kantugintza, bertzeak bertze. “Elkarlan horrek asko eman digu talde guztioi, eta herritarrek ere harrera ona egin diote”, kontatu du Jesus Mari Beltzak.

Zuzendariak espero du orain garatzen ari diren proiektuak ere herritarren oniritzia jasoko duela. Nabarmendu du euskal kantak, zinemako soinu bandak eta kanta mexikarrak oinarri zituzten kontzertuak egin dituztela, bertzeak bertze. 1980ko hamarkadari buruzko proiektuarekin, berriz, bizpahiru urterako errepertorioa prestatu nahi dute, kontzertu ezberdinak eskaini ahal izateko. “Batetik, Madrilgo movida hartu nahi dugu oinarri; bertzetik, 80ko hamarkadako nazioarteko musikari so egin nahi diogu”, aipatu du Jesus Mari Beltzak. Zuzendaria arduratuko da kantak moldatzeaz, abesbatzak kantatu ditzan.

Bertze deus baino lehen, abeslariak behar ditu Uharteko taldeak erronka berrietan sartzeko, eta abeslari horiek erakartzeko lanean ari dira abesbatzako kideak. Ohiko zereginak ahaztu gabe, halere. Kideak asteartero elkartzen dira, Uharteko eskola zaharren egoitzan, entsegua egiteko. Kantatzen segitzeko gogoz dira, eta, batez ere, kantatzeko grina eta gogo hori belaunaldi gazteei transmititzeko irrikan.

Orain arteko bide luzeak etenik ez izatea da helburu nagusia, Uharteko herriak bere abesbatza izan dezan aurrerantzean ere. Kantatzen segitzeko, Alaska edo Camilo Sestorekin hasi, eta Barricadarekin amaituta.