Plaza bat gogoetarako

Plaza bat gogoetarako

NAK Nafarroako Musika Garaikideko Jaialdia abian da, Iruñean, irailaren 17ra bitarte. Zortzigarren aldia du aurtengoa, eta ‘Mitotik logosera’ izenburupean antolatu dute. Garaikideak kolektiboak sustatu du NAK proiektua, hausnarketa, eraldaketa eta ikerketa bultzatzeko asmoz.

Edurne Elizondo

Bertze urrats bat egin du NAK Nafarroako Musika Garaikideko Jaialdiak bere bidean: abian du zortzigarren aldia, Iruñean, irailaren 17ra bitarte. Mitotik logosera izenburupean, antolatzaileek Ramon Andres filosofoaren testuak hartu dituzte oinarri, jaialdia gogoeta sustatzeko plaza bilakatzeko asmoz.

“Gaur egungo gertaeren zurrunbiloan egunerokoak ez digu pentsatzeko aukerarik ematen ere. Eta behar dugu: gelditu behar dugu; entzun, pentsatu, hausnartu. Gizatasuna berreskuratzeko beharra dugu!”. Yolanda Campos Berguarenak dira hitzak (Jaca, Espainia, 1973), NAK jaialdiko zuzendari artistikoarenak. Ramon Andres filosofoaren testuetan aurkitu du gogoeta egiteko nahi duen plaza, eta testu horiek oinarri hartuta prestatu du, lantaldearekin batera, abian den aurtengo egitaraua.

Garaikideak taldeko musikariak.

Garaikideak kolektiboak sortutako proiektu bat da NAK. Garaikideak 2010ean jarri zen martxan, egileen eta jotzaileen arteko topaketa batean. Euskal Herriko eta Errioxako eta Aragoiko (Espainia) zenbait musikarik egin dute bat taldean, geroztik. 2015. urtea giltzarri izan zen Garaikideak taldeko konpositoreentzat eta interpretatzaileentzat, urte horretan erabaki baitzuten NAK jaialdia antolatzen hastea.

Eta ordutik ez du hutsik egin; 2020an ere, pandemia lehertu zenean, jaialdia egin zuten. 2020an, hain zuzen, musikaren bidez “dena astintzeko” eta “kultura aldarrikatzeko” aprobetxatu nahi izan zuten jaialdia Garaikideak kolektiboko kideek. Kulturak duen indar eraldatzailea hastapenetik jarri dute erdigunean, eta, aurten ere, mezu hori nabarmendu nahi izan du Campos Berguak. “Musikaren lengoaiak pentsamenduaren atea irekitzen ahal digu”.

Soinua, hitza baino lehen

Mitotik logoserako bideaz, filosofiaren hastapenaz, ezagutzaren bilaketaz eta bertzez irakurritakoak daude Garaikideak kolektiboko kideek aurten prestatu duten jaialdiaren oinarrian. Erdigunean, Ramon Andres filoso nafarraren testuak (Iruñea, 1955). “Bereziki, El mundo en el oído“, nabarmendu du Campos Berguak. Egungo kapitalismoak ezarritako erritmoari ihes egiteko beharraz aritu nahi dute, gogoeta egiteko beharraz, gizatasuna berreskuratzeko asmoz. “Andresen esaldi bat jaso dugu gure programan, ederki azaltzen duelako gure funtsa: hasieran ez zegoela hitza, soinua baizik”.

MUOM taldea.

Andresen testuak oinarri, aurreko urteotako egiturari eutsi dio aurtengo NAK jaialdiak, eta kontzertuak izanen dira prestatu duten egitarauko saio nagusiak. Baina bada gehiago: NAK Didaktikoa izenburuko sailak segitzen du izaten ikerketarako eta esperimentaziorako espazio bat; NAK Txiki izenekoak, berriz, haurrekin eginen du lan. “Funtsezkoa da atal hori, funtsezkoa delako musika garaikidea, eta, oro har, kultura, gizartearen oinarrian eta hezkuntzan sartzea. Kulturak elikatu behar du dena”, erran du jaialdiko zuzendariak.

Txikienekin batera, kontserbatorioko ikasleekin lan egiteko beharra ere nabarmendu du Yolanda Campos Berguak; duela zenbait urte hasi zuten bide hori, eta jaialditik jaialdira handituz joan da parte hartzaileen kopurua eta konpromisoa. “Zenbait departamentutako 30 ikasle inguru ari dira gurekin; kontserbatorioan sartu nahi dugu musika garaikidea; hor ez bada jorratzen, non?”, galdetu du Campos Berguak.

Bi kontzertu

Garaikideak kolektiboaren proiektu nagusia da NAK, baina jaialdiaz harago ere egiten dute lan taldeko kideek. “50 ordu baino gehiagoko errepertorioa dugu”, kontatu du Campos Berguak. Datozen hilabeteotan, gainera, kolektiboko taldeak bi kontzertu eginen ditu. Lehendabizikoa Zaragozan (Espainia) izanen da, azaroaren 5ean; bigarrena, berriz, datorren otsailean, Gasteizen.

Gasteizen, Bernaola Jaialdian ariko dira Garaikideak taldeko musikariak. Gasteiztarrek, berriz, abian den NAK jaialdian parte hartuko dute: Bernaola Jaialdiko Ensemble Sinkrok gaur eginen du kontzertua, 20:00etan hasita, Baluarten. Martxan da NAK; plazan da musika garaikidea.

 

KONTZERTUAK

Iruñeko jaialdiko saioak; egitarau osoa: Nakfestival.com.

Gaur

18:00. Txus Eguilaz. Civicanen.

20:00. Códigos de escucha. Ensemble Sinkro. Baluarten.

Bihar

20:00. Ícarus. Julian Elvira. Baluarten.

Irailaren 14a

19:30. Cronofonías. Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioa. Kontserbatorioan.

Irailaren 15a

20:00. La metamorfosis del agua. Laura Farre Rozada. Kondestable-aren jauregian.

Irailaren 16a

20:00. Terra. MUOM. Kondestablearen jauregian.

Irailaren 17a

20:00. Del mito al logos. Garaikideak & Sigma Project. Kondestablearen jauregian.

 

 Julian Elvira: «Tresnarekin bat egin nahi izatea da kontua»

Julian Elvirak ‘Icarus’ lana aurkeztuko du bihar, Baluarten, NAK Nafarroako Musika Garaikideko Jaialdiaren barruan. Berak sortutako pronomo flauta ekarriko du, bertze zenbait tresna bereziren artean.

E. Elizondo

Gurasoek haurra zenean oparitu zioten flautarekin hasi zuen Julian Elvirak musikan egin duen bidea (Cuenca, Espainia, 1973). Bide horren azken emaitza Iruñeko NAK jaialdian aurkeztuko du bihar, 20:00etan, Baluarten: Ícarus. 2019an aritu zen NAKen lehen aldiz, eta Iruñera itzultzeko aukera biziki eskertu du. Esperimentazioaren alde egin du.

Iruñean izanen zara bihar. Gogoz?

Bai. Anitz maite dut NAK jaialdia, eta Garaikideak kolektiboko kideekin elkartzeko irrikan naiz, berriz ere. Iruñean behin baino gehiagotan izan naiz; Gaiarre ere ezagutzen dut, After Cage jaialdiarekin ezagutu nuen duela zenbait urte.

NAK jaialdian ere aritu zara aurretik. Nola sortu zen zure eta antolatzaileen arteko harremana?

Bigarrenez ariko naiz aurten. Aurrekoan hitzaldi-kontzertu bat egin nuen, 2019an. Nik sortutako pronomo flauta aurkeztera etorri nintzen.

Gustuko espazio bat da NAK zuretzat?

Bai. Erreferente bat da niretzat. Uste dut garbi dutela zer egin nahi duten. Beti proposamen sendo eta ausartak egiten dituzte, eta hori maite dut.

Zure lana ere halakoa dela erranen zenuke, sendoa eta ausarta?

Uste dut nire lanak bat egiten duela jaialdiaren filosofiarekin. Ausardia behar da ikerketaren eta esperimentazioaren bidetik aurrera egiteko. Niretzat hori garrantzitsua da, eta NAK jaialdiak ematen duhorretarako aukera. Aurtengo jaialdiaren deialdia zabaldu zutenean, Ícarus nire lanak jorratu nahi zuten gaiarekin bat egiten zuela pentsatu nuen, eta anitz poztu ninduen nire proposamena aukeratu izanak. Jaialdi guztiak ez dira ausartzen nirearen gisako lan bitxiei toki bat egitera; musika garaikideko jaialdi guztiak ere ez dira ausartzen.

Pronomo flauta ez da zuk asmatutako tresna bakarra.

Ícarus obrakoa musika esperimentala da. Pronomo flauta erabiltzen dut, bai eta bertze flauta erraldoi bat ere. Flauta bilakatutako aldamioa ere baliatuko dut. Deseraikitako flauta bat da aldamio hori; zuloak egin dizkiot jo ahal izateko. Venezian eta bertze hainbat hiritan erabili dut. Aldamio hori gero sortu ditudan bertze flauta batzuk egiteko zirriborro baten gisakoa izan da. Ícarus obran ere erabiltzen dut.

Esperimentazioak garrantzi handia du zure lanetan; molde klasikoagoek ere bai?

Nirea formakuntza klasikoa da, eta Madrilgo Udal Banda Sinfonikoko kidea ere banaiz. Bandan duela 25 urte baino gehiago hasi nintzen, baina kontua da bandan sartu aurretik ere esperimentazioak bazuela tokia nire lanetan. Erranen nuke esperimentatzeko sena berezkoa dudala.

Txikitatik?

Bai. Txikitan hitz egiteko arazoak nituen. Nik pailazo izan nahi nuen , pailazo mutu bat. Orduan, gurasoek flauta bat eman zidaten, haren bidez komunikatzeko, eta pailazo izateko. Flautarekin hasi, eta hitz egiteko nire arazoak desagertu ziren. Flauta protesi baten modukoa zen niretzat. Eta banuen protesi horren inguruan ikertzeko eta esperimentatzeko beharra; hobetu nahi nuen.

Txikitako grina hori musika ikasketetara eraman zenuen gero?

Bai, baina flauta garatzeko hasierako asmo horri uko egin gabe. Pronomo flauta sortu nuen; flauta handi bat ere sortu nuen, ohikoak ematen zidana baino tesitura grabeagoak behar nituelako. Finean, sortu ditudan flauta horien edo aldamioaren bidez, musika tresnak protesi baten gisakoa izaten segitzen du niretzat, txikitan bezala.

Tresnarekin sortzen den harremana nabarmendu nahi duzu?

Bai, hori da kontua. Uste dut tresnarekin sortzen den lotura hori hagitz garrantzitsua dela. Horregatik, adibidez, haurrekin egiten ditudan tailerretan flauta ematen diet eta nahi duten modura hartzen uzten diet. Kontua ez da teknika on bat izatea, baizik eta tresnarekin bat egin nahi izatea. Lotura hori. Hor bada zerbait natural eta primitiboa, eta hori maite dut.

Bada musika garaikidea haurrekin lantzeko beharra?

Uste dut haurrekin inportantea dela tresnarekin sor daitekeen lotura hori lantzea, bertzeak bertze, bat-batekotasunaren bidez. Lotura hori da oinarria musikaren esparruan murgiltzeko; oinarri hori jasota, egin daiteke bide bat.

Mitotik logosera pasatzen ahal da, nolabait?

Hala da. Mitoarekin zerikusia du tresnarekin sortzen den oinarrizko harremanak. Gero dator logosa.

Argazkia: Julian Elvira, ‘Icarus’ laneko taldekideekin. Argazkilaria: Flor Ordoqui.