Munduko Hip-Hop txapelketarako sailkatu da Taupadak taldea

Munduko Hip-Hop txapelketarako sailkatu da Taupadak taldea

Iruñeko dantza urbanoko konpainiak bi kategoriatan lehiatzeko txartela lortu du; AEBetan eginen dute, datorren abuztuan. Taldeak kanpaina bat hasi du bidaiatzeko dirua lortzeko.

Edurne Elizondo

“Taupadak gara, Iruñeko dantza urbanoko konpainia bat. Zure laguntza behar dugu gure ametsa egia bihurtzeko: Ameriketako Estatu Batuetara bidaiatu, eta Munduko Hip-Hop Txapelketan parte hartu”. Konpainiako arduradun Fran Txamorrorenak dira hitzak, eta taldeko kideak AEBetara eramanen dituen bidaia ordaintzeko dirua biltzeko kanpaina aurkezteko erran ditu. Abuztuan izanen dute lehiaketa, Arizonako Phoenix hirian.

Taupadak taldeko kideek joan den apirilean lortu zuten munduko txapelketarako sailkatzea, Bartzelonan egindako Hip-Hop International Spain lehiaketan. Zehazki, bi kategoriatan lehiatzeko txartela eskuratu zuten dantzari iruindarrek: Megacrew izenekoan, batetik, eta Varsity izenekoan, bertzetik.

Taupadak dantza urbanoko konpainiako kideak entrenatzen.

Hogei dantzari baino gehiago dituzten taldeak aritzen dira Megacrew izenekoan. Kategoria horretan bigarren sailkatu ziren iruindarrak Bartzelonako lehiaketan, hain zuzen; postu hori nahikoa izan zuten munduko txapelketarako sailkatzeko. Zazpi-bederatzi emakumek osatutakoak dira Varsity kategorian aritzen diren taldeak, bertzalde, eta kategoria horretan iruindarrak nagusitu ziren, Bartzelonan.

Dantzari bakoitzeko 1.800 euro inguru lortu behar dituzte Taupadako kideek, abuztuko bidaia ordaindu ahal izateko. Finantzaketa kolektiborako kanpainarekin batera, elastikoak eta bertze saltzen ari dira Taupadak konpainiako dantzariak, eta herriz herri emanaldiak antolatzen hasi dira, gainera, toki entitateen laguntza jaso ahal izateko. Iruñeko Udaleko alkate Enrique Maiarekin bildu dira, bertzeak bertze, erakunde horren babesa jasotzeko asmoz. Iruñeko udaletxean izan ziren taldeko arduradun Fran Txamorro eta Uxoa Hernandez, maiatzaren 17an, eta alkatearekin eta Gazteria eta Kirol zinegotzi Fernando Arangurenekin egin zuten bilera.

2020tik martxan

Talde gaztea da Taupadak, 2020. urtean sortu baitzuen Txamorrok. Urte bereko abenduan Espainiako Dantza Urbanoko Txapelketan aritu ziren konpainiako kideak, eta bi sari eskuratu zituzten.

Txamorrok eskola gisa jarri zuen bere proiektua martxan, eta, gaur egun, 14 eta 18 urte bitarteko 30 gazte inguruk osatzen dute konpainia. Estilo ezberdinak jorratzen dituzte Taupadak taldeko kideek, dantza urbanoen esparruaren barruan, betiere, eta hori da, hain zuzen, konpainiak izan duen arrakastaren giltza, dantzarien aburuz.

Martxan jarri zenetik, hamaika txapelketatan aritu da Taupadak konpainia, eta hamaika dira, halaber, lortu dituen sariak. Halere, Munduko Hip-Hop Txapelketarako sailkatzea izan da taldeko kideek orain arte egin duten urratsik garrantzitsuena, eta abuztuan AEBetara joan ahal izateko dirua lortzeko ahalegina dute orain lehentasun.

Dantzariek entrenatzen eta prestatzen jarraitzen dute, gainera, Cordovillan egoitza gisa erabiltzen duten areto batean. Prest egon nahi dute abuzturako; prest, dantzan segitzeko.