Afrikans taldea osatu dute 2manouk eta Beltxak. Migratzaile afrikarrak dira biak, eta Iruñean egin dute bat. ‘BRO’ izenburuko lehendabiziko diskoa argitaratu berri dute.
Edurne Elizondo
Musika eta politika; besta eta aldarria; dantza eta borroka. Elementu horiek guztiak jaso ditu Afrikans taldeak ondu berri duen lehendabiziko diskoak: BRO izena du, eta Kamerungo eta Senegalgo doinuak ditu oinarri. 2manou eta Beltxa dira Afrikans, eta arrazakeriaren aurkako aldarria musika bilakatu dute beren kanten bidez. Iruñeko bizilagunek maiatzaren 6an kaleratu zuten, eta, joan den asteburuan Iruñean bertan aurkeztu eta gero, Lekeition (Bizkaia) eta Irunen (Gipuzkoa) eginen dituzte hurrengo kontzertuak.
Sortu berria da BRO lana, baina soka luzeko proiektua da Afrikans. “Duela hamar urte inguru hasi ginen elkarrekin musika egiteko aukeraz mintzatzen”, oroitu du 2manouk. Kamerungoa da 2manou, eta Iruñean egin zuen bat Beltxarekin. Elkarrekin aritzeko proiektua mamitzeko bidean Galiziara mugitu zen 2manou, eta proiektua bazter utzi zuten, behin-behinean. “2017an itzuli nintzen, eta lanean hasi ginen”.
Beltxak erantsi du 2manouk Galizian egindako denboran ez zutela harremana galdu: “Joan eta gero ere, elkarren berri bagenuen; bere horretan segitzen zuen bat egiteko asmoak”, erran du Senegalgoak. Asmo horri bide eman diote, eta “bost urtez landutako” BRO diskoa sortu.
Estiloari buruz, musikariek azaldu dute diskoari ezin zaiola etiketa bakarra jarri: “Badu afrobeat, baditu hip-hop doinuak, badu rapa, Reggae musika, bai eta Afrikako folklore tradizionala ere”.
Africa United
“Bro deitzen diogu elkarri”, azaldu dute 2manouk eta Beltxak, barrez, diskoaren izenari buruz. Izenburuak badu bertze esanahirik, halere: gaztelaniaz, Dantzatuz Zapalkuntza Arbuiatzen dut esaldiaren siglak dira, hain zuzen. “Gure musikak hori egin nahi du, dantzatuz zapalkuntzaren aurka borrokatu nahi dugu”.
Musika hartu dute Afrikans taldeko kideek arrazakeriaren aurka egiteko tresna gisa; ez da baliatzen duten bakarra, halere, 2manou eta Beltxa Africa United elkarteko kide ere bai baitira. Panafrikanismoa ardatz hartuta, Afrika osoa ordezkatzeko egiten dute lan.
Elkartearekin dituzten oztopoak musikarekin gainditu nahi dituzte bi migratzaileek, hain zuzen ere. “Zentsurari aurre egin”, zehaztu dute. Salatu egin dute, argi eta garbi, ustez arrazakeriaren aurka lan egiten duten erakunde batzuen jarrera: “Arrazakeriaren aurkako ekitaldiak antolatu, baina guri, beltzoi, ez digute nahi duguna erraten uzten”.
Borroka antirrazistaren subjektua pertsona beltzak eta arrazializatuak direla nabarmendu dute 2manouk eta Beltxak, eta bidean aurkitu dituzten zailtasunei aurre egiteko erabili nahi dutela musika: “Entzun nahi ez duten hori errateko”. Aldarria musika bilakatu dute, zapalkuntzaren aurka egiteko.
Migratzaileek beren egunerokoan dute zapalkuntzaren aurka egiteko beharra. Iruñean ere bai. Errealitate horrek ere eragin die Afrikans taldeko musikariei, diskoa ondu behar izan baitute migratzaile izateak dakarren testuinguruan: “Paperak, etxebizitza alokatzeko zailtasunak, Poliziaren jazarpena…”, azaldu dute taldeko kideek. “Africa United elkartean atzean dugu Polizia beti”, salatu dute.
Piedrafitaren estudioan
Afrikarrak dira 2manou eta Beltxa, eta Afrikako doinuak jaso nahi izan dituzte BRO lanean. Ez hori bakarrik. “Senegalgo kide batek lagundu digu, handik, gure kantak moldatzen; Afrikako ukitua eman nahi izan diogu diskoari, afrikar izaera hori nabarmendu”, kontatu du 2manouk. “Kantak hemen egin, Senegalgo lagunari bidali, eta, hark moldatu eta gero, hemen grabatzen genituen berriz ere”.
Afrikans taldeko kideak 2manouren autoan hasi ziren entseatzen; Iruñeko, Burlatako eta Zizur Nagusiko zenbait etxe eta gelatan ere jo izan dute, egun Iruñeko Jazar gunean duten gelara iritsi arte. “Josteko nire lantegia dut Jazarren; beharra ikusita, tailerra grabazio estudio ere bilakatu dugu”, erran du Beltxak.
Afrikako hizkuntzak entzunarazi dituzte estudioan, gero kanten bidez zabaltzeko. 2manouk yemba erabili du kantatzeko; bere ama hizkuntza, alegia. “Kamerunen, tamalez, denek elkar ulertzeko frantsesez edo ingelesez egin behar dugu, zapaltzaileen hizkuntzan”. Kamerunen 253 hizkuntza daudela erantsi du; Senegalen ere hamabost inguru daudela azaldu du Beltxak, eta horietako bat dela wolofera, denek elkar ulertzeko erabiltzen dutena. Beltxak woloferaz abestu du BRO diskoan.
Nafarroako ukitu bat ere jaso du BRO lanak, Afrikans taldeko kideek Iker Piedrafita musikariaren El Sotano estudioan egin baitute azken grabazioa, Artikan. “Anitz lagundu digu”, nabarmendu dute 2manouk eta Beltxak, Piedrafitari buruz.
Diskoa kaleratu eta gero, zabaltzeko ordua dute orain. Plataforma digitalen bidez ez ezik, zuzenean ere bai: hilaren 18an, hain zuzen, Lekeition izanen da Afrikans, eta datorren uztailaren 15ean, Irunen. 2manouk eta Beltxak Bidasoan zendu diren migratzaileak oroitu nahi izan dituzte. Haiengatik ere joko dute; haiengatik eginen dute dantza.
Argazkia: Dabid Sanchez.