Ekhi Huartek ‘Vuelo de albatros’ poema liburua argitaratu du; eskuz egindako ehun ale kaleratu ditu, Arga eta Felix Garrido errehabilitazio psikosozialerako zentroetako erabiltzaileen laguntzarekin.
Edurne Elizondo
Hegalak zabaldu, eta bere poemen bilduma bat argitaratu du Ekhi Huartek (Iruñea, 1981): Vuelo de albatros. Ez da nolanahiko lana ondu duena: eskuz jositako ehun ale kaleratu ditu; eskuz marraztu du egileak ale bakoitzaren azala; guztiak dira ezberdinak, ale bakoitza da bakarra. Nafarroako Liburutegira eraman ditu, herritarren esku jartzeko, herriz herriko liburutegien bidez.
Huartek idatziak dira Vuelo de albatros obrako poemak, baina liburuak izaera eta helburu kolektibo bat du, zalantzarik gabe: aniztasun mentala duten eta sufrimendu psikosozialeko esperientziak izan dituzten pertsonentzat helduleku bat izatea du helburu, eta, aldi berean, egungo sistema psikiatrikoari egin nahi dio kritika.
Sistema hori ederki ezagutzen du Ekhi Huartek; badaki osasun mentaleko diagnosi bat jasotzeak zer ondorio izan dezakeen: “Diagnosiak eta tratamenduak suntsitu egiten zaituzte; hutsaren hurrengo bilakatzen zara; gizarteak bazter uzten zaitu, ez duzu deustarako balio”.
Huarte Sarrigurengo Felix Garrido errehabilitazio psikosozialerako zentroko erabiltzailea da, eta han ezagutu zuen Romy Sordomez, urte hasieran. Gizarte hezitzailea da Sordomez; Filologia Hispanikoa ere ikasi zuen, eta literaturarako zaletasuna izan zen haren eta Huarteren adiskidetasunaren abiapuntu.
Adiskidetasun horrek eman du bidea Vuelo de albatros argitaratzeko. Huartek Sordomezen esku jarri zituen Pájaro de fuego eta Grajas, cornejas, pelícanos izenburuko bere lanak, eta elkarrekin hasi ziren bi obra horietako poemekin orain kaleratutako bilduma pentsatzen eta prestatzen. “Ekhiren poemak irakurri nituenean, pentsatu nuen hagitz garrantzitsua zela haren esperientziak partekatzea; ezinegona kolektibo bilakatzea bada sufrimendu horri heltzeko modu bat, eta hori egin nahi genuen”.
Psikiatriaren bertze eredu bat aldarrikatzen duen osasun mentalaren esparruko ekintzailea ere bada Sordomez, eta jarduera horrekin lotu du Huarteren liburua: “Botikek ezin dute dena konpondu; hori ezin da izan bide bakarra. Bertzelako espazioak sortu behar ditugu sufrimendu psikosoziala jorratzeko”. Liburua ontzeko prozesuan, hain zuzen, Iruñeko Arga eta Felix Garrido errehabilitazio psikosozialerako zentroetako erabiltzaileak izan ditu Huartek lagun, eta auzolan hori aldarrikatu du Sordomezek “bertzelako espazio” gisa.
“Bide zuzen bat”
Ekhi Huartek 17 urte zituenean jaso zuen osasun mentaleko bere diagnosia. Une horretan ikasi zuen zenbaterainoko sufrimendua eragin dezaketen buruko gaitzen inguruko estigmak eta aurreiritziek.
Barrua husteko tresna bilakatu zuen aurretik ere lagun zuena: idazten hasi zen. “Koaderno bat eta bertze betetzen hasi nintzen; ematen zuen nire buruak bide zuzen bat ireki zuela hitz horiek guztiak paper batean jartzeko”. Hitzekin batera, marrazkiak eta margoak. “Txikitatik marraztu dut”, zehaztu du Huartek. Hitzak, marrazkiak, margoak; dena, bere baitan hasitako “bilaketari” erantzun bat emateko.
Bere artearen bidez, nolabait, sistemak eragindako sufrimenduari aurre egiteko bidezidorra bilatu du Huartek, nor den aldarrikatuz, eta balioa emanez bere esperientziei. “Sistemak ukatu egin ditu nire delirioak, baina nik garbi erran nahi dut nire lan gehienak nire delirioen barruan dagoen toki batetik idatzi ditudala. Irudimen handia dut, baina delirioaren barruan idazten dudanean ere segitzen dut errealitatea ikusten”, aldarrikatu du idazleak.
“Gauza handia da liburu hau kaleratu izana”, nabarmendu du Romy Sordomezek, Huarteren azalpenak entzun eta gero. Nafarroako Liburutegian harrera beroa egin diote lanari, eta Huartek eta Sordomezek biziki eskertu dute.
Eskertu eta nabarmendu dute, gainera, Arga eta Sarrigurengo Felix Garrido errehabilitazio psikosozialerako zentroetako erabiltzaileen parte hartzea. Vuelo de albatros lana liburutegien esku da, eta, uda pasatuta, Uharteko Arte Garaikideko Zentroan aurkeztuko dute: irailaren 23an, 18:30ean.