“Gauza hauskor posible bat”

“Gauza hauskor posible bat”

Emausko Trapuketariek mende erdia bete dute Nafarroan; hasieran bezala, pertsonak jarduera ororen erdigunean jartzeko lan egitea dute helburu orain ere. «Sufriarazten digun errealitatea aldatu nahi dugu», laburbildu du Jose Mari Garcia arduradunak. Ekonomia ekologikoaren aitzindari izan dira.

Edurne Elizondo

Gure helburua zera da, aurrerantzean ere erran ahal izatea geure proiektua gauza hauskor posible bat dela”. Esaldi horrekin azaldu du Emausko Trapuketarien Nafarroako arduradun Jose Mari Garciak erakunde horren oinarria zein den. Trapuketariek “gizartea eraldatzeko” lan egiten dute, desio duten bertze mundu hori egia bilakatzeko. Badakite, halere, haize kontra dabiltzala gizarte kapitalista baten jokalekuan. Esperantzari ez diote ihes egiten utzi nahi, eta baikor izateko arrazoirik ere badute: mende erdia bete dute Nafarroan, 50 urte mundu hauskor baina posible baten alde lan egiten.

Trapuketariek 1972. urtean hasi zuten bide hori, non-eta gaur egun El Corte Ingles merkataritza gunea dagoen Intendentziako orubean, hain zuzen ere. “Garai hartan, Portugalgo hainbat ijito familia txaboletan bizi ziren Barañainen; haientzako etxebizitza duinak lortzeko asmoz, boluntario talde batek lehen azoka antolatu zuen militarrek utzitako gune horretan”, oroitu du Garciak. Boluntarioek, herritarrek emandako trasteak jaso, eta saldu egin zituzten, militarrek orube horretan hutsik zituzten kuartel zaharretan. Helburua zen dirua biltzea ijitoentzat etxebizitzak eraikitzeko, Iruñeko Udalak utzitako Santa Luziako gainean.

Garcia 1978. urtean ailegatu zen Nafarroara, Bilbotik. Hiri horretan ezagutu zituen Emausko Trapuketariak, eta haien bidez jaso zuen Iruñean sortutako mugimenduaren ardura hartzeko eskaera. Bilbotik Iruñera mugitu, eta erabat murgildu zen trapuketarien jardueran. “Mendillorrin Simona Enea izeneko etxea alokatu, eta trapuketarien komunitatea osatu genuen. Karrikan bizi zen jendea hartu nuen etxe horretan, eta proiektu bat garatzen hasi ginen elkarrekin”.

Iruñetik bertze herrietara

Martxan jarri zirenetik, trapuketariek ondare bilakatu dute bertzeek zabortzat daukatena. 1970eko hamarkadaren hasieran Santa Luziako etxebizitzak ordaintzeko egindako azoketan bezala, egun Iruñean, Berriozarren, Artikan, Burlatan, Lizarran eta Tuteran dituzten dendetan ere etxez etxe jasotakoa saltzen dute, beren biltegietan garbitu eta egokitu eta gero. 1990eko hamarkadaren hasieran, 50 pertsona inguruk egiten zuten lan erakunde horretan, eta 2.400 tona material jasotzen zuten urtean. Gaur egun, 290 pertsonak osatzen dute Emausko Trapuketarien Nafarroako taldea, eta urtean 12.500 tona material jasotzen dute. Helburuetan eta oinarrietan, baina, aldaketarik ez dute izan: “Justizia soziala da gure xedea, eta gizarteak bazter utzitakoekin dugu konpromisorik sendoena. Bazterketaren aurka lan egiten dugu”, erran du Garciak, eta konpromiso horren indarra hitzen bidez berretsi.

Arropa, oinetakoak, jostailuak, altzariak, etxeko tresnak… denetarik jasotzen dute trapuketariek; objektu horien bizitza luzatzea dute helburu. Jarduera horren bidez, erakundeak aurrera egiteko behar dituen baliabideak lortzen ditu. Baina ez hori bakarrik. “Gure jarduera ona da guretzat, gizartearentzat, bai eta ingurumenarentzat ere”, azaldu du Garciak. Ekonomia ekologikoaren edo ekonomia zirkularraren beharra gero eta gehiago nabarmentzen da egun, baina trapuketariek aspaldi egin zituzten lehendabiziko urratsak bide horretan. “Aitzindari izan gara”.

Emausko Trapuketarien Nafarroako arduradunak gogoratu du herrialdean trapuketariek egin zituztela, 1980ko hamarkadaren hasieran, Espainiako Estatuko zabor bilketa selektiborako lehendabiziko proiektu pilotuak, Lorea taldeko kideen laguntzarekin.

Herritarren babesa

Iruñeko Mendillorri auzoko Simona Enean jaiotako Emausko Trapuketarien komunitatea Beltzuntzera mugitu zen 1985. urtean. Iruñeko etxea txiki gelditu zitzaielako bilatu zuten beste bat. Izan ere, Emausko Trapuketarien familia hazi baino ez da egin, eta, horri esker, oinarri sendoak ditu egun herrialdeko hamaika txokotan. “Herritarren harrera beroa izan da hasieratik: pentsa, herritarren etxeetan sartzen gara eman nahi dituzten trasteen bila; harreman zuzena sortzen dugu haiekin”, kontatu du Jose Mari Garciak. Herrialdean hondakinak kudeatzen dituzten mankomunitateekin ere aritzen dira elkarlanean, eta gisako bertze talde eta proiektuen sorrera bultzatu dute, gainera.

Sareak osatzea da trapuketarien jardueraren ezaugarrietako bat, eta, oinarri horren ondorioz, erakundeak Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren Aurkako Sarean parte hartzen du, eta Nafarroako Reas Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarean.

