Nafarroako Auzitegi Nagusiak absoluzioa eman dio emazteari sexu erasoa egiteagatik lau urteko kartzela zigorrera kondenaturiko gizon bati

Nafarroako Auzitegi Nagusiak absoluzioa eman dio emazteari sexu erasoa egiteagatik lau urteko kartzela zigorrera kondenaturiko gizon bati

Uztailean, Nafarroako Probintzia Auzitegiko 2. Atalak lau urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion gizon bati, emaztearen aurkako sexu erasoengatik. Nafarroak Auzitegi Nagusia, ordea, ez da bat etorri, eta, gaur jakitera eman duenez, errugabetzat jo du gizona, sexu eraso delituari dagokionez, bederen. Probintzia auzitegiak tratu txarrengatik eta mehatxuengatik ezarritako zigorrak, izan ere, bere horretan utzi ditu Auzitegi Nagusiak; bost hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten kargu bakoitzagatik. Hortaz, hasiera batean lau urte eta erdiko kartzela zigorra zena hamar hilabetera murriztu dio auzitegiak akusatuari.

Akusatua eta biktima 2007tik ziren bikote, eta 2016tik egon ziren ezkonduta, 2023an dibortziatu ziren arte. Harremaneko azken urteetan, bi auzitegiek frogatutzat jo dutenez, bien arteko eztabaidak ohikoak ziren, bai Iruñerriko haien etxean, zein etxetik kanpo. Eztabaida horietan, gizonak emaztea «astindu eta bultzatzen» zuen, eta haren aurkako «irainak» erabiltzen zituen, hala nola, «astakirtena, ergela, ama txarra». Gertaera horiengatik ezarri zion Probintzia Auzitegiak hamar hilabeteko kartzela zigorra —bost hilabete tratu txarrengatik, eta beste bost mehatxuengatik—, eta zigor hori mantendu dio orain Auzitegi Nagusiak.

Hiztegiko definizioa

Bi auzitegien arteko ezadostasuna, ordea, sexu erasoagatiko kargua epaitzerako orduan sortu da. Probintzia Auzitegiaren sententziak frogatutzat jotzen zuenez, akusatuak «nagusitasunarekin» jokatzen zuen sexu harremanetan, eta emazteak haren eskaerei batzuetan ezetz esaten zienean, «ekin eta ekin setatzen zen bere eskaerekin, emazteak onartzen zuen arte». Lehen auzitegi horrentzat, gertakari horiek nahikoa ziren gizonari «sexu eraso jarraitua» leporatzeko, eta horregatik lau urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten. 

Akusazioa eta defentsa ez ziren erabaki horrekin bat etorri, eta biek helegitea aurkeztu zuten. Akusazioak ezarritako zigorra gogorragoa izatea eskatu zuen, eta defentsak, berriz, absoluzioa. Bigarrenari arrazoia eman dio Auzitegi Nagusiak, «ez baita frogatutzat jo akusatuak biktimaren borondate irmoaren aurka harekin sexu harremanik izan zuenik». Baieztapen hori egiteko, hiztegira jotzen du auzitegiak; izan ere, argudiatu du Probintzia Auzitegiak frogatutzat emandako gertaeretan ezin dela «adostasun faltarik» ikusi, gazteleraz onartu aditzak hiztegian duen lehen adiera «norbaitek eskatzen edo nahi duenarekin bat etortzea» delako. 

Hori dela eta, Auzitegi Nagusiak frogatutzat jo du biktimarekiko jokabide «laidogarriak» egon zirela, baina deitoratu du sexu eraso karguari dagokionez ez dela «froga nahikorik» bildu. «Epaiketan biktimak bikotekidearekin zuen elkarbizitzari buruzko deskribapen erdiragarria sinesgarria da, baina kontakizun horretan ez da sexu erasoengatiko zigorra justifikatuko luketen sexu erasoen jazoera konkreturik ageri». Sexu erasoen delituaz absolbitzeaz gain, Auzitegi Nagusiak ezarritako kalte ordaina ere «dagokion proportzioan» murriztu du: 10.000 eurokoa zen hasiera batean, eta 8.000ra jaitsi du auzitegiak. Nafarroako Auzitegi Nagusiaren erabakiari helegitea aurkez dakioko Espainiako Auzitegi Gorenaren aurrean.