Nafarroako liburutegiek hazien biltegi bilakatu dituzte euren egoitzak

Nafarroako liburutegiek hazien biltegi bilakatu dituzte euren egoitzak

Liburutegiak eta Haziak programa garatu du Nafarroako Liburutegiak, haziak gordetzeko eta herritarren esku jartzeko. Nafarroako Hazien Sareak bat egin du proiektuarekin.

Edurne Elizondo

Liburuekin batera, haziak. Nafarroako Liburutegiak programa bat prestatu du, Liburutegiak eta Haziak izenburupean, herrialdeko liburutegiak haziak gordetzeko eta herritarren esku jartzeko gune bilakatzeko.

Hazien liburutegiek Ameriketako Estatu Batuetan dute jatorria; 2011. urtean sortu zuten lehendabizikoa, Kalifornian. Justizia sozialaren alde lan egiten zuen erakunde batek jarri zuen martxan Kaliforniako hori. Hazien biltegi bihurtutako lehenengo liburutegi publikoa, berriz, Quebeceko bat izan zen, 2015. urtean. Egun, ehunka daude jada mundu osoan.

Nafarroako Liburutegiak urte hasieran ekin zion hazien liburutegiak martxan jartzeko bideari. Nafarroako Liburutegiko proiektuen arduradun Clara Flamariquek egin zituen lehendabiziko urratsak egitasmoa garatzeko, Zaragozako Almunia de Doña Godinako (Espainia) liburutegiak egindako hazien biltegiaren berri jaso eta gero. “Guk ere egin genezakeela pentsatu, eta Aragoiko [Espainia] Hazien Sarearekin jarri nintzen harremanetan”, azaldu du Flamariquek.

Aragoiko sarearen babesa jaso eta gero, Nafarroako Hazien Sareak eta Intiak ere egin dute bat proiektuarekin, eta hiru erakundeon artean, hamaika hazi barietate utzi dituzte jada Nafarroako 25 liburutegitan. “Helburua da haziak gordetzea. Bertako haziak jaso nahi ditugu, liburutegien bidez herritarren esku jartzeko. Baratzean edo balkoian erabili nahi dituenak har ditzake gure liburutegietatik”, kontatu du Nafarroako Liburutegiko kideak.

Haziak eman nahi dituzte, bai eta jaso ere. “Norbaitek etxean baditu, ekar ditzala. Helburua da bertako hazien trukea bultzatzea”. Flamariquek nabarmendu du Intiak baduela proiektu bat herrialdeko hazi zaharren inguruan, eta agerian utzi duela hazi horiek gaitasun handiagoa dutela klima aldaketara egokitzeko.

Intiak, hain zuzen, 78 hazi zahar baino gehiago jaso ditu, eta Zaragozako Nekazaritzako Elikagaien Teknologia eta Ikerketa Zentroaren esku utzi ditu, erakunde horrek duen hazien bankuan.

NUPekin elkarlanean

Azken hilabeteotan, hamaika ekinaldi jarri dituzte martxan herrialdeko liburutegietan hazien inguruko zerbitzuaren berri emateko. Nafarroako Liburutegia, gainera, blog bat prestatzen ari da Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin elkarlanean, “hazi zaharren inguruko ezagutza eta kultura jasotzeko asmoz”.

Flamariquek garbi du liburutegien lana dela ondare immaterialari so egitea, eta hazien eta lurraren inguruan “galtzen ari den altxor” bat badagoela. Horretarako jarriko dute martxan bloga, hain justu: altxor hori jasotzeko, gordetzeko eta zabaltzeko. “Baratzearekin, lurrarekin edo haziekin lotutako hitzak ezagutu nahi ditugu; dauden abestiak, argazkiak eta bertzelakoak jaso nahi ditugu”, erantsi du Nafarroako Liburutegiko langileak.

Hazien Liburutegiena “proiektu bizi eta ireki” bat da, eta asmoa da gero eta hazi gehiago jasotzea. Herritarren parte hartzea bultzatu nahi dute liburutegietako arduradunek, eta horretarako, tailerrak eta gisakoak antolatuko dituzte datozen hilabeteotan.

Orain arteko bidea bertze hiri batzuetako liburutegiekin partekatu nahi izan dute Nafarroako Liburutegiko arduradunek, eta egitasmoen arduradun Clara Flamarique, adibidez, Asturiasen (Espainia) egon da asteon, proiektuaren berri zabaltzen. “Harremana sortu nahi dugu gure eta bertze hazien liburutegien artean, elkarri irakasteko”.

 

Haziak ateratzen ikasteko tailerra eginen dute urrian

Hazien Liburutegiak proiektuaren bidez, hazien inguruko ezagutza jaso eta zabaldu nahi du Nafarroako Liburutegiak. Bertzeak bertze, haziak ateratzen ikasteko tailerrak antolatu nahi dituzte, eta lehendabizikoa urriaren 5ean eginen dute, Iruñean.

Nafarroako Liburutegiaren ondoko Mendebaldeko baratze komunitarioan eginen dute tailerra, baratze hori zaintzen duten herritarren eskutik, hain zuzen ere.

Urriaren 5eko ekinaldi horren bidez, hasiera ofiziala eman nahi diote proiektuari. Gainera, Miguel Layana narratzaileak hazien eta baratzeko lanen inguruko ipuinak eta istorioak kontatuko ditu, Nafarroako Liburutegiko erabiltzaileen aurrean.