Pobreziaren eta bazterketaren aurkako konpromisoak eraman ditu trapuketariak sare horietara, hain zuzen ere. Egunerokoan ere konpromiso hori agerian uzten ahalegintzen dira trapuketariak. “Finean, gure lanak badu asmo ideologiko bat: proiektu etiko eta politiko bat da gurea, pertsonen sufrimendua eragiten duten errealitateak aldatzea baitugu helburu”. Hori lortzeko, pertsonak jarri dituzte erdigunean, beren helburuetan, bai eta beren jardueran ere. Oinarri hori izan dute ardatz 50 urtez.

 

50 urte Nafarroan

Emausko Trapuketarien bidean, hainbat gertaera izan dira giltzarri Nafarroan:
1972. Hainbat boluntariok lehen azoka antolatu zuten, Iruñean, Santa Luziako etxeetarako dirua biltzeko.
1978. Trapuketarien komunitateak lehendabiziko egoitza lortu zuen: Simona Ene, Iruñean.
1981. Bilketa selektiborako lehen proiektu pilotua abiatu zuten, Lorea taldearen laguntzarekin. 1985. Komunitatea Beltzuntzera mugitu zen.
1995. 3.000 metro koadroko bilte- gi bat ireki zuten Saratsan.
2012. 20.000 metro koadroko zentro bat erosi zuten Berrioza- rren; moldatu eta gero ireki zuten, 2019an.

1.000

ZENBAT TONA MATERIAL BERRERABILI DUTEN EMAUSEN. 2021ean, Emausko Trapuketariek mila tona material bidali dute be- ren dendetara, saltzeko. Denera, ia 12.500 tona jaso dituzte. Bildutako produktuen artean badira arropak, oinetakoak, altzariak, pilak, etxeko gailu elektrikoak eta bertze.

20

ZENBAT PERTSONA BIZI DIREN KOMUNITATEAN. Gaur egun, hogei pertsona bizi dira Emausko Trapuketariek du- ten komunitatean. Beltzuntzen dute egoitza, 1985etik. 2002an, la- nak egin zituzten egokitzeko. Egun, etxe bioklimatiko bat da.

 

Bidelagun elkarteak Ximiko Berri bigarren eskuko denda ireki du Baztanen

Bezero bat Iruritako Ximiko Berri bigarren eskuko dendan.

“Jendearen harrera arrunt ona izan da”. Horixe nabarmendu du Bidelagun elkarteko koordinatzaile Isidro Herguedasek, Iruritan zabaldu duten Ximiko Berri dendari buruz. Bigarren eskuko denda bat da, eta joan den urritik dago martxan.

Eskualdean dituzten ontzietan jasotako materiala saltzen dute Ximiko Berrin. “Arropa, oinetakoak, altzariak, jostailuak eta bertze ematen ditugu, merke. Dendaren eta elkartearen asmo nagusia, halere, bertzelakoa da: egoera zaurgarrian direnei behar duten heldulekua eman nahi diegu, lanaren bidez”, erantsi du Herguedasek.

Bidelagun elkartea 1999. urtean sortu zuten, boluntarioen lanaren bidez zaharrak, migratzaileak eta, oro har, egoera zaurgarrian den eta laguntza behar duen edonor artatzeko asmoz; Baztanen, Urdazubin, Zugarramurdin, Malerrekan eta Bertizaranan aritzen da elkartea. 2013tik, gainera, Lagun Bide Zerbitzuak izeneko enpresa sozial eta solidarioa du, “pertsonekin eta pertsonentzat” lan egiteko asmoz.

Filosofia horrek Emausko Trapuketarien oinarriekin lotura estua du; Herguedasek garbi utzi du trapuketariak hartu dituztela eredu hasieratik, eta erakunde horretako kideen laguntza jaso dutela, gainera, orain arte egin duten bidean. “Haiei esker abiatu ginen, materiala erosteko mailegua eman baitziguten”, nabarmendu du. Harremana ez dela eten gaineratu du, eta bi erakundeak une oro prest direla elkarlanerako.

Bidelagun elkarteak diru iturri bilakatu nahi du Iruritako denda, bere proiektuak garatu ahal izateko. Elkarteak 85.000 kilo arropa jaso ohi ditu urtean, eta, sailkatu eta gero, materiala Ximiko Berrin herritar guztien esku jartzea du helburu. Jarduera horren bidez, beharra dutenentzat lanpostuak sortzea eta herritarren kontsumo ohituretan eragitea dute asmo arduradunek. “Elkarrizketak egiten ari gara jada, langileren bat kontratatu ahal izateko”, erran du Isidro Herguedasek.

Elkarlana

Nafarroako Gobernuaren laguntza lortu nahi dute bide horretan, hain zuzen. Xedea da gobernuak onar dezala elkarteak sortu nahi dituen lanpostuen izaera soziala, proiektua diruz laguntzeko. Bidelagun elkarteak badu harremana eskualdeko gizarte langileekin eta erakunde publikoekin ere.

Lana ez da falta, eta Ximiko Berri dendaren inguruan ere hasi nahi dute proiektu berriak garatzen. Jaso dituzten eta egoera onean diren produktuak salgai jartzeaz gain, jasotako material hori moldatzeko eta produktu berriak sortzeko prozesuan ere murgildu nahi dute.

Iruritan da Ximiko Berri denda, baina Bidelagun elkarteko kideek herri horretaz eta Baztanez harago ailegatu nahi dute, eta inguruko herrietako eta eskualdeetako herritarrak erakarri eta inplikatu, hain zuzen ere. Herrian, herritarrekin eta herritarrentzat lanean ari direla oroitarazi du Isidro Herguedas Bidelagun elkarteko koordinatzaileak.