Ateak berriz zabaltzeko prest dira

Ateak berriz zabaltzeko prest dira

Astelehenean irekiko dute Laba sareak Iruñeko Gazteluko plazan duen egoitza, bi hilabetez itxita egon eta gero. Kideek uda baliatu dute gogoeta egiteko eta eraikina berritzeko. Kultur astea eginen dute, hilaren 19tik 24ra.

Edurne Elizondo

Iruñeko Laba sareak astelehenean hasiko du ikasturte berria: kultur astea antolatu du, bi hilabetez itxita egon eta gero, berriz ere martxan jartzeko. Hilaren 19tik 24ra eginen dute, euren egoitzan, Gazteluko plazako bigarren zenbakian.

Laba sareko kideek joan den urteko ekainean aurkeztu zuten proiektua jendaurrean. “Euskararentzat eta euskal kulturarentzat topagune, gozagune eta sorgune” izateko asmoa jarri zuten erdigunean. Pandemiarekin batera hasi ziren proiektua mamitzen, eta, ekainean hasitako diru bilketaren bidez, urtarrilean ireki ahal izan zuten Gazteluko plazako egoitza.

Sei hilabeteko bidea egin eta gero, Laba sareak sanferminak hasi baino lehen itxi zuen atea. “Uda aprobetxatu nahi izan dugu hausnarketa bat egiteko proiektuari buruz, hemendik aurrerako urratsak pentsatzeko”, azaldu du Laba sareko kide Yasmine Khrisek.

Orain arte egindako bidea “ontzat” eman dute Labako kideek. “Oso kontent gaude, aukera izan baitugu gune bat zabaltzeko Gazteluko plazaren gisako espazio sinboliko batean; leiho bat ireki dugu plaza horretan, euskaraz”, erran du Khrisek.

Urtarriletik, hamaika ekinaldi antolatu eta hartu ditu Labak: kontzertuak, liburu aurkezpenak, bertso saioak, mahai inguruak, poesia errezitalak eta bertze. Ekinaldi horientzat guztientzat leku bat eskaini du Laba sareak, eta hori ere ospatzeko modukotzat jo dute kideek.

Hemendik aurrera zer egin zehazteko hasi dira gogoeta egiten. “Orain arte, esperimentatzen aritu gara; kanpoko eta barruko eskaintzek bat egin dute. Zehaztu behar dugu, ordea, zer nahi dugun: Maialen Lujanbioren emanaldi bat eskaini, adibidez, edo hemengo talde gazte bati aukera eman? Gisa horretako galderei erantzuteko prozesuan gara”, kontatu du Yasmine Khrisek. Garbi utzi du, gainera, prozesu hori ez dela inoiz itxiko, proiektu “bizia” delako Laba sarea.

Auzolana

Laba sareak duen izaera bizi hori nabarmendu du Khrisek, parte hartu nahi duten herritarrak proiektuarekin bat egitera deitzeko. Egun, ehun bazkide inguru ditu Laba sareak. “Bazkide egin nahi ez duten herritarrek ere parte har dezakete, proposamenak entzuteko prest baikara. Bat egiteko hamaika modu daude”, aipatu du Labakoak.

Auzolana da sareko kideen jardueraren oinarria, eta, udan ere, auzolanean aritu dira Gazteluko plazako egoitza moldatzen eta berritzen. Itxura berri bat eman nahi izan diote Iruñeko guneari, astelehenean ikasturte berria hasteko.

“Indarrez” ekin nahi diote Labako kideek lanari, eta kultur astea antolatu dute. Astelehenetik igandera eginen dute, euren egoitzan.

“Denetarik antolatu dugu”, aurreratu du Yasmine Khrisek. Musika izanen da nagusi, halere, askotariko moldeetan emana: bertso trama hilaren 19an; Ibil Bedi taldearen entsegu irekia hilaren 20an, eta euskaraokea 22an, bertzeak bertze. Ikasturtea hasteko besta ere eginen dute Laba sareko kideek; astelehenean izanen da, 18:00etan, Gazteluko plazako egoitzan. Atea zabaltzeko prest dira sareko kideak.

EGITARAUA

Iruñeko Laba astelehenean irekiko da berriz. Kultur astea antolatu du.

Irailaren 19a

18:00. Ikasturte berriko hasiera besta.
19:00. Bertxio: Bertx(h)oriren bertsio bat. Bertso trama.

Irailaren 20a

19:00. Ibil Bedi: abesti berri baten hasiera. Taldeko kideen entsegu irekia.

Irailaren 21a

19:00. Jon Benitoren Lagun minak liburuaren aurkezpena; egilea eta Sustrai Colina ariko dira solasean.

Irailaren 22a

18:00. Loreak belaunetan filma. Irailaren 24a

12:30. Broken Brothers Brass Band.
19:00. Euskaraokea, Gabi de la Mazarekin.

Argazkia: Iñigo Uriz / Foku