Ia hogei urteko bidea egina du Yarleku Nafarroako antzerki konpainiak. 2003an ekin zion bideari David Lainez zuzendariak, gizarte gaiekin eta hezkuntzarekin zuen konