Hamar urtez rock dardaran

Hamar urtez rock dardaran

Hamar urte bete dira Sofokaos musika taldea sortu zenetik. Urteurrena ospatzeko, kontzertua emanen dute gaur sorterrian, Antsoainen, «inoizko bereziena».

Uxue Rey Gorraiz

Emana zuten hitza, baita abestietan argitu ere. Sofokaos musika taldeak zin egin zuen bueltatuko zela behinola guztia hasi zen unera. Eta esan eta egin: kontzertu berezia antolatu dute gaurko, sorterrian, Antsoaingo txosnetan, herrian festak direla baliatuta. Taldeko kideek aurreratu dute kontzertu huts bat baino gehiago izanen dela. “Memoria ariketa moduko bat”, akaso; “atzera-buelta bat iraganera”, nolabait. Izan ere, badute zer ospatua: hamar urte bete ditu Sofokaosek.

Taldeak gogoan du lehen momentua; lehen urratsa, lehen pauso sendoa. Aurrenekoz nork hartu zituen ere bai: Antsoaingo Bikupe elkartea izan zen. “Oroitzapena lauso dut, ez pentsa”, aitortu du Oier Goienetxe abeslari eta gitarra jotzaileak. Ondoan du Alain Sanz bateria jotzailea, eta hark ere, antzeko. Baina ziztuan ailegatu da Asier Nieto baxu jotzailearen erreakzioa: “Benetan? Ni ederki gogoratzen naiz, eta oroitzapen oso ona dut, gainera: elkarrekin bazkaldu, gustura, eta kontzertua. Soilik familia eta lagunak. Tira!”.

15 urte inguru zituzten garai hartan, eta artean nekez imajinatzen zuten zer zuten aurrean. Goienetxeren ustez, taldeak eginiko bidea “naturala” izan da guztiz; aurreikusi gabea. Baina joan dira urteak. Astindu dituzte ehunka oholtza, sortu dozenaka kanta, eta kaleratu hiru disko: Oztopoak gaindituz (2015), Gure doinuak (2017) eta Errealitatearen beste aurpegia (2022).

Hamar urte izanagatik ere, taldea orain dela hiruzpalau urte dago gaur egun bezala osatua: Urtzi Ibero gitarra jotzailea 2019an batu zitzaien, Andoni Porresen lekukoa hartuta. Iberok dioenez, segituan sentitu zuen kideen babesa; eta haiek zehaztu dute hain justu hark eman diela falta zuten “heldutasuna”, baita kalitatea ere. “Aurtengo diskoan asko sumatzen da hori”, esan du Nietok.

Landuago, gozagarriago

Pandemian sorturiko diskoa da Sofokaosen hirugarrena: Errealitatearen beste aurpegia. Ez dute ukatzen konfinamendua kolpe latza izan zenik, baina, taldeari dagokionez, dudati agertu gabe diote “ezin hobeki” etorri zitzaiela bidean segitzeko. “Nahiko trabatuta geunden, urteak generamatzan abesti berberak jotzen, erreta edo, eta ez genuen nahikoa astirik hartzen pausa bat egin eta buru-belarri konposizioan aritzeko”, kontatu du Goienetxek. Haren esanetan, bazuten lan berriei denbora eskaini beharra, eta elkarri aditzeko premia. Ikusteko zer bai, zer ez, gauzak nola.

Iragan diskoek baino doinu melodikoagoak ditu azken lanak, eta gitarra konponketa landuagoak ere bai. “Profesionalagoak izan gara”, argitu du Nietok. “Nabaritzen da buelta gehiago eman dizkiegula gauzei, detaileak ere oso pentsatuta daudela; heldu garela. Hitzetan ere bai”.

Baxu jotzaileak Goienetxerengana zuzendu du begirada, hark idazten baititu kantuen hitzak. Salto handia ikusten du disko batetik bestera. “Hitzei erreparatu, eta iruditzen zait lehenbiziko diskoan kantak haurragoak zirela”, aitortu du abeslariak. Ez du damurik aurrekoekin, sinetsia baita unean uneko sentimenduekin “fidel” jardun zutela garai hartan ere, baina kritiko mintzo da, itzulingururik gabe: “Kantu oso politikoak ziren, ikusiegiak. Azkenekoan ez dago panfletorik”.

Izan ere, beste asmo bat sumatzen da azken kantuetan. Diskoaren izenean iradoki bezala, bizitzan estaliak diren gauzak nahi izan ditu utzi agerian Sofokaosek orain, errealitatearen ezkutuko aldea, alegia. Horrek ezinbestean dakar alde ilunei begiratzea, eta hauskor azaltzera ausartzea. Esaterako, suizidioari buruz mintzo da Erlojuaren orratzak abestia.

Mezu politikoak zabaltzea, barrenak hustea, publikoan erreakzio jakin bat bilatzea; guztiak dira posible musika bitartekari delarik. Horiez gainera, baina, beste bat nabarmendu du abeslariak, ezpain ertzak lotsati biribilduta: “Autokritika. Autokritika egiteko balio didaten kantuak ditut gustukoen”. Horrekin lotzen du, esaterako, azken diskoan jasoa den Eromenarekin dantzan.

Modu batean jokatu eta bestela sentitzeak azaleratzen duten “hipokrisia” esplikatzen du kantuak. “Drogen kontsumoa, problemen aurrean beste alde batera begiratu nahia, inguruan gertatzen ari denak bost axola digun plantak egitea; horiekin guztiekin tematzen garela salatzen dugu”.

Baina dena ez da ilun. Izatez, bistakoa da Sofokaos inoiz baino sonatuago dela orain. Iberoren ustez, kalitatean hobera egin izanari zor zaio hori hein batean, baina ez horri bakarrik: “Oholtza askotan jo dugu, harreman asko ehundu ditugu; lan handia dago. Deus ez da gertatu hutsetik”.

Eta indarrez igoko dira oholtzara gaur ere, eginak ospatzeko. “Inoiz egindako kontzerturik bereziena izango da, luzeena ere bai. Kantu mordoa, kolaborazioak… eta maite gaituztenak parez pare”, adierazi du Nietok. Ezin du gogoa disimulatu aurpegieran.