Biltokik hogei urteko bidea ospatuko du

Biltokik hogei urteko bidea ospatuko du

Iruñeko Txantrea auzoko Euskaldunon Biltoki elkarteak 11 orduko besta eginen du hilaren 11n. Euskaldunak saretzeko sortu zuten, 2002an. Transmisioa ere badu xede.

Edurne Elizondo

Iruñeko Txantrea auzoko Euskaldunon Biltoki elkarteak hogeigarren urteurrena ospatzeko besta antolatu du: hilaren 11n eginen dute. Elkarteko arduradunek 11 orduko egitaraua prestatu dute egun horretarako. Hogei urteko bidea ospatu nahi dute, eta bide hori egin eta lagundu duten guztien lana eskertu, urratsak egiten segitzeko asmo garbiari eutsita.

“Biltokik hogei urteotan antolatu dituen ekitaldien artean nagusia izanen da hilaren 11koa”. Horixe nabarmendu du Xabier Villabonak. 14 urterekin hasi zen Biltokiko jardueretan parte hartzen; duela hamar, bazkide egitea erabaki zuen, eta, orain, zuzendaritza batzordeko kidea ere bada. “Ilusio handiz ari gara urteurreneko besta prestatzen”, azaldu du Villabonak.

Jaia 11:00etan hasiko da, suziriaren eztandarekin, eta hamaiketakoa eginen dute ondoren. Haurrentzako jolasak ere antolatu dituzte, Txantreako Parkean Euskaraz taldeko gurasoekin batera. Helduek ere izanen dituzte haientzako jolasak; amaieran, eguneko ekitaldi nagusia eginen dute, bazkaldu aurretik. Arratsaldeko kontzertuekin batera amaituko da besta, 22:00 aldera.

Urteurrena ospatzeaz gain, Biltokiko kideen bestak helburu du hogei urteko bidean elkartearen martxa lagundu duten guztien lana nabarmentzea eta eskertzea. Urratsak egiten segitu nahi dute, egindakoei balioa emanez. “Jende asko aritu da Biltokin hogei urteotan lan handia egiten”, erran du Mikel Legarra kideak.

Legarra hasieratik da Biltokiko bazkide, eta zuzendaritza batzordean ere badago. Anitz poztu du Villabonak eta bertze gazte anitzek zaharragoen lekukoa hartu nahi izateak. “Belaunaldi askotako jendea gaude elkartean; transmisioa garrantzitsua da, guk nahi baitugu orain gazte diren hauen bilobentzat izatea Biltoki”, berretsi du. Oroitu du 2002an Biltoki sortzea erabaki zutela Txantreako euskaldunek ez zutelako elkar ezagutzen, eta nabarmendu du “auzoan erreferente” bilakatu dela elkartea egun.

Haurrentzako jarduerak

Gazte eta helduentzat ez ezik, Txantreako haurrentzat ere bada erreferente bat Biltoki. Haurrentzako egitarau berezia prestatzen du elkarteak, eta, jarduera horri esker, euskara eskolatik kanpoko hizkuntza ere bada umeentzat. “Beste haurrekin harremanak euskaraz egiteko aukera dute, eta euskara dibertitzeko hizkuntza ere badela ohartzen dira”, azaldu du Biltokiko Leire Olzak.

Olzak duela bospasei urte erabaki zuen Biltokiko bazkide egitea. Lehenago ezagutu zuen elkartea, nahiz eta sortzez txantrearra ez izan. Han bizi da orain, eta ama bilakatzeak bultzatu zuen elkartean ardura gehiago hartzera, hain zuzen ere. Haurrentzako jardueretan laguntzen hasi, eta zuzendaritza batzordeko kide da egun.

Biltokik haurrentzako tailerrak egiten ohi ditu eskolako oporraldietan, eta kultur egitarau zabala ere prestatzen du umeentzat. “Ipuin kontalariak, magoak eta beste”, zehaztu du Olzak. Zinema ere bada Biltokiko haurrentzako kultur egitarau horren barruan. “Hasieran, igandero egiten genuen, baina eskaintzak gora egin du, eta, beste toki batzuetan ere zinema euskaraz ikusteko aukera dagoenez, orain hilabetean behin edo bitan antolatzen dugu”.

Haurrek eta familiek eskertzen dute Biltoki elkarteak egiten duen ahalegina. “Ume askok parte hartzen dute, eta harrera on hori da antolatzen ditugun jardueren arrakasta hobekien islatzen duena”, kontatu du Leire Olzak.

Helduentzat ere badu zer eskaini Biltokik. Euskaraz bizi nahi dutenen bilgune izan nahi du Txantreako elkarteak, eta xede horri jarraituz, hamaika dira azken hogei urteotan elkarteko arduradunek bultzatutako ekinaldiak.

Kultur egitaraua

“Hitzaldiak, liburu aurkezpenak, kontzertuak, antzerki emanaldiak eta beste egin ditugu”, aipatu du Mikel Legarrak. Literaturak ere txoko berezi bat izan du Biltokin urteotan. “Irakurle kluba izan genuen zenbait urtez”, gogoratu du elkarteko kideak. Biltokik harago joan nahi izan du bide horretan, eta sortzeko urratsa ere egin du: Hitza bide, bizia xede izenburuko liburua bultzatu zuen 2012. urtean, zenbait egileren testuak batuz.

Ongi pasatzeko eta disfrutatzeko toki bat ere bada Biltoki. Asmo horrekin antolatu dute bitan, adibidez, 11 orduz kantuan aritzeko ekinaldia. “2018an eta 2019an egin genuen; azken bi urteotan ezin izan dugu egin, pandemiagatik. Arrakasta handia izan zuten lehen bi besta horiek; asmoa da jendea txandaka eta gelditu gabe aritzea kantuan; egun bikainak izan ziren”, erran du Xabier Villabonak.

Euskara da Biltokiko kideen ardatz eta elkartearen motor. Hogei urtez, euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatu dute kideek, eta horretarako egin dituzte hamaika ekinaldi haur, gazte eta helduentzat. Hurrengoa, hilaren 11n.

Goiko argazkia: Iñigo Uriz / Foku.