Cocemfeko kideek Berdinna saria jaso dute, hamasei urteko lanagatik

Cocemfeko kideek Berdinna saria jaso dute, hamasei urteko lanagatik

Nafarroako Gobernuak eman die. Maria Txibite lehendakariak eskertu egin dizkie berdintasunaren alde eginiko urratsak.

E. Elizondo

Nafarroako Gobernuak Berdinna sariaren bidez eskertu eta nabarmendu nahi izan du Cocemfe elbarritasun fisikoa eta organikoa dutenen elkarteen federazioak berdintasunaren alde egindako lana. 2006tik ari da erakunde hori Nafarroan, eta, urteotan guztietan, erdigunean jarri ditu desgaitasunen bat duten emakumeak. Ahalegin horri balioa eman nahi izan dio Nafarroako Gobernuak, Berdinna sariarekin. Martxoaren 8an jaso zuten erakundeko kideek, Iruñean, Nafarroako Jauregian egindako ekitaldi batean.

Emakume elbarrien kontrako indarkeria matxistaren aurka egindako lana bereziki aipatu du Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek, saria Cocemfeko presidente Cristina Mondragini eman aurreko solasaldian, hain zuzen ere. “Talde lanari egindako aitortza bat da” Berdinna saria, Mondragonen hitzetan, eta garbi erran du “indarkeriaren eta bazterketaren aurkako borroka gaurko kontu bat” dela.

Cocemfek herrialdeko zenbait herritan egiten du lan, emakumeak ahalduntzeko tailerren bidez, bertzeak bertze. 45 langile ditu erakunde horrek egun. Profesionalok Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin elkarlanean aritzen dira, indarkeria sufritu duten emakumeak artatzeko programetan.

“Bazterketa sistematikoa”

Cocemfe ez da emakumeen kontrako indarkeriaren aurka ari den erakunde bakarra elbarritasunaren esparruan; Cermin desgaitasuna dutenen Nafarroako elkarte ordezkarien batzordeko kideak ere karrikara atera dira, martxoaren 8an, “elbarritasuna duten neska eta emakumeen bazterketa sistematikoa” salatzeko.

Cermin batzordeak agerian utzi du indarkeria sufritu duten emakumeak artatzeko zerbitzu publikoak ez direla irisgarriak desgaitasunen bat duten emakumeentzat. “Ez gaituzte kontuan hartzen gisa horretako zerbitzuak antolatzen dituztenean”.

Cermin batzordeak garbi du berdintasuna lortzeko bidea “luzea” dela, oraindik ere. Cocemfen ere lanean segitzeko prest dira. Nafarroako Gobernuak Berdinna saria eman izana urrats bat da, baina badakite bertze pauso anitz eman behar direla.