Silvia Garcia Hernandez: “Triste eta errudun sentitu naiz, insomnioak eta antsietateak jota”

Silvia Garcia Hernandez: “Triste eta errudun sentitu naiz, insomnioak eta antsietateak jota”

Mutiloako zahar etxeko erizaina da Silvia Garcia Hernandez; hemezortzi urte daramatza han lanean, eta harreman estua du egoiliarrekin. Pandemiak eragindako beldurrak, ardurak eta kezkak arrastoa utzi diote.

E. Elizondo

“Gaizki pasatu dugu”. Pandemiak utzitako arrastoa sumatzen zaio ahotsean Silvia Garcia Hernandez Mutiloako zahar etxeko erizainari (Iruñea, 1979). Badaki koronabirusak eragindako osasun krisia oraindik ez dela bukatu, baina kontent da ohiko martxara itzuli ahal izan dutelako. Itzal batek iluntzen du erizainaren poza, halere: errudun sentsazioak eragiten dion zamarena.

Harritu zaituzte NUPek egindako ikerketaren datuek?

Ez, ez naute batere harritu datuek. Guk pertsonekin egiten dugu lan, eta pandemia piztu zen une beretik sumatu dugu egoeraren presioa. Ardura handia izan dugu. Gure lana ahalik eta ongien egiten saiatu gara, egoera ezezagun baten erdian ginela ahaztu gabe; baliabideak ere urriak izan dira une anitzetan. Halere, beti saiatu gara gure onena ematen, eta gogorra izan da gizartearen kritikak jasotzea, zenbait momentutan.

Zahar etxeetako egoera agerian gelditu da pandemian; familiak kexatu dira. Horretaz ari zara?

Bai. Egia da egoerak hobera egin behar duela; nik itunpeko egoitza batean egiten dut lan, eta ezin dugu ahaztu gisako zentroak negozio bat direla. Horrek badu eragina. Langileok gara aldaketak eskatu dituzten lehenak. Karrikara atera gara, baina inork ez du gure alde egiten.

Zer izan da gogorrena urteotan?

Gogorrena izan da errudun sentitu garela. Tristura handia eragin digu egoerak, eta, tristura horren erdian, errudun sentitu gara. gaizki pasatu dugu, eta hamaika buelta eman dizkiegu gauza guztiei, pentsatuz akaso hau edo bertzea bertze modu batera egin izan genuela. Hori guztia barruan gelditzen zaizu, eta gogorra da, hagitz gogorra.

Nola eragin dio egoera horrek zure buruko osasunari?

Ni triste egon naiz, errudun sentitu naiz, eta insomnioak eta antsietateak jota izan naiz. Lana bazter uzteko ere, ezinean. Etxera joan, eta gaizki pasatzen nuen pentsatuz egoitzako egoiliarrak nola egonen ziren. Kutsatzeko beldurrarekin bizi izan naiz, halaber, eta horrek ekarri dizkit arazo anitz. Lanetik kanpoko denboran etxean bakartu naiz. Bakarrik egin izan dut lo denbora luzez. Hasieran uste genuen denak kutsatuak izanen ginela, eta gure beldurra zen etxekoak kutsatzea; gero, zahar etxekoak kutsatzea izan da gure kezka nagusia.

Zer bide aurkitu duzu egoera horri aurre egiteko?

Egia erran, elkarri eman diogun babesa izan da gehien lagundu nauena. Nik hemezortzi urte egin ditut jada Mutiloako zahar etxean lanean; zahar etxeetako erizainok ez dugu hainbertze aldatzen lantokia, eta errazagoa da gure arteko sareak sortzea. Erizain laguntzaileekin ere bai. Gure arteko solasaldiak izan dira talde terapia baten gisakoak. Ederki ulertzen genuen bertzearen egoera, eta elkarri laguntzen saiatu gara.

Hobeki zaudete orain?

Bai, zahar etxeko martxa ia-ia ohikoa da. Hasieran dena izan zen hagitz zaila, baliabideak urriak zirelako eta dena zelako berria. Gogorra izan zen zaharrak hiltzen ikustea. Lehendabiziko olatuan hamahiru hil ziren, eta sei bigarrenean. Txertoak ekarri du gaitzaren larritasunak behera egitea, eta horrek eman digu lasaitua. Halere, seigarren olatuan ere izan ditugu kasuak, eta estresa hor dago, kezka hor dago beti. Aldea da orain hasieran ez genituen tresnak baditugula, eta ikasi dugula.

Oraindik bada zer hobetu?

Bai, noski. Orain herrialderako hitzarmena negoziatzen ari gara. Nafarroako Gobernuak pertsonak jarri nahi ditu erdigunean. Guk ere hori nahi dugu. Horretarako langile gehiago behar dira, baliabideak behar dira. Hori lortu bitartean, egoera pandemiaren aurreko bera da: baliabideak murritzak eta baldintzak kaskarrak.