Poesia, gorputza, autoritatea

Poesia, gorputza, autoritatea

Itziar Ugarte, Iosune de Goñi eta Oihana Arana idazleak literaturaz mintzatu dira Kalakak egitasmoak Iruñeko Laba gunean egindako lehendabiziko saioan.

Edurne Elizondo

Erreferentziez aritu dira, idazteko moduez eta tokiez, autozentsuraz eta askatasunaz; bai eta iruzurtiaren sindromeaz eta autoritateaz ere. Kalakak egitasmoaren lehendabiziko saioan parte hartu dute Itziar Ugarte (Oñati, Gipuzkoa, 1995), Iosune de Goñi (Burlata, 1993) eta Oihana Arana (Eskoriatza, Gipuzkoa, 2001) idazleek, Iruñeko Laba gunean, eta literaturaz eta poesiaz mintzatu dira, Irati Iturritza aurkezleak egindako galderei erantzunez.

Iturritzak hiru idazleen liburu bana jarri du erdigunean, literatura solasaldia abiatzeko: Itziar Ugarteren Gu gabe ere (Susa, 2021), Iosune de Goñiren Gorputz baten aztarnak elurretan (Pasaiako Udala, 2022) eta Oihana Aranaren Lazunak azkazaletan (Susa, 2021). Lan horiek oinarri hartuta, erreferentzien gaiari buruzko hausnarketa eskatu die Iturritzak egileei, eta hirurek nabarmendu dute deus ez dela hutsetik sortzen. Gaiari buruzko ñabardurak utzi dituzte agerian, halere. De Goñiren poemetan, adibidez, erreferentzien indarra

Iosune de Goñi idazle eta argazkilaria. Iñigo Uriz / Foku

nabarmena da, Jacqueline Winter Tomas (1991-2019) idazleari eskainitako lan bat baita. “Elkarrizketa moduko bat sortzen da bion artean. Niri asko gustatzen zait beste pertsonen ahotsak sartzea nire testuetan”, azaldu du De Goñik.

Aranak eta Ugartek, berriz, hutsetik ezin dela sortu nabarmendu arren, ez dute erreferentzien auzia ariketa kontziente gisa hartzen. “Modu esplizitu batean ez egin arren, oinarrizkoa da genealogia hori existitzen dela jakitea”, aipatu du Aranak. Bat egin du Ugartek, baina lehenetsi egin nahi izan du “nork bere ahotsa topatzeko” bidea: “Sinesten dut nire ahotsean badaudela beste ahots askoren oihartzunak, baina saiatu naiz nirea topatzen, aurrera egiteko”, kontatu du.

Elkarren irakurle

Elkarren erreferentzia izateko aukeraz ere aritu dira Ugarte, De Goñi eta Arana, eta autoritatearen auziarekin lotu dute, hain zuzen. “Ines Osinagak elkarrizketa batean esan berri du autoritatea elkarri ematen diogun zerbait dela; guk ez badugu elkar irakurtzen eta ez badiogu elkarri autoritatea ematen, inork ez du egingo”.

Elkarri autoritatea emateko eta elkar babesteko behar horrekin bat egin dute Ugartek eta De Goñik ere; De Goñik, gainera, sorkuntza kolektiboarekin uztartu du gaia, eta elkarrekin idazteko eta sortzeko prozesuak aldarrikatu ditu, bai eta poesiaren esparruan ere.

Elkarrekin sortu, eta elkarren ahots izan. Nondik idazten duten galdetu die Iturritzak hiru egileei, eta De Goñiren erantzunak kolektiboarekin lotu du bere ahotsa: “Gaixotasunari buruz idazten dut askotan, eta gaixotasunetik idazten dut; hori egiten dudanean, baina, sentitzen dut gaixo kronikoen eta pertsona ezgaituen kolektibotik idazten dudala, ahotsa ematen diedala ni bezalako pertsonei”.

Itziar Ugarte kazetari eta idazlea. Iñigo Uriz / Foku

“Gorputzetik” idazten duela erran du Ugartek, “gorputz baldintzatu batetik”; hau da, “azal kolore, adin eta marka jakin batzuk dituen gorputzetik”. Aranak ere gorputza du idazteko toki, “gorputza izateko eta egoteko espazio baten moduan hartuta”. Bertze hausnarketa bat erantsi du: “Ohartu naiz batzuetan, nire kasuan enkargu bat jasotzen dudanean bereziki, ez ote dugun idazten irakurtzen gaituzten lekutik”.

Irakurlearen begirada

Irakurleen begiradari buruz ere mintzatu dira hiru idazleak Laban, eta garbi erran dute egileak ez duela zertan sartu irakurleak egiten dituen interpretazioetan, behin poema idatzita ez dagokiola egileari irakurketa zuzentzea, alegia. Irakurle hori buruan dute, halere, idazteko prozesuan, neurri batean. De Goñik eta Ugartek onartu dute, adibidez, “askeago” direla egunerokoak idazten dituztenean. “Besteek irakurri behar dutenean, beti badira filtroak”, erantsi du De Goñik.

Irakurleari ematen diotenari buruz, poesian fikzioak tokirik ote duen galdetu du Iturritzak; baietz erantzun dute Aranak eta De Goñik. Azken horrek, adibidez, erran du zenbait lan autobiografiko egin dituela, baina metaforen atzean ezkutatzen dituela, askotan, bere bizipenak. Aranak gaineratu du zaila dela askotan fikzioaren eta fikzio ez denaren arteko muga zehaztea. “Egiazkoak ez diren gauzak sortzen ditugu, eta egia esaten dugu beste batzuetan. Egia noiz esaten dugun asmatzea dibertigarria da”.

Oihana Arana bertsolari eta idazlea. Iñigo Uriz / Foku

Irakurleen onespenaz ere aritu dira hiru egileak; hirurek onartu dute iruzurtiaren sindromeak eragin diela. De Goñik nabarmendu du “asko” eskatzen diola bere buruari; Aranak azaldu du ingurukoen artean bilatzen duela behar duen autoritatea. Ugartek, berriz, onartu du “poztu” duela pertsona jakin batzuen onespena jasotzeak.

Poesiaren oraina dira Ugarte, De Goñi eta Arana; bai eta geroa ere. Diziplina gehiagotan ari dira, eta elkar elikatzen dutela onartu dute, neurri batean. De Goñiren kasuan, gero eta lotuago daude bere testuak eta argazkiak; Aranaren bertsoek kutsu poetikoa dute, eta Ugartek, berriz, kazetaritza erabiltzen du idazteko tresnak zorrozteko —BERRIAn ari da—. Laban, entzuleek eman diete autoritatea hirurei.