Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuak antolatu du programa, bigarrenez, herrialdeko musikariak sustatzeko. Hamalau talde ariko dira, udaberrian eta udazkenean.
Edurne Elizondo
Martxan da: Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuak segida eman dio Bira Nafarroan Barna programari —iaz egin zen lehenbizikoz—, eta bigarrenez antolatu du herrialdeko musikarien lana herriz herri eramateko egitasmo hori. Atzo egin zuten lehendabiziko kontzertua, Vianan. Katanga Dub taldeko kideak igo ziren oholtzara. Urriaren 7an, berriz, San Adrianen izanen dira. Hamalau talde ariko dira aurtengo biran, udaberrian eta udazkenean, Nafarroako 26 herritan.
Pandemiaren jokalekuan sortutako proiektu bat da Bira Nafarroan Barna. Herrrialdeko gobernuak musikaren esparrua sustatzeko zenbait egitasmo abiarazi ditu azken hilabeteotan, eta horietako bat izan da Navarralivemusic.com ataria. Atari horren bidez, Nafarroako musikarien, taldeen eta musikaren industriarekin lotutako eragileen atlas moduko bat osatu du gobernuak.
Gorabidean diren taldeak
Atari horretan izena eman dutenen artean, gorabidean diren artistak eta taldeak aukeratu ditu Kultura Departamentuak, Bira Nafarroan Barna antolatzeko. Kontzertuak hartzeko interesa agertu duten toki entitateekin harremanetan jarri, eta aurtengo aldiko egitaraua osatu dute.
Udaberriko saioak atzo hasi ziren, eta maiatzaren 28ra bitarte eginen dituzte; udazkenekoak, berriz, irailaren 17tik azaroaren 12ra bitarte izanen dira. Katanga Dub taldearekin batera, Jolis Muñoz, Jo & Swissknife, Xtasy, Lilo, Gussy, La Furia, Fria Jane, The Lio, Pilgrim’s, Timbakada, Estitxu, Edu Errea Band, Bastardix, Bourvon Kings eta ExNovios izanen dira oholtza gainean, herrialdeko 26 herritan.
“Mugimendu handiko garai batean” ailegatu zaio Katanga Dub taldeari Bira Nafarroan Barna programan aritzeko aukera. Otsailaren 22an, Mariposa Negra laneko Ya te veo lehen kantaren bideoklipa estreinatu zuen taldeak; joan den ostiralean, berriz, Joxe Ripiauren Lo kantaren bertsio bat zabaldu zuen. “Euskaraz abesten dudan lehen aldia da”, azaldu du Katanga Dub taldeko abeslari Zarys Falconek —kolonbiarra da, El Carmen de Bolivar herrikoa—. Kultura Departamentuaren bultzada eskertu du, eta “pizgarritzat”jo du Bira Nafarroan Barna programa.
Pandemiaren eragina ederki sumatu dute Katanga Dubeko kideek. “Azken bi urteak eman ditugu gure lehen diskoa kaleratu nahian, eta oraindik ez dugu lortu. Orain eginen dugu, azkenean, pandemiarekin edo gabe!”, dio Falconek. Maiatzaren erdialderako, hain zuzen, euskarri digitalean zabalduko dute taldekideek Mariposa Negra, bederatzi kantak osatutako diskoa. “Ekainean, berriz, jendaurreko aurkezpen bat eginen dugu”. Emakume migratzailea da Zarys Falcon, eta begirada horrek badu isla, noski, diskoan. Halere, “hango eta hemengo erresistentzien arteko sareak” sortu dituzte, nabarmendu duenez. “Diskoa, finean, hemen sortu den landaretxo bat da”.
Estitxu Pinatxo, urrian
Estitxu Pinatxo abeslari beratarra udazkeneko saioetan ariko da Bira Nafarroan Barna programan: urriaren 21ean, Lizarran, eta azaroaren 5ean, Arangurenen. Pinatxok Haize gorri batek diskoa kaleratu zuen 2019an; iaz; berriz, Isilik daude harriak.
Falconek bezala, Pinatxok “ontzat” jo du Nafarroako Gobernuaren bultzada: “Programak mesede handia egiten digu, bertzela zaila baitugu Iruñetik hegoalderako herri anitzetara ailegatzea”, nabarmendu du.
Pinatxok erantsi du birak musikarien arteko sarea ehuntzeko balio dezakeela. “Elkar ezagutzeko eta elkarren berri izateko aukera ematen digu”. Beratarra izanik, “hurbiltasunagatik” Gipuzkoara jotzeko joera duela onartu du, baina garbi erran du Nafarroan askotarikoa dela musikaren esparrua, “hagitz aberatsa”.
Abeslari beratarrak azaldu du pandemiak eragin nabarmena izan duela, eta lagungarria dela administrazioaren babesa. Badu kritikarik, halere: “2020an, dena gelditu zen bertan behera, bat-batean, eta, 2021ean, berriz, korrika eta presaka egin ziren gauza anitz; arrapaladan, neurri handi batean”. Aurten, Nafarroako Gobernua “hobeki” ari da, Pinatxoren ustez, eta eskertu du. Abeslariak udazkenean parte hartuko du Bira Nafarroan Barna programan; ordura arte ez da isilik izanen, halere.