Baztan berriro margotzen

Hamabi arte erakusketa izango dira aurten Baztanen. Inguruko artisten margolanak ikusteko aukera egongo da, pandemia garaian alde batera geratu ziren pintzelei berriro lekua eskainiz.

Itsaso Jauregi

Mihiseak hutsik egon dira bi urtez. Baztanen uda oro antolatzen diren erakusketek itxaron egin behar izan dute pandemia dela eta, baina artistek haien kolore paleta hedatzen jarraitu dute. Hamabi arte erakusketa izango dira aurten Baztanen.

Ez da jarduerarik gabeko garaia izan Diana Iniestarentzat (Sabadell, Herrialde Katalanak, 1971), sorkuntzaz betetako aroa baizik: “Niretzat, pandemia lagungarria izan da. Bi hilabetez kanpoan bizi ondoren, etxera itzuli nintzen, eta nire ideia artistikoak ordenatu ditut”, esan du margolariak.

Erratzu-New York-Erratzu da Iniestak gehienetan egiten duen bidaia: “New Yorken egin ditudan ikasketak artean baliabide gehiago lortzeko izan dira, gero nik Erratzun askatasunez margotzeko”. Independentzia horretan oinarrituta antolatu du artistak aurtengo erakusketa, Erratzuko bere estudioan kokatuta.

Tomas Sobrinok (Elizondo, 1953) ez du pintzela askatu bi urte horietan, eta esan du bere sortze prozesuak “berdin” jarraitu duela: “Nik uda honetan arte erakusketa egingo dut. 29 urte daramatzat horretan; pandemian ere ez naiz gelditu”. Arizkunenea kultur etxean aurkeztuko ditu hainbat urtetan sortutako obrak.

Tomas Sobrino Arizkunenea kultur etxean bere obren aurrean. Jagoba Manterola / Foku.

 

Pasioaren jaiotza

Pinturaren atzaparrek oso adin ezberdinetan harrapatu zituzten bi artistak. Kataluniako margolariari 11 urte zituelarik iritsi zitzaion artearekiko maitasuna, margolari inpresionistak lehen aldiz begiztatu zituenean: “Gure irakasleak inpresionisten xafla txiki batzuk eman zizkigun, eta nik argizari eta errotuladoreekin kopiatu nituen”, aipatu du Iniestak.

Adin nagusiko izatean, etxetik ihes egitea erabaki zuen, arte erakusketa bat ikusteko: Diego Velazquezen obra erakusten ari ziren Prado museoan, Madrilen. “Han, errealistak ezagutu nituen, eta hor erabaki nuen ni margolari errealista izango nintzela”, esan du artistak.

Erakusketaren katalogoa “oraindik” gordetzen duela onartu du Iniestak. Gaztaroan, Bartzelonako eta Madrilgo hainbat akademiatan formakuntza jaso zuen, txikitatik izandako ametsa betetzeko asmoz.

Baina beti ez da posible zaletasuna lanbidea ere izatea. Sobrinoren kasuan, artea asteburuetan egiten zuen jardunaldia zen. “1993an nire lana uztea erabaki nuen pinturan aritzeko, ezin nuelako erdizka egin”, dio artistak. Erabaki “arriskutsua” izan zela onartzen du margolariak, baina baita “onena” ere: “Hor jarraitzen dut, ilusio honekin lehen egunetik”.

Baina lilura koloretsua mantentzea ez da beti erraza. Sobrinok dio “ia ezinezkoa” dela arteaz bakarrik bizitzea: “Margolariok eta superheroiak antzekoak gara; biok beste lanbideren bat dugu”. Koadroen salmentatik bakarrik ezin dela bizi aipatu du margolariak, eta areto batzuen partetik jasotzen duten tratua kritikatu du: “Lana aurkezten duzu leku batean, eta, askotan, kobratu egiten dizute, edo koadro bat eman behar diezu. Musikari bati kontzertu bat eman eta gero gitarra kenduko bazenio bezala da”.

Baztan koloretsua

Pasioa finantzatzeko, bi margolariek arte ikastaroak antolatzen dituzte urtero. Sobrinok Jose Maria Apezetxearekin ematen zituen, eta harreman estua mantendu zuen duela bost urte zendu zen artistarekin: “Hura izan zen nire maisua, baita nire aita ere”, esan du pintoreak. Uda oro antolatzen ditu eskolak Baztango natura margotzeko asmoz. Edonork parte har dezake, baldintza batekin: gero lanak komentatzea, pintxo bat jaten duten bitartean: “Mundua oso indibidualista da, baina taldeak funtsezkoak dira, ezin dugu elkarrekin ikasteko nahia galdu”, aipatu du Sobrinok.

Iniestak ikasgeletatik kanpo tailerrak ere antolatzen ditu, non pintura eta terapia elkartzen diren: “Artea norbere buruarekin topo egitea da, lotsarik gabe. Horregatik, terapiarekin harreman zuzena du”, dio artistak. Pintzela indartsu itzuli da Baztanera.