Medikuak behar dituztelako

Sakanako Osasun Publikoaren Aldeko Plataformak protesta eginen du abuztuko astelehenetan, Altsasuko osasun etxerako konponbide bat exijitzeko. Altsasuko, Ziordiko eta Olatzagutiko herritarrak artatzen ditu, eta sendagileak falta direla salatu dute.

Edurne Elizondo

“Medikuak behar ditugu”. Hori da Sakanakako Osasun Publikoaren Aldeko Plataformako kideen aldarri nagusia. Eskaera sinplea da, eta, aldi berean, Altsasuko osasun eremuaren egoera “latza” uzten du agerian: “Zazpi mediku eta erdi dagozkigu, eta, oro har, bat edo bi egoten dira. Medikuak behar ditugu”.

Plataformako kide eta bultzatzaile Gurutze Arregi altsasuarrarenak dira hitzak. Abenduan sortu zuen taldea, Jose Antonio Donlorekin batera. Orain, Altsasuko, Olatzagutiko eta Ziordiko hainbat herritar ari dira plataforman lanean, Altsasuko osasun etxearentzat konponbide bat exijitzeko. Zentro horrek hiru herriotako biztanleak artatzen ditu.

Altsasuko osasun etxean duten egoera salatzeko, Sakanako plataformak elkarretaratzera deitu du: abuztuko astelehenetan eginen dute protesta, 12:00etan, osasun etxearen aurrean. Plataformak mobilizazioak sendotzeko asmoa du, gainera, irailetik aurrera. “Sakanako bertze hamaika eragilerekin egin ditugu bilerak, eta babesa emateko prest dira. Indarrak batuko ditugu”, kontatu du Donlok.

Herritarren kezka ez da oraingoa, baina gora egin du azken urteotan. Donlok garbi erran du osasun etxeko profesionalek “ahal dutena” egiten dutela, eta plataformak administrazioari exijitu diola “ardura” har dezala. “Orain, erabiltzaileok ez dugu arreta egokirik; eta langileek ez dute baldintza duinik ere”, salatu du Donlok.

Ekintza plana

“Duela urtebete oinarrizko arreta osatzen duten eragile guztiekin jarri ginen harremanetan, zehaztu ahal izateko zer den urgentziazkoa, eta horren araberako ekintza plan bat osatzeko. Plan hori garatzen ari gara, oinarrizko arretarako sarbidea errazteko, antolakuntzan hobera egiteko, eta profesional gehiago kontratatzeko, bertzeak bertze”. Hitz horiek Nafarroako Osasun kontseilari Santos Indurainek erran zituen, joan den abenduan, orriotan. Ekainaren 21ean, herrialdeko alkateen aurrean ekintza plan hori aurkezteko bilera sorta amaitu zuen Indurainek.

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak zenbait neurri zehaztu zituen, plan horren harira, Altsasuko osasun etxeko egoera arintzeko asmoz. Lan Eskaintza Publiko bat egin zuten, apirilean, lau mediku postu betetzeko. “Horrek arazoa konponduko zuela erran ziguten Nafarroako Gobernutik, baina berdin segitzen dugu: hagitz gaizki”, erran dute Donlok eta Arregik.

Izan ere, postuak banatu arren, mediku bakar bat hasi zen maiatzean lanean. “Bik eszedentzia hartu zuten, eta hirugarrena zerbitzu batzorde batean da”, azaldu du Arregik. Uztailean bertze bi postu atera ditu Osasun Departamentuak, baina Sakanako plataformako kideak gauza bera gertatuko ote den beldur dira. Oraingoz, bete gabe daude postu horiek.

Egoera horrek osasun etxeko egunerokoan du isla zuzena. Uztailaren 21ean, adibidez, zentrora joan ziren herritarrek kartel bat aurkitu zuten atean: “Gaur larrialdi eta osasun ordu atzeraezinak baino ez dira artatuko medikuen faltagatik”; horixe idatzi zuten osasun etxeko langileek atean jarritako oharrean.

“Ez da egun bateko kontu bat; hori da larriena: arazoa kronifikatu da, eta maiz aurkitzen ditugu gisa horretako kartelak osasun etxean. Telefonoz deitu, eta gauza bera, medikurik ez dagoela esaten digute”, erran du Gurutze Arregik.

Oinarrizko arretan medikuen eta gaixoen arteko konfiantzazko harremana sortzen ohi da, baina Altsasuko osasun etxeko erabiltzaileentzat “zaila” da konfiantzazko giro bat lortzea: “Zazpi mediku omen ditugu, baina bakarra edo bi egoten dira. Erabiltzaile anitzentzat medikua aldi oro da ezberdina, eta horrela ezin da”, aipatu du Jose Antonio Donlok.

Alkateen kezka

Sakanako alkateek ere badute kezka —kalitatezko osasun sistema publiko baten aldeko mozioak onartu dituzten zenbait herritan—. Ekainean, Nafarroako Parlamentuan izan ziren Altsasuko, Olatzagutiko eta Ziordiko udaletako ordezkariak, Altsasuko Osasun Kontseiluko presidente Javier Pazekin batera.

“Urgentziazkoa da gure osasun etxera mediku gehiago ekartzea. Adabakiak baino ez ditugu jaso, orain arte; bertze zerbitzuetako edo eremuetako profesionalen aparteko orduen bidez ari dira hutsuneak betetzen, eta ezin dugu horrela segitu”, erran zuen Pazek, Iruñean, ekainean, Nafarroako Parlamentuko kideen aurrean.

Parlamentuko Osasun Batzordean egindako agerraldi hartan, PSNko parlamentariek ere onartu zuten egoera ez dela egokia: “Arazo orokorra da, halere, mediku falta”, erran zien Nuria Medina parlamentari sozialistak. Uztaileko azken bi postuak abuztuan betetzeko “aukera” dagoela erantsi zuen.

Zain dira Sakanan. Ez bakarrik han: Nafarroako Osasun Plataformak herrialde osoko oinarrizko arretaren egoera jarri du erdigunean. Prekaritatea da arazo nagusietako bat, kideek azaldu dutenez, eta pribatizazioa, berriz, arrisku handietako bat.

DATUAK

9.300

ALTSASUKO ZENTROAK HARTZEN DUEN BIZTANLERIA Ia7.500biztanledituAltsasuk; ia 1.500 Olatzagutiak, eta 352 Zior-diak. Altsasuko osasun etxeak. beraz, 9.352 biztanleko populazioa artatzen du.

7,5

ZENBAT MEDIKU DAGOZKION ALTSASUKO EREMUARI
Sei familia mediku dagozkio Altsa- suko osasun eremuari —lau Altsa-sun, bat Olatzagutian eta bat Altsasu eta Ziordia artean—, eta pediatra bat eta erdi.

628.000

ZENBAT PERTSONAK JO DUTEN OINARRIZKO ARRETARA Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren arabera, 628.000 pertsonak jo dute oinarrizko arretara, 2021ean; hau da, ia biztanleria osoak.

Osasun garraioa “kinka larrian” dagoela salatu dute Erriberako SSGko langileek

CCOO sindikatuak Lan Ikuskaritzara jo du, eta administrazioari eskatu dio enpresa iker dezala. Anbulantzien egoera «txarra» dela erantsi dute.

Anbulantzai bateko kideak pertsona bat artatzen, simulakro batean.

E. Elizondo

Osasun garraioa “kinka larrian” dago Erriberan. Horixe salatu dute CCOO sindikatuko kideek. Jendaurrean azaldu dute zerbitzuak “gabeziak” dituela, eta SSG enpresa jo dute egoeraren arduradun. Gainera, Lan Ikuskaritzara jo dute, eta Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Lan Ministerioari eskatu diete iker dezatela zer gertatzen ari den. Sindikatuak uste du enpresak “iruzur” egiten diela nafarrei.

Gaur egun, bi enpresaren esku dago Nafarroako osasun garraioa: SSG da bat —Tutera eta Erronkari-Zangoza eremuetan ari da— eta bertzea Baztan Bidasoa —gainerako eskualdeetan—. Gobernuak bi etxe horiekin zuen kontratua amaitu da, berez, eta, ondorioz, administrazioaren aldetik, bidegabeko aberaste egoera batean daude: hau da, gobernuak merkatuaren egungo prezioen arabera ordaintzen du zerbitzua.

2017an, Nafarroako Gobernuak iragarri zuen 2018rako osasun garraio sistema osoa publikoa izanen zela. Asmoari eutsi dio administrazioak, baina ezin izan du gauzatu, oraingoz. Osasunbideko Zuzendariotzaordeak berretsi du garraioa kudeatuko duen enpresa publiko bat sortzea dela helburua, eta une honetan enpresa hori sortu aurreko kontsultak eta txostenak egiten ari dela Osasun Departamentua.

Hondatuta

CCOO sindikatuak ere babestu du zerbitzuak publikoa izan behar duela. SSGri buruz, CCOOko Tuterako ordezkariek garbi dute enpresak ez duela gobernutik jasotzen duen dirua “ongi” erabiltzen. “Langileak falta dira. Nafarroako Gobernuak hiru pertsona kontratatzeko baliabideak eman zizkion enpresari; kontua da, aurretik, enpresak bete gabe zituela bertze bi postu”, salatu dute.

Anbulantzien egoera “txarra” dela erantsi dute, eta anitzetan hondatzen direla. Halakoak gertatzen direnerako erreserban dituzten ibilgailuetako zenbait “hutsik” daudela salatu dute, gainera, eta, ondorioz, larrialdi bat gertatzen denean, ezin dituzte erabili.

SSG enpresak hamalau anbulantzia ditu zerbitzua betetzeko, eta bertze hiru erreserban. Baztan Bidasoak, berriz, 48 ditu zerbitzurako, eta bertze bederatzi, berriz, erreserban.