Itzulipurdia zirkuari

Itzulipurdia zirkuari

Urtxintxa Txoko zirku eskola jaio da, Antsoainen. Gunearen sortzaile Almazanek dio ikasteko espazio bat izateaz gain helburu duela zirkuari beste begirada bat eskaintzea eta komunitatea sortzea: «Zirkuak espazio bat behar du Nafarroan».

Olaia L. Garaialde

Koloretako oihalak, trapezioak eta uztailak zintzilik, oreketarako pilotak zoruan, malabarretako pilotak, txano hegalariak, kariokak…; denetarik dago Urtxintxa Txoko zirku espazio berrian, Antsoainen. Aste Santuan zabaldu zituen ateak, eta oraindik sumatzen da margo usaina. Nafarroan zirku komunitatea batzeaz gain, zirkuari beste begirada bat eskaini nahi dio David Almazan artistak eta espazioaren sortzaileak: “Zirkuak espazio bat behar du Nafarroan”.

Almazanen eta David del Olmoren artean sortu dute espazioa; zirkuan eta eskaladan jarduten dute, hurrenez hurren. Hortaz, jarduera nagusia zirkua izan arren, ez da soilik horretara mugatuko. Baina Almazanek azaldu duenez, rokodromoaren proiektua garatu gabe dute oraindik.

Lau diziplina nagusi batzen ditu zirkuak: orekak, malabarrak eta zoruko eta aireko akrobaziak. Hala ere, hori baino zabalagoa dela esan du Almazanek: “Adibidez, soka objektu bat izan daiteke, eta lotuta egon daiteke malabarrei edo akrobaziei”. Horiek guztiak ikasteko aukera egonen da zirku eskolan. Soilik larunbatetan dago irekita, ikastaro trinkoak egiten ari direlako. Irailetik aurrera, aste barruan emango dituzte. Horien bidez, zenbait teknika uztartuko dituzte, eta nahi duenak teknika bakarra lantzeko aukera izanen du. “Arretaz jokatu behar da. Ondo pasa dezakegu, elementuak lantzen eta menderatzen baldin badakigu”, adierazi du Almazanek, hasi berrientzat ohar bat eginez.

Hamabost urte daramatza Almazanek zirkuaren munduan, eta, gehienbat, malabarrak eta orekak egiten ditu. Orikainen zegoen Oreka zirku eskolako azken irakasleetakoa izan da. “Ez genuen lan handirik han, eta 2008. urteko krisiak gogor kolpatu gintuen”. 2014an itxi behar izan zituen ateak Oreka eskolak: “Krisi baten aurrean, kultura da erakundeek kentzen duten lehenetariko gauza”. Pandemia hasi zenetik ere egoera okertu egin dela esan du. “Baina, ilusioaz gain, nire lana sortzeko bide bat ere izan da proiektu hau”.

Gerora ez da bestelako zirku eskolarik egon Nafarroan; dena den, espazio txikietan ere landu dituzte eta lantzen dituzte zenbait teknika. Esate baterako, 2018. urtean hustu zuten Iruñeko Maravillas gaztetxean, aireko akrobaziak egiteko biltzen ziren lagun batzuk. Horrez gain, Iruñean bertan, Taxoaren dagoen Blackflip akrobazia espazioan malabarrak, orekak eta aireko akrobaziak egiten dituzte. Berriozarko Rocopolis rokodromoan ere talde batek aireko akrobaziak egiten ditu.

“Horrelako espazioak egotea pozgarria da; bestela, zirkuak ez lukekabidarik izango Iruñerrian”, Almazanen esanetan. Baina “pena” ere ematen dio: “Finean, gauza txikiak sortzen ari dira, baina berez zirkurako ez diren espaziotan”. Haren ustez, zirkua “oso hitz zabala” da: “Zirkua ez da teknika bat lantzea, baizik eta zenbait teknika espazio berean lantzea”.

Zirkuaren onurak

Ikasteko espazio bat izan nahi du Antsoaingo eskolak. Almazanek adierazi du, halere, zirkuaren eta artisten arteko lotura apurtu nahi duela: “Oso barneratua daukagu zirkua egiten baduzu zerbait erakutsi behar duzula; ondo dago, baina zirkua hori baino gehiago da”. Hortaz, zirkuak dakartzan onuretan jarri du arreta: “Indarra, oreka, erresistentzia, malgutasuna, autoestimua, konfiantza, laguntasuna, beldurrak eta frustrazioa lantzen ditugu, besteak beste”. Ohartu gabe dena lantzen dela dio, eta “oso polita” dela. Nahiz eta propio artistak sortzeko espazio bat ez izan, nahi duenak aukera izanen du laguntza jasotzeko eta jarraipena egiteko: “Artista izan nahi duenak, izan dadila bere erabakiz”.

Zirkuaren ideia “gainbeheran” dela uste du: “Zirkua kaleko artea da. Lehen egonkorragoak ziren zirkuak; gerora etorri dira karpa ibiltariak”. Hala ere, biziberritzen ari direla iritzi dio: “Gaur egungo konpainien artean, zirku garaikidearen eraginez, beste zirku mota bat egiten ari gara, ez hain purua”. Egungo zirkuak publikoarekiko begiradan “garrantzi handia” duela uste du. Erantsi du zirku teknikak lantzeak “kalitatezko publikoa” sortzen duela: “Jendeak egiten duguna ezagutzen duenez, kritikoak dira jasotzen dutenarekin, gehiago gozatzen dute. Elkarrengandik ikasten dugu”.