Goiak hasi, eta auzolanean bukatu

Goiak hasi, eta auzolanean bukatu

Josu Goia zenak duela 30 urte hasitako tailua bukatu dute zenbait herritarrek, Beran. Hamahiru laguneko talde bat aritu da urritik lanean, Migeltxo Etxeberriak, Jose Inazio Telletxeak eta Luis Mari Esartek gidatuta.

Edurne Elizondo

Bere tokian, azkenean. Josu Goia zenak duela 30 urte diseinatu eta hasitako egurrezko tailua Berako herriko etxeko paretan zintzilikatu dute. Herritar batzuek amaitu dute, auzolanean. Maiatzaren 21ean inauguratu zuten. Obra amaitu duten herritarrek bazkari batekin ospatu zuten. Han zen Migueltxo Etxeberria zubietarra; zurgina lanbidez, taillatzen hasi zen erretiroa hartu eta gero, eta Jose Inazio Telletxearekin eta Luis Mari Esarterekin batera, Goiak hasitakoa amaitu duen lantaldea zuzentzen aritu da.

“Lan polita izan da, eta berehala erran nuen baietz, proposatu zidatenean. Gustura aritu gara, eta kontent gara emaitzarekin”, nabarmendu du Etxeberriak. Ia sei metro zabal eta bi luze den tailu bat da emaitza. Berako armarria du elementu nagusi, eta, haren ondoan, Euskal Herriko herrialdeetakoak. Herriko etxeko arkupean zintzilikatu dute, Josu Goiaren asmoa baitzen lana beratarrei eskaintzea.

Tailua ez da Beran dagoen Goiaren obra bakarra. Bertze hamaika eskultura egin eta herriari eman zizkion, jorratu zituen esparru guztietan aritu baitzen herrira hagitz lotua. 1947. urtean sortu zen Goia, Beran, eta 2018ko azaroaren 3an zendu zen. Politikan ez ezik —Herri Batasuneko lehen Mahai Nazionaleko kide izan zen, bai eta legebiltzarkide ere, 1979. urtean, Nafarroako Parlamentuan—, kulturaren esparruan ere egin zuen lan handia. Herrian, Gure Txokoa elkartea sortu zutenetako bat izan zen, eta martxan jarri zuen, halaber, Kultur Astea.

Josu Goiak hasi eta auzolanean amaitu duten tailua, burutzeko prozesuan.

Auzolana, hasieratik

Orain burutu duten Goiaren tailua berezia da, duela 30 urte hasi baitzuten, orduan ere auzolanean. Hasierako lantaldean aritu zirenetako bat da Rafa Unsion, eta hari esker jarri da martxan obra bukatzeko aukera eman duen oraingo bidea. “Josuk [Goia] Etxalarko bere baserrian zuen tailua; duela 30 urte inguru hasi ginen lanean, baina gero utzi, eta erabat ahaztua izan dut orain arte”.

Goia hil eta gero, lanarekin oroitu, eta familiari galdetu zion Unsionek. Baserria saldua zen ordurako, baina jabearekin harremanetan jarri, eta tailua Berara eramatea lortu zuen.

Alkaiagako industrialdeko pabiloi batean aritu dira lanean tailua bukatu duten herritarrak. “Hamahiru pertsona aritu gara, bakoitza bere neurrian”, azaldu du Unsionek. Etxeberriaren gidaritza lana nabarmendu du, eta garbi utzi du harena, eta Telletxearena eta Esarterena dela “meritu nagusia”.

Etxeberriak denen ekarpenari eman dio balioa, baina aitortu du azken txanpan “gutxi” zirela lanean segitzen zutenak. Urrian hasi ziren, eta maiatzera arte aritu dira. Lehenik eta behin, duela 30 urte taillatzen hasitako egurra tratatu behar izan dute. “Egur zatiak okertuak ziren denboraren eraginez; denak zuzendu eta ongi itsatsi behar izan ditugu”, kontatu du Etxeberriak.

Goiak diseinatutako marrazkiak berriz markatu eta taillatzen hastea izan zen hurrengo urratsa. Horretan aritu dira, maiatzaren 21ean Berako herriko etxeko paretan jarri zuten arte. Berako Udalak diruz lagundu du tailua bukatzeko eta zintzilikatzeko prozesua, hain zuzen ere, eta eskertu du parte hartu duten herritar guztien lana.

Unsion kontent da, ziklo bat itxi baitu, nolabait, tailua zintzilikatu eta gero. Auzolanean hasi, eta auzolanean amaitu dute. Goiak herria omendu nahi zuen, eta herriak, orain, artista omendu du lana zintzilikatuz.