Artea dute pasio eta bizibide

Artea dute pasio eta bizibide

Jokin Armanek eta Trini Mikelarenak Armi galeria dute, Beran. Beren pintura eta eskulturak dituzte ikusgai orain, baina bertze artisten lanak ere erakustea dute xede.

Ainhoa Larretxea Agirre

Aiako Harria, Ibardin eta Larhunen magalean dagoen arte galeria”. Horrelaxe deskribatu du Jokin Arman pintore eta eskultoreak Berako Armi arte galeria. Duela bi urte ireki zuen Trini Mikelarena pintorearekin batera, eta egun bi artisten lanak gordetzen ditu.

“Gure bizitza osoan artelan anitz eginak genituen, eta horiek erakutsi eta saldu nahi genituen: horregatik sortu genuen Armi”, azaldu du Mikelarenak. Hondarribian (Gipuzkoa) izan zuten urte anitzez galeria lehenik, eta, handik Berara bizitzera joatean, galeria ere beraiekin eraman zuten: “Guretzat ez zen batere erosoa hemen bizi eta hara joan-etorrian ibiltzea, eta horregatik jarri genuen Beran. Jendeak badaki edozein ordutan etorrita ere gu goian gaudela”.

Artea konstante bat izan da bien bizitzan. Gazterik ezagutu zuten arte mundua, eta geroztik etengabean aritu dira sorkuntzan. Arman pinturan hasi zen oraino haurra zela, eta ondotik deskubritu zuen eskultura Jorge Otezarekin. Geroztik, biak uztartu ditu, eta hala jarraitzen du gaur egun ere. Mikelarena, berriz, bere ibilbidean pinturan ibili da, batez ere. Pinturaz gain, azken urteetan haurrentzako bi liburu idatzi eta ilustratu ditu, eta helduentzako kontakizunak bilduko dituen liburu bat egiteko prozesuan sartuta dago.

Armi galeriako arduradun Trini Mikelarena eta Jokin Arman, Beran.

Egun, Mikelarenak eta Armanek beren ibilbidean sortutako lanak daude galerian ikusgai. Erakusketa geletako batean Mikelarenaren pinturak dira nagusi; batez ere, joera minimalistakoak. “Minimalismoak ahalik eta baliabide gutxienekin ahalik eta espresio handiena lortzea erran nahi du”, azaldu du pintoreak. “Saiatzen naiz bizitzako egoera edo emozio jakin batzuk erakusten: poza, haserrea, tristura, emakumearen zapalkuntza…”. Koadro minimalisten serie bat du erakusketan, eta baita berak egindako hainbat animaliaren pintura eta ilustrazio lanak ere.

Ondoko aretoan daude Armanen lanak; batez ere, eskultura lanak. “Pieza bakoitza bakana da, errepikaezina”, kontatu du Armanek. Tamaina eta forma anitzetako eskultura lanak ditu, eta bizitzaren eta gizakiak planetan duen jokabidearen ingurukoak dira gehienak. Bere lanetan Jorge Oteizaren eta Nestor Basterretxearen eragina duela dio, nahiz eta berak bere bidea urratu duen. “Bere azken urteetan Basterretxearengana bisitan joaten ginen Trini eta biok, eta egindako lan batzuk erakusten nizkion. Nire lanak gustuko zituela zioen, eta hori niretzat nahikoa da; berdin du bertze inori ere ez gustatzea, Basterretxeari gustatzen bazaizkio”, azaldu du, irriz.

‘Hogei, hogei, hogei’

Beren lanen erakusleiho izateaz gain, iazko udazkenean Hogei, hogei, hogei erakusketaren kabi izan zen Berako Armi galeria. 85 eskultoreren lanek osatu zuten erakusketa; besteak beste, Koldobika Jauregi, Mari Jose Rekalde, Iñaki Riverino, Ramon Balerdi eta Jon Ormazabal artista entzutetsuenek. Guillermo Olmok egin zituen komisario lanak, artista bakoitzaren lan bakarra aukeratuz; Armanen lan bat tartean. Egun, Barakaldon (Bizkaia) eta Hazparnen (Lapurdi) dago ikusgai.

Mikelarenak azaldu du erakusketa horrek harrera “izugarria” izan zuela, eta Euskal Herri luze zabaleko jende anitz bildu zela. Hemendik hilabete batzuetara erakusketa horren parte izan ziren artista batzuen banakako erakusketak antolatzeko asmoa dutela erran du Mikelarenak: “Kontent gaude horrekin, gure helburua baita Euskal Herriko artisten lanak ezagutaraztea”

Etorkizunean ere horretan segitu nahi dute: beren lan propioak eta Euskal Herriko artistenak ezagutarazten, eta artea gizarteratzen.