Sabicasen gitarra, ijito herriaren aldeko ikur

Sabicasen gitarra, ijito herriaren aldeko ikur

Iruñeko Udalak Agustin Castellon Campos ‘Sabicas’ musikari iruindarraren omenezko eskultura bat inauguratu du. Ijitoen kulturari aitortza egin nahi dio obrak; Carlos Ziriza eskultorea da egilea.

Edurne Elizondo

Iruñeko Udalak Agustin Castellon Campos Sabicas musikariaren omenezko eskultura bat inauguratu du hilaren 16an, hiriko hegoaldean; zehazki, Zaragoza etorbideko biribilgune batean. Carlos Ziriza artista da obraren egilea. Zortzi metro luze eta bederatzi zabal da: “Sabicasen gitarra deseraiki dut nire lanean, bat baitziren artista eta haren musika tresna; ia derrigorrezkoa iruditu zait gitarra bat egitea”, azaldu du eskultoreak.

Carlos Ziriza eskultorea Sabicasen omenezko eskultura prestatzen. Cristina Nuñez Bakedano.

Iruñeko Udalak nabarmendu du Zirizak egindako lanaren bidez Sabicas eta ijito herria omendu nahi izan dituztela. “Ijito herriaren kulturak duen balioa oroitu nahi dugu”, erran dute udaleko arduradunek.

“Ijitook ez dugu horrelako aitortzak jasotzeko ohiturarik. Eskultura hau jarri izana hagitz inportantea da guretzat, eta gauzak aldatzen ari direla erakusten digu”. Nafarroako ijitoen elkarteen Gaz Kalo federazioko arduradun Ricardo Hernandezenak dira hitzak. Eskertu egin du eskulturaren inaugurazioan Iruñeko Udaleko talde guztiek parte hartu izana, eta garbi erran du Zirizak egindako obraz harago inportanteena dela urratsak egitea Sabicasen lana eta oro har ijitoen kultura zabaltzeko.

Hernandezek gogoratu du 2012. urtean ospatu zutela Sabicasen jaiotzaren ehungarren urteurrena; 2014an, berriz, Flamenco on Fire jaialdia antolatu zuen Nafarroako Gobernuak, lehenengo aldiz; urte berean, gainera, Iruñeko Alde Zaharreko Carmen karrikan Sabicas Etxea inauguratu zuten. Hamar urte pasatu dira Sabicasen jaiotzaren ehungarren urteurrena ospatu zutenetik. “Mantso joan da, beraz, Sabicasen omenezko eskultura lortzeko prozesua”, kritikatu du Hernandezek.

Iruñetik New Yorkera

Sabicas Iruñean jaio zen, 1912. urtean, Iruñeko Mañueta karrikako zazpigarren zenbakian. Gitarra jotzen bere kabuz ikasi zuen, eta 7 urte bertzerik ez zuela egin zuen debuta jendaurrean. Handik hiru urtera, Madrilera joan zen, eta han hasi zuen Espainiako Estatu osoan egin zuen ibilbide arrakastatsu bat. 1936an, Ameriketako Estatu Batuetara egin zuen salto, Carmen Amayarekin, eta han bizi izan zen, 1990ean New Yorken hil zen arte.

Sabicasen omenezko Carlos Zirizaren eskultura. Jesus M. Garzaron.

“Flamenkoaren esparruan, Sabicas izan da artista onenetako bat; gitarra jotzaile aparta izan zen, eta mundu zabalean ezagutarazi zuen gure kultura”, nabarmendu du Ricardo Hernandezek. New Yorken, hain zuzen, sorterrian baino lehenago egin zioten aitortza musikariari.

New Yorkeko Carnegie Hall aretoan egin zuen Sabicasek bere azken kontzertua, hil baino urtebete lehenago. Emanaldi horrek sekulako arrakasta izan zuen, eta musikariak hedabideen aurrean agertu behar izan zuen, kontzertua hasi baino 45 minutu lehenago. Paco de Lucia gitarra jotzailearekin eta Enrique Morente abeslariarekin aritu zen.

“Lehen mailako artista bat izan zen”, berretsi du Hernandezek. Horregatik, “funtsezkotzat” jo du Sabicasek egindako urratsen berri emateko lanean segitzea. “Ijitoon kultura erdigunean jarri zuen; gure betebeharra da Sabicasen ekarpenari duen balioa ematea. Sabicas Etxeak gune bizi bat izan behar du”, erantsi du Gaz Kaloko arduradunak. Zirizak egindako lanaren bidez, Sabicasek gitarra jotzen jarraituko du, hiriko biribilgune batean.