«Esnatu zenean, dinosauroak hor jarraitzen zuen». Augusto Monterrosoren mikroipuin ezaguna gogoan, dinosauro frankistaren bi hanka zutik izan dira goizero urte luzez, Iruñean. Hiriaren erdigunean, Erorien Monumentua; eta, iparraldera begiratuz gero, Ezkabako mendi tontorrean, San Kristobal gotorlekua, milaka preso errepublikanoren kartzela izandakoa. Apurka, gauzak aldatzen ari dira, eta ahanzturaren dinosauro horri beste hozkada bat eman dio gaur memoriak.
Espainiako eta Nafarroako gobernuek akordio bat izenpetu zuten urtarrilean, eta gaur Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu da ebazpena: ofizialki memoria demokratikorako gune bilakatu da. Gaur goizean bertan, gotorlekuaren atarian plaka jarri dute Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren presidenteordeak eta Fernando Martinez Espainiako Memoria Demokratikorako estatu idazkariak. Elkarte memorialistetako ordezkariak izan dira ekitaldi sinboliko horretan, eta Erorien Monumentua eraisteko aldarria zuen kartel bati heldu diote ekitaldian.
Elkarteei aitortza
Ana Olloren arabera, XXI. mende hasiera honetan gotorlekuak esanahi berezia du, «askatasunaren, demokraziaren eta justizia sozialaren balioak mehatxupean dauden honetan». Ollok gogora ekarri du memoria demokratikorako gune bihurtu aurretik bide luzea egin dela, eta gizarte zibilak ekin ziola bide hari. «Txinparta elkarteak eta beste talde batzuek ekarpen handia egin dute, eta pertsona askok egindako ikerketek eta liburuek elikatu dute memoriaren mapa, plaka ezarri baino askoz ere lehenago», onartu du.
Fernando Martinez estatu idazkariak, berriz, azaldu du memoria demokratikoak «xede pedagogikoa» duela. Bere irudiko, garrantzitsua da belaunaldi berriek gotorlekuan gertatu zenaren berri izatea.
Jovino Fernandezen, ihesaldian muga zeharkatzea lortu zutenetako baten, alaba Ana Fernandezek hitz egin du ekitaldian. Ipar Euskal Herrira iristea lortu eta berriro ere aske izatea lortu bazuen ere, aita Bartzelonara joan zen, indar errepublikanoekin borroka egitera. Han ezagutu zuen Anaren ama izango zena, eta biek erbestean amaitu zuten gero. Bere gurasoen historia pertsonal horretatik abiatuta, egun Nafarroako Gobernuak egindako lana goraipatu du: «Memoriarik gabe ez da biderik egiten, eta lan handia egiten ari dira frankismoaren biktimak ahanzturan lurperatuta geratu ez daitezen».
Fernandezen hitzetan, oso garrantzitsua da gazteek ezagutzea zer gertatu zen frankismoarekin, «bai eta Frantzian Bigarren Mundu Gerran Petain jeneralaren erregimenarekin ere».
Gotorlekuaren jabe Espainiako Armada da, eta Espainiako Defentsa Ministerioak kudeatzen du. Bere ateak itxita daude egun. Bertan memoria proiektu bat garatzeko akordioa sinatuta dute bi gobernuek eta haren inguruko batzorde bat osatu dute. Lantalde tekniko bat osatu da gotorlekuaren kontserbazio egoera aztertu eta egin beharreko konponketa lanak egiteko, tokiak bisitak egin ahal izateko segurtasun baldintza egokiak izan ditzan.
Nafarroako Memoria Institutuak diseinatuko du proiektua, elkarte memorialistekin eta udalekin batera. Asmoa da gotorlekuan interpretazio zentro bat antolatzea, eta presondegi izan zenaren toki gogoangarriak biltzea bertan: botilen hilerria, ziegak, zigor ziegak, zaintzaileen tokiak, uharka…
Gotorlekuaren historia
Gaur aldizkari ofizialak dioen moduan, hirugarren gerra karlista amaitu berritan, 1878an, hasi ziren eraikitzen gotorlekua, eta 1919an amaitu zen. Balizko inbasio bati aurre egiteko helburuarekin eraiki bazen ere, amaitu zenerako defentsarako helburu hura galdu zuen. Alfontso XII. Espainiako erregearen izena hartu zuen. 36ko gerran indar frankistek presondegi bihurtu zuten, eta milaka pertsona izan zituzten bertan preso, gehienak ere errepublikanoak. Gotorlekuak 350 preso izateko tokia bazuen ere, aldi berean 3.000 izatera heldu ziren, eta jazarpen frankistaren ikur nagusietako bat bilakatu zen urte lazgarri haietan.
Gerra amaitzear zela gertatu zen bere atalik gogoangarrienetakoa. 1938ko maiatzaren 22an 795 presok ihes egin zuten Pirinioak zeharkatu nahirik, mugarantz, ahul, gose eta apenas bitartekorik gabe. Hiruk soilik lortu zuten helburua. Handik ordu gutxira giza ehiza abiatu zuten Guardia Zibilak, armadak, talde falangistek eta erreketeek. Hainbat egunetako jazarpenaren ostean, gehienak harrapatu egin zituzten, eta berrehun inguru fusilatu egin zituzten.
Ebazpenak azpimarratzen du toki horretan giza eskubideak urratu zirela, eta milaka pertsona bertan izan zituztela bere ideia politikoengatik eta sindikatuetako zein alderdietako kide izateagatik. Memoria demokratikorako gune bihurtzeak esan nahi du tokia babesteko neurriak hartu behar direla, eta bertan memoria proiektu bat garatzeko baliabideak jarriko dituela administrazioak.
2022ko estatuko aurrekontu orokorren negoziazioan hitzartu zuen EH Bilduk Pedro Sanchezen gobernuarekin San Kristobal gotorlekua eta Donostiako La Cumbre jauregia memoria gune bilakatzea. Urratsak egin dira norabide horretan azken hilabeteetan.
