Teletaxi enplegu zentro bereziko langileek greba hasiko dute gaur

Teletaxi enplegu zentro bereziko langileek greba hasiko dute gaur

Greba mugagabera deitu dute. Enpresari eskatu diote bete dezala otsailean adostu zuten akordiorako oinarria. Salatu dute negoziatzeko borondaterik ez duela izan apiriletik.

Edurne Elizondo

Iruñeko Teletaxi enplegu zentro bereziko langileek greba mugagabera deitu dute, gaurtik aurrera. Ekainaren 14an, egun bateko lanuztea egin zuten, baina protestak ez zuen lortu enpresako arduradunen jarreran eragitea, eta, ondorioz, joan den astean iragarri zuten greba mugagabea egiteko pausoa emanen zutela. Gaurkoa izanen dute lehen eguna.

Langileen aldarria argia da: “Bete dezatela aurreakordioa”. Izan ere, urtebete luzez lan hitzarmena negoziatzen aritu eta gero, enpresak eta langileek proposamen bat adostea lortu zuten, joan den otsailean. Akordiorako oinarri horretan jaso zuten 2021ean soldata eguneratuko zutela; 2022an KPIaren arabera igoko zutela; eta 2023an, berriz, KPIa +%0,5 igoko zutela.

Apirilean, baina, enpresak atzera egin zuen. “Apirilaren 12an jakinarazi ziguten ez zutela aurrera eginen aurreakordioarekin”, azaldu du Teletaxiko langileen batzordeko ordezkari Iosu Caballerok (ELA). Salatu du enpresak negoziatzeko borondaterik ez duela izan ordutik. “Ez digute bilera bakar bat egiteko deitu ere egin”.

Egunean 24 orduz

Teletaxiko langileek taxilarien eta erabiltzaileen arteko zubi lana egiten dute: Agustindarren industrialdeko egoitzatik kudeatzen dituzte herritarrek zerbitzua eskatzeko egiten dituzten deiak. Ondorioz, taxiek karrikan jarraituko duten arren, gaur hasiko den grebak gidarien egunerokoari eraginen dio.

Ekainaren 23an, Teletaxiko enplegurako zentro bereziko langileek elkarretaratzea egin zuten, Iruñerriko Mankomunitatearen egoitzaren aurrean. Maider Lusarreta zen protesta egiten ari zirenetako bat, eta herritarrei eskatu nahi izan zien, pankartaren atzetik, balioa eman diezaiotela Teletaxiko langileek egiten duten lanari.

“Urte osoan eta egunean 24 orduz gaude telefonoaren bestaldean. Herritarrek deitzen dutenean, beti bada norbait deia hartzeko. Ulertu behar dute lan baldintza duinak behar ditugula”, erran du Teletaxiko langileak.

Lusarreta duela sei urte hasi zen Teletaxi zentroan lanean. Hamabost pertsonak osatzen dute lantaldea, eta, enplegurako zentro berezi bat denez, langileon %70 dira elbarriak. Lusarreta da desgaitasunen bat duten langile horietako bat. “Guretzat, are zailagoa da lan bat aurkitzea; lortzen duzunean, gelditu besterik ez duzu nahi, baina horrek ez du esan nahi gure eskubideak aldarrikatu behar ez ditugunik”.

Langabeziak gogor jotzen du desgaitasunen bat dutenen multzoa: elbarri direnen %27 daude lanik gabe, Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokiak egindako 2020ko txostenaren arabera. Lan merkatuan sartzen direnean ere, beti ez dute lortzen lanpostua euren ezaugarrietara egokitzea. “Aulkiak aldatzeko ere, lanak. Aspalditik ari gara aulki eta pantaila berriak eskatzen, eta ez digute jaramonik egiten. Norbait gaixotzen denean, gure artean moldatu behar dugu; antzinatasuna ere kendu ziguten. Denbora asko daramagu galtzen”, kontatu du Lusarretak.

Enpresak akordiorako oinarria bertan behera utzi eta gero, langileek egun bateko lanuztea egin zuten, ekainaren 14an. Protestak, baina, ez zuen aldaketarik eragin, Iosu Caballerok berretsi duenez. “Aurreakordioa betetzen ez badute, greba mugagabearen bidetik eginen dugu aurrera. Ez digute bertze aukerarik utzi”, erran du ordezkariak.