Karrikiri: 25 urte Iruñeko euskaldunen arteko sarea ehuntzen

Karrikiri: 25 urte Iruñeko euskaldunen arteko sarea ehuntzen

1997an sortu zuten elkartea; hiriburuko Alde Zaharreko Xabier kalean du egoitza. 120 bazkide ditu egun. Amaren Alabak taldearen saioa antolatu dute biharko, Iruñeko Kondestablearen jauregian.

Edurne Elizondo

Amaren Alabak taldeak Iruñean eginen duen lehendabiziko kontzertuarekin amaituko da, bihar, Karrikirik bere 25. urteurrena ospatzeko antolatutako egitaraua. Hiriburuko Kondestablearen jauregian izanen da emanaldia, 12:30ean hasita.

1997. urtean sortu zuten Karririki elkartea, Iruñeko euskaldunen topaleku bilakatzeko asmoz. Geroztik, hiriburuan euskaraz bizitzeko apustua egin duten herritarren arteko sarea ehunduz joan da Karririki, eta, egun, 120 bazkideren babesa duen proiektu indartsu bat da. “Hasiera hartan jarritako oinarri sendoak” izan dira, neurri handi batean, “aurrera egiteko giltzarri”, Jon Bujanda kidearen hitzetan. Beti “apaltasunez” aritu direla erantsi du Aitor Domeñok.

Hain zuzen, Domeño ia hasieratik da Karrikiriko kidea. “1998an bat egin nuen elkartearekin. Garai hartan, Iruñeko Alde Zaharreko Xabier karrikako bulego txiki eta ilun bat zen Karrikiriren egoitza”, oroitu du. Han abiarazi zituzten lehendabiziko proiektuak; tartean, Karrikiri denda. Egun, Xabier karrikan dago denda hori, hasierako bulego hura baino handiagoa den etxabe batean. Erreferente bilakatu da, neurri handi batean, hiriburuko euskaldunentzat.

“Denda bat zabaltzea izan zen erabakirik garrantzitsuena”, gogoratu du Itziar Luri bazkideak, Karrikirik egindako urrats horri buruz. Iruñeko Donibane auzoko Martin Azpilikueta karrikan ireki zuten hasieran. “Proiektuak

Karrikiri elkartea, Xabier karrikan. Idoia Zabaleta / Foku.

bideragarritasuna lortzeko erabaki genuen denda martxan jartzea; ikusgaitasuna ere eman digu”, azaldu du Lurik.

Ikusgaitasun hori, halere, Iruñeko Alde Zaharrean lortu du, nagusiki, Donibanetik erdigunera mugitu baitzuten denda, duela hemezortzi urte. Erabaki horrek badu bere garrantzia, Jon Bujandak nabarmendu duenez, Karrikiriren asmoa izan baita zoko batean ez gelditzea eta euskaraz bizi nahi duten euskaldunek hiriko erdigunea hartzea.

Lan poltsa eta bertze

Karrikirik zerbitzu anitz eskaintzen ditu euskaraz bizi nahi duten iruindarrentzat. 1997an sortu zenetik, elkartea eskaintza hori garatuz joan da, eta, egun, kultur jarduera ugari antolatzeaz gain, euskaldunentzako lan poltsa bat, pisukide euskalduna bilatzeko zerbitzu bat eta itzulpengintzako bat ditu, bertzeak bertze.

Jon Bujandak bertze zerbitzu bat nabarmendu du, bereziki: haur eta gazteen artean literaturazaletasuna bultzatzeko aholku zerbitzua. “Online eskaintzen dugu, gure webgunearen bidez [Karrikiri.eus], adinaren arabera eta gaika antolatuta. Informazio ona eta baliagarria da guraso eta ikastetxeentzat”, aipatu du Bujandak.

Dendan saltzen dituzte gomendatzen dituzten liburu horiek, bertze produktu anitzen artean. Denak, hori bai, euskaraz. Itsaso Agirre da dendako arduraduna, iazko maiatzetik. “Pozik” da, eta garbi erran du Xabier karrikakoa “denda bat baino askoz ere gehiago” dela. “Erreferente bat gara euskaldun askorentzat. Bada fideltasun moduko bat, eta dendara etortzen dira; kanpoko jendea ere bai, hemengoa den produktu baten bila. Dendak badu nortasuna”, erran du Agirrek.

Zerbitzuak, webgunea, aldizkari digitala, kultur jarduerak. Anitz dira Karrikirik 25 urteotan garatu dituen adarrak, eta, horien guztien bidez, euskaldunak eta euskaltzaleak erakartzen jarraitu du elkarteak. “Bazkideon artean, bada adin guztietako jendea; gazteak ere badira”, zehaztu du Jon Bujandak.

Gazte izan edo ez, ospatzeko denbora dute oraingoa Karrikiriko kideek. Joan den larunbatean, Anariren kontzertua egin zuten Iruñeko Baluarten, eta “giro aparta” sortu zuten. Bihar, Kondestablearen jauregian, Amaren Alabak taldeak jarriko dio musika Karrikiriren 25 urteko bideari.