Hegoak elkarteak ateak itxi ditu, “erakundeen babesik ezarengatik”

Hegoak elkarteak ateak itxi ditu, “erakundeen babesik ezarengatik”

Ia hiru hamarkadaz aritu da lanean droga kontsumoaren inguruan. Pandemiak «ito» du taldea.

Edurne Elizondo

“Akitu arte egin dugu hegan, eta itsasoaren erdira erori gara”. Irudi horren bidez azaldu du Hegoak elkarteko kide Floren Luquik jarduera eten eta ateak ixtea erabaki dutela. “Pandemiak ito” dituela erran du, eta “erakundeen babesik ezak” bertze aukerarik ez diela eman. “Hagitz tristea da, baina ezin dugu lanean jarraitu”.

Hegoak Barañainen sortu zuten, 1994. urtean; droga mendekotasuna zutenen zenbait senidek eta lagunek jarri zuten elkartea martxan. Heroinaren garaia zen ordukoa, eta, Hegoak elkartearen bidez, pertsonen prozesuak jarri nahi izan zituzten erdigunean. Elkarteko kideek ia 30 urtez eutsi diote filosofia horri: droga kontsumitzen dutenengana hurbildu dira, eta haien guneetan toki bat lortu dute. “Errespetuz” aritu direla nabarmendu dute, “inor epaitu gabe”.

Lan egiteko modu horrek ekarri du Hegoak elkarteko kideak gazteen besta esparruetan sartzea, bai eta haien etxabeetan ere. “Espainiako Estatuan erreferente bilakatu gaitu gazteekin lortu dugun harreman hurbil horrek”, nabarmendu dute Hegoak elkarteko kideek. Drogen kontsumoaren arriskuez eta ondorioez ohartarazi dituzte gazteak; informazioa haien esku jarri, eta gazteok lagundu dituzte hartu dituzten erabakietan.

Lan hori egiteko, gazteen aisialdiko guneetara joan dira Hegoak elkarteko kideak, eta kontsumitzen ari ziren drogen analisiak egin dituzte, bertzeak bertze. Garaian garaiko substantzien berri jaso dute, eta beren jarduera unean uneko beharretara egokitu ahal izan dute.

2012ko plana, giltzarri

Garaian garaiko errealitatera moldatuz joan dira Hegoak elkarteko kideak; Nafarroako Gobernutik drogen

mendekotasunari buruz zehaztutako politikek ere markatu dute haien bidea, halere. Bide horretan 2012. urtea giltzarri izan zela azaldu dute Hegoak elkarteko arduradunek.

2012an, Drogen eta Bertzelako Menpekotasunen Prebentziorako II. Plana onartu zuen Nafarroako Gobernuak. “Lehen planeko oinarriak erabat aldatu zituen bigarren horrek, eta drogen auziko politiketan atzera egitea ekarri zuen, zaharkituta zeuden irizpideak ezarriz”.

Plan horren ondorioz, Nafarroako Gobernuak %65 murriztu zituen Hegoak elkartearen diru laguntzak, eta “zaildu” egin zuen taldeko kideen jarduera. Hurrengo urteak “hagitz zailak” izan zirela kontatu dute Hegoak elkarteko kideek. 2019an onartutako droga mendekotasunen prebentziorako hirugarren planak “haize pixka bat” eman zion erakundeari, baina, 2020an pandemiak eztanda egin eta gero, egoerak okerrera egin zuen.

Hirugarren plan horrek egindako urratsa eskertu zuen Hegoak elkarteak, onartu zutenean. “Egoera berrietara egokitzeko” ahalegina onartu zion elkarteak testu berriari. Pandemiak, baina, ez du aukerarik eman plan hori behar bezala garatzeko orain arte, eta zuzenean eragin dio, gainera, elkartearen jarduerari. “Hirugarren planarekin lortu genuen gure tokia berreskuratzea, neurri batean, baina osasun krisiak betean jo gaitu. Inor ez da oroitu irabazi asmorik gabeko erakundeokin”, salatu du elkarteko Floren Luquik.

Elkarteko kideek berretsi dute administrazioaren babesik gabe ixtea bertze erremediorik ez dutela izan. Joan den astean egin zuten agerraldia, Iruñean, erabaki horren berri zabaltzeko. Eskertu nahi izan zuten ia 30 urteko bidean lagun izan dituztenen babesa, eta haien bidez nahi dute orain Hegoak elkartearen filosofiak aurrera egin dezala: “Kontua da jakitea kontsumitzen duenak zergatik egiten duen, zertarako, zer, noiz eta zenbat”.

Hegoak elkarteko kideek eskaera bat egin diete erakunde publikoei, atea erabat itxi baino lehen: “Instituzioek benetako konpromiso bat hartu behar dute prebentzioaren alde; gazteekin lan egiten duten erakundeekin hitzarmen egonkorrak behar dira”. Helburua da erakunde horiek ez desagertzea.

Gazteak, profesionalak eta familiak hezten jarraitzeko beharra nabarmendu dute Hegoak elkarteko arduradunek, agurraren unean. Ia 28 urtez egin diete aurre kontsumoarekin lotutako arazoei. Orain, atea itxi dute.