Negu idorrak eraginen du gramineo gutxiago loratzea. Nafarren %10ek alergia diote lore hautsari; Iruñeko Udalak abian jarri du polenaren berri emateko bere alerta zerbitzua.
Edurne Elizondo
Udaberria alergia garaia da herritar anitzentzat. Errinitisak jotzen ditu polenaren eraginez; sintoma larriagoak ere ekar ditzake, asma agertzen denean, hain zuzen. Aurten, halere, udaberria “arina” izanen da Nafarroan alergia dutenentzat, adituek iragarri dutenez. Negu idorra izan daiteke udaberri arin horretarako gakoa. “Euri gutxi egin duenez, gramineo gutxiago loratuko da, eta polinizazioak ere behera eginen du”, azaldu du Espainiako Alergologia eta Immunologia Klinikoko Elkarteko presidente Angel Moralek, Nafarroako egoerari buruz.
Euriak eragin ezberdina izan dezake polenean. Epe laburrera, euriak busti egiten du atmosferan egon daitekeen polena, eta, ondorioz, pisuak gora egin eta lore hautsa lurrean gelditzen da. Epe luzera, ordea, neguko euriak ekartzen du landareak haztea, bereziki gramineoak; landare gehiagorekin, beraz, polen kantitateak ere gora egiten du, eta lore hauts gehiago izan daiteke
udaberri partean atmosferan.
Herrialdean, %10 inguruk alergia diote polenari, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren arabera. Lastodunen polenak eragiten du alergiko gehien. Errinitisak jotzen ditu gehienak. Begietan eta sudurrean azkura eragiten du gaitz horrek, bai eta betazalak handitzea eta negar jarioa izatea ere, bertzek bertze.
Hiru multzo nagusi
Alergiak gorputzaren erantzun desegoki bat dira, ustez kaltegarria ez den substantzia batek eragiten baitio gorputzari; hori gertatzen da sistema immunologikoa gaizki egina dagoenean, modu sinple batean erranda. Sistema immunologikoaren erantzun oker horren atzean genetika dago, batetik; eta, bertzetik, berriz, ingurunea.
Alergiak hiru multzo handitan banatzen dira, eta arnasa hartzeko sistemari eragiten diotenen artean dago polenak eragindakoa. Ez da bakarra multzo horretan, hautsak, onddoek eta animalien azalean dauden proteinek ere eragiten baitute alergia, eta, ondorioz, arnasarekin lotutako gaitzak: errinitisa edo asma, edo biak batera ager daitezke, hain zuzen ere.
Bertzetik, erleak eta liztorrak hartzen dituen multzoa dago. Alergia dien pertsonaren azalean sor daitezke sintomak erle edo liztor batek ziztatuz gero, edo erreakzio sistemiko bat; anafilaxia, alegia. Hirugarren multzoan daude elikagaiak. Antzekoak dira elikagaiek sortutako alergien sintomak: azalean suma daitezke, edo anafilaxia eragin, zenbaitetan.
Kasu guztietan, alergia dutenentzat garrantzitsua da gaitza eragiten dien substantziaren inguruko informazioa izatea, alergiaren sintomei aurre egiteko. Polenari dagokionez, Iruñeko Udalak 2010etik ematen du informazioa, doan, eta SMS edo mezu elektroniko bidez. Martxoaren 7an jarri zuen aurtengo zerbitzua martxan, eta datorren ekainaren 27ra bitarte astero emanen die erabiltzaileei polen mailaren berri.
Iruñeko Udalak Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarekin elkarlanean eskaintzen du bere alerta zerbitzua, institutu horretako adituek neurtzen baitute polen aleen zer kontzentrazio dagoen aire metro kubo bakoitzeko. Informazio hori jaso eta zabaltzen du gero Iruñeko Udalak erabiltzaileen artean.
Iruñean alergia eragin dezaketen zenbait zuhaitz espezie dago: haltzak, altzifreak, urkiak, zumarrak eta lizarrak, bertzeak bertze. Udalaren webgunean zuhaitz horien kokapenari buruzko informazioa ere bada: Pamplona.es helbidean ikus daiteke.
Iazko udaberrian 23.700 SMS eta 2.500 mezu elektroniko baino gehiago bidali zituen Iruñeko Udalak. Ekainera bitarte, martxan da aurtengo zerbitzua.