Artea, bazterketaren aurkako lanerako tresna

Artea, bazterketaren aurkako lanerako tresna

Geltokik GizArte proiektua sortu du, kulturaren konpromiso soziala nabarmentzeko, eta artearen bidez elkartasuna lantzeko. Hemezortzi artistak lan bana eman dute, salgai jarri eta lortutako diruarekin Paris 365 jantoki soziala laguntzeko. Urtero eginen dute, aldi bakoitzean eragile bat babesteko.

Edurne Elizondo

Artea, justizia sozialaren alde egiteko. Horixe aldarrikatu nahi du Geltokik sortutako azken proiektuak: GizArte izena du, eta artea bilakatu nahi du bazterketaren aurka egiteko borrokarako tresna. Lan bana eman dute hemezortzi artistak —Geltokin erakusketaren bat eginak dira denak—, obra horiek saltzeko, eta bildutakoa Iruñeko Paris 365 jantoki sozialeko arduradunei emateko. Aurtengoa GizArte proiektuaren lehen aldia da, baina Geltokiren asmoa da urtero egitea, aldi bakoitzean eragile bat babesteko. “Artea eta elkartasuna uztartu nahi izan ditugu, beharra duten herritarrak laguntzeko”, azaldu du Geltokiko koordinatzaile Katrin Gineak.

“Oinarrizko ondasun bat da kultura”, erantsi du Paris 365 jantoki soziala kudeatzen duen Gizakia Herritar fundazioko arduradun Miriam Gomezek. Eskertu du Geltokiren ekimena, bai eta euren lanak eman dituzten artisten konpromisoa ere. Bazterketa egoeran edo egoera zaurgarrian diren herritarrak artatzen ditu Gizakia Herritar fundazioak, eta haientzat kultura “gizartean parte hartzeko tresna bat” dela adierazi du Gomezek.

GizArte proiektuaren bidez jasoko duten laguntza materiala, gainera, “beharrezkoa” dutela garbi erran du Gomezek. Izan ere, gora egin du erabiltzaile kopuruak, eta behera, berriz, Paris 365 jantokia diruz laguntzen dutenenenak. “Egoerak okerrera eginen duen beldur gara”, ohartarazi du Gomezek.

“Uda eta udazken gogorra”

Gomezek koronabirusaren pandemiaren eragina aipatu du, batetik. “Koronabirusaren olatuez mintzatzen dira hedabideak; guk, berriz, olatuon erresakaren ondorioak pairatu behar ditugu”, erran du. Bertzetik, prezioen igoerak eragin du proiektua diruz laguntzen duten batzuek proiektua babesteari utzi behar izatea. “Uda eta udazken gogorrak datoz”, berretsi du Miriam Gomezek.

Egun, 70 pertsona inguru artatzen ditu Paris 365 jantoki sozialak egunean. “Kopuruak %20 egin du gora azken bi urteotan”, zehaztu du Gizakia Herritar fundazioko arduradunak. Guztiak artatzeko euren konpromisoa berretsi dute fundazioko kideek. Jantoki sozialaz gain, bigarren eskuko denda eta haurrentzako ludoteka ere badituzte martxan, bertzeak bertze.

Geltokik fundazioko kideen esku jarri nahi izan du GizArteren lehendabiziko aldian lortuko duten diru kopurua. Obrek 75 eta 500 euro arteko prezioa dute; Geltokiren webgunearen bidez eros daitezke —Geltoki.red—. Azaroaren 19ra arte ikusgai izanen dira Geltokin, eta egun horretan besta bat eginen dute obrak banatu eta jasotako dirua Paris 365 jantokiko kideen esku jartzeko.

1. SARA IRABURU
Sara Irabururen ‘Nora y Uxue’ lana.

Artista

“Arteak badu bazterketaren aurka egiteko gaitasuna”

“Gertatzen ari dena oihukatzeko modu bat da artea; bozgorailu bat izan daiteke, eta erdigunean jar dezake jada normalizatu dugun hori”. Horixe erran du Sara Iraburu artistak (Iruñea, 2001). Nora y Uxue izenburuko lana eman du GizArte proiekturako. Anitz poztu du Paris 365 jantoki soziala laguntzeko antolatu izanak: “Aspalditik dut harremana Paris 365ekin; han erosi dut nire arropa gehiena, bigarren eskuko denden aldeko apustua egin baitut”. Argazkiak egiteko erabiltzen dituen kameretako batzuk ere Paris 365 dendan erosiak ditu.

Monocromo serieko lan bat da Nora y Uxue; 17 urterekin egin zuen Iraburuk; orain 21 ditu, eta “egindako hutsei esker” ikasi duela aitortu du. Ikasten jarraitu nahi du Iraburuk, baina garbi du artea “adierazteko tresna” bat dela. Gehiago erran du: “Borrokarako eta kritikarako tresna bat ere bada; arteak badu bazterketaren aurka egiteko gaitasuna, eta gaitasun hori erabiltzen du”.

Arteak, gainera, “batzeko” balio du. Horixe erran du Sara Iraburuk, eta balioa eman dio ahalmen horri: “Publikoa eta artistak batzen dituzte obrek; ezberdina denak erakutsi egiten dizu, begiak irekiarazten dizkizu. Ezaguna duzun horretatik urruntzeak laguntzen dizu gizaki gisa hazten”.

Sara Iraburu Madrilen bizi da egun, baina Dublinera itzultzeko aukera ez du baztertu. Han aritu zen ikasten. Azules izenburuko seriea prestatzen ari da artista orain. Diziplinen arteko hartu-emanak ikertzen jarraitu nahi du bere lanaren bidez; arteak emateko duena ikasten.

2. ITZIAR AZPIROZ
Itziar Azpirozen ‘Naturaren leihoak’ serieko bi obra.

Artista

“Naturari omenaldi xume bat egin nahi izan diot nire lanen bidez”

“Oso asmo polita da, denok eman dezakegulako zerbait”. Horixe nabarmendu du Itziar Azpiroz artistak (Leitza, 1963) Geltokik bultzatutako GizArte proiektuari buruz. Azpirozek abenduan egin zuen erakusketa bat espazio horretan, eta orduan erakutsitako Naturaren leihoak serieko bi lan eman ditu Paris 365 laguntzeko. “Naturari omenaldi xume bat egin nahi izan diot nire lanen bidez”, erran du.

Konfinamenduan landutako obrak dira Azpirozenak. Lagunen eta hurbilekoen bultzada behar izan du beretzat egiten zituen piezak jendaurrean erakusteko; orain, baina, “kontent” da, gogoeta propio batetik hausnarketa kolektiboago bat sortu delako naturari eta ingurumenari buruz.

“Arteak badu konpromiso sozial bat; gauza txikiek ere balio dute aldaketa bat eragiteko. Gure inguru hurbiletik hasi behar dugu naturari egiten diogunaz gogoeta egiten”.

3. MIKEL BELASKOAIN
Mikel Belaskoainen ‘Las ciudades invisibles’ lana.

Artista

“Garrantzitsua da, urrats txikiek eragin handia izan dezaketelako”

Urrats txiki batek aldaketa handi bat eragin dezakeela uste du Mikel Belaskoain artistak ere (Iruñea, 1978). Adibide gisa aipatu du Bartzelonan duela zenbait urte gertatu zena: “Artelanen enkante bat egin zuten, Open Arms izeneko gobernuz kanpoko erakunde bat laguntzeko; geroztik, erakunde horrek milaka pertsona salbatu ahal izan ditu Mediterraneo itsasoan”.

Geltokiren proiektuak zaurgarrienak laguntzea helburu duen bertze erakunde bat laguntzeko antolatu du GizArte bere proiektua, eta Belaskoainek “zalantzarik gabe” egin du egitasmo horren alde, Las ciudades invisibles margolana emanez.

Obra horrek lotura estua du Geltokik erdigunean jarri nahi izan duen auziarekin, hain zuzen: “Gizarte gisa sentitu behar dugun lotsari buruzko lana da; lotsatu behar gaitu bazterketak”, azaldu du Belaskoainek.

Gizarteak, ordea, “ikusezin” bilakatzen ohi du lotsarazi beharko lukeen hori, artistak erantsi duenez. Arteak errealitate horiek erdigunean jartzeko betebeharra duela uste du Belaskoainek, eta horregatik eskertu eta txalotu du Geltokik martxan jarritako proiektua. “Urrats txikiek eragin handia izan dezakete, eta horregatik uste dut GizArte proiektua hagitz garrantzitsua dela”, berretsi du artistak.

Belaskoainen obra eta proiektuan parte hartzen duten gainerako artistenak Geltokin ikus daitezke. Elkartasunaren ikur bilakatu dira lanok: bazterketaren aurkako elkartasunaren ikur.

 

Villa Javierrek bazkideak behar ditu

Tuterako Villa Javier jantoki sozialak kanpaina bat hasi du bazkideak eta boluntarioak lortzeko. Pandemia lehertu zenetik, etxera eramateko prestatu dituzte Villa Javier jantokiko menuak, baina ekainaren 27tik aurrera egoitzan hartuko dituzte berriz ere erabiltzaileak.

Villa Javier jantokiak 2016ko ekainaren 27an ireki zituen ateak. Egun, 424 bazkidek babesten dute proiektua. Jantokiko arduradunen asmoa da 500era iristea aurten.

Erabiltzaileak artatzeko boluntarioak ere behar dituzte Tuterako jantoki sozialean. Izena eman nahi duenak Villajavier.org helbidean du informazio osoa.