Asier Biurrun: “Bagoaz, plaza hartzeko ordua baita”

Ostegunean abiatuko da Korrika, Amurriotik, eta apirilaren 10ean iritsiko da Donostiara. Korrikaren Nafarroako koordinatzaile Asier Biurrunek dio Nafarroan dena «ia prest» dutela karrikak berriz hartzeko euskararen alde.

Edurne Elizondo

AEKren Iruñeko Iruñezar euskaltegiko mahai baten atzetik erantzuten ditu Asier Biurrunek Korrikaren inguruko azken egunotako deiak. Nafarroako koordinatzaileak atzean utzi nahi du pandemiak eragindako kezka, eta garbi du herritarrak ere karrikara ateratzeko eta euskararen aldeko komunitatea martxan jartzeko irrikan direla. Nafarroako Gobernuari erran nahi dio “euskararen alde ekiteko ordua” dela.

Dena prest Korrika hasteko?

Dena ez, beti badelako azken momentuko zerbait egiteko, baina dena dugu bidean, dena dago ia prest. Espero dugu jendea ere korrika egiteko prest egonen dela.

Sumatu duzue gogo berezirik herritarren artean?

Bai; jendea etorri zaigu erratera sekulako gogoa duela aurtengo Korrikarako. Korrika aldarrikatzeko dago, batetik; euskararen ofizialtasuna eskatzea eta euskaltegiei eusteko dirua biltzea du helburu. Bertzetik, bere alde erromantikoa ere badu: besta bat da, elkartzeko eta komunitate bat osatzeko aukera ematen du, eta horren beharra dagoela uste dut.

Pandemiaren gorabeherek kezkarik eragin al dizuete azken hilabeteotan?

Bai. Pandemiak izan zezakeen eraginaren mamua gainean izan dugu. Ziurgabetasun horren zama sumatu dugu. Horrek baldintzatu du gure lana, finean; bai eta gure gogoa ere. Korrika antolatu eta alternatibak bilatu behar izan ditugu, aldi berean. Jende askok beldurra izanen ote zuen ere pentsatu izan dugu. Zaila da gaur egun zer gertatuko den asmatzea, baina uste dut jendearen ilusioa lagun izanen dugula.

Pandemiagatik atzeratu, eta pandemian eginen duzue.

Asko eztabaidatu genuen atzeratzeko erabakia hartzeko. Oraingo egoera bestelakoa da, eta bagoaz, plaza hartzeko ordua baita.

Plaza hartzeko trabak badira, oraindik ere, Nafarroan.

Bai, eta zaila da, askotan, halako giro batean aritzea. Halere, oztopoen gainetik, Korrikak zonifikazioa gainditu egiten du; Korrika badator, eta berdin du aurrean zer duen; bere bidea eginen du. Baina egia da oztopoek hor segitzen dutela, euskarafobiak hor segitzen duela; hor dago haur eskolen egoera, hor dago merituen dekretu berria. Guk hori gainditu eta aurrera jarraitu besterik ezin dugu egin. Hori da Korrikaren asmoa.

Hitzekin leloarekin, ekiteko garaia dela aldarrikatu nahi duzue?

Bai. Hitzez harago, ekiteko garaia da. Nafarroako Gobernuaren dekretua ez da, inondik inora, guk nahi dugun ekiteko modua. Kontrakoa da, hain justu. Euskararen alde egoteko bainoago, euskararen alde egiteko ordua dela uste dugu, eta hori erranen diegu herritarrei, Nafarroako Gobernuari, Iruñeko Udalari, bai eta Eguesibarkoari ere.

Erraldoien konpartsa Korrikan ateratzeko baimena ukatu du Eguesibarko Udalak. Burlatakoak, berriz, ez du diruz lagundu. Zer erakusten dute horrelakoek?

Kasketa bat dira; oztopatu egin nahi dute Korrika, eta hori egitea besterik ez zaie bururatzen. Burlatako Udalak urtetan erosi du kilometro bat, eta uste dut herritarren gehiengoak erostea nahi zuela aurten ere; gurekin harremanetan jarri dira batzuk, eta horixe azaldu digute. Agerian gelditu da euskararen inguruan duten jarrera. Hemengo hizkuntza aitortzeko ere arazoak dituzte batzuek, halako erabakiek agerian uzten dutenez.

Bertzalde, Cortesko adierazpenaren gisako egitasmoak sortu dira. Garrantzitsuak dira halakoak eremu ez-euskaldunean?

Bai; komunitatea ari da ekiten euskararen alde. Euskaraz bizi nahi dutela erraten ari dira. Irulegiko Euskara Taldea ere ari da lanean; Sesman ere proiektu bat sortu dute. Herria ari da tira egiten, eta gobernuak bertze alde batera begiratzen du. Gobernu aurrerakoia dela erraten dute, baina euskararen auzian, behintzat, gutxienekoa betetzea ere, nekez.

Korrika izanen da aukera bat Nafarroako Gobernuaren politika linguistikoari erantzun bat emateko?

Bai. Gobernuaren jarrerak ekarriko du, gure ustez, jendea gogo gehiagoz ateratzea kalera. Korrikak badu mobilizaziorako gaitasun handia, eta Korrikarekin bat eginen dutenek euskararen alde eginen dute bat, argi eta garbi.

 

Hamazazpi euskaltegi eta 1.100 ikasle herriald

E. E.

Aurkene Isasi, AEK-ko didaktika arduraduna. Iñigo Uriz / Foku

Korrikarako gogoa nabarmena da AEK-ko ikasleen artean; are gehiago, Iruñeko Alde Zaharreko egoitzan. Euskaltegiak Nafarroan dituen hamazazpi zentroen artean nagusia da Errekoleten karrikako hori, eta, han, prest dituzte herrialdeko kilometroak markatzeko kartelak, bai eta korrikalarientzako petoak ere. Atzerako kontua egiteko kartoizko markagailua ere badute, eta, haren arabera, Korrika hasteko sei egun bertzerik ez dira falta. Euskararen aldeko lasterketak lortu du pandemia gainditzea; eta AEK-ko ikasleek ere bai. 1.100 pertsona ari dira aurtengo ikasturtean euskara ikasten.

Espainiako Gobernuak pandemia dela-eta 2020ko martxoan ezarritako alarma egoerak bertan behera utzi zuen Iruñezar euskaltegiko ikasleen asteburuko barnetegia. Berriki egin ahal izan dute, azkenean. “Jendea gogoz zen, eta askok eman zuten izena. Sumatu dugu behar zuten motibazioa eman diela barnetegira joan ahal izateak”, erran du AEK-ko didaktika arduradun Aurkene Isasik.

Bilatu eta asmatu

Ohiko jarduerak berriz egin ahal izateak eman die AEK-ko ikasle eta irakasleei pandemiari aurre egiteko indarra. Hasiera ez zela erraza izan gogoratu du Isasik, halere. “Egun batetik bestera, etxean gelditu behar izan genuen. Nik uste nuen hamabost eguneko kontua izanen zela”. Ikasturtea ez galtzeko baliabideak bilatu, eta online lortu zuten aurrera egitea. “Dinamika eta lan egiteko modu berriak bilatu eta asmatu behar izan genituen”. Eskertu zuten gelara itzuli ahal izatea, maskara jantzita izan arren.

1.100 ikaslerekin, “pandemiaren aurreko kopurutan” direla erran du Aurkene Isasik, eta sumatzen dutela euskara ikasteko “gogoa” herritarren artean. Nafarroako Gobernuaren babesa, baina, oraindik ez da beharko lukeena. “UPNren garaitik egoera aldatu da, baina oraindik bada zer hobetu”. Ikasleentzako doakotasuna da AEK-ko kideek helburu dutena, eta, horrekin batera, irakasleen baldintzak hobetzea. Horretarako, euskaltegien lanak behar du erakunde publikoen aitortza, eta babes sendoa. “Oraindik ez dugun finantzaketa marko orokor bat behar dugu”, aldarrikatu du Isasik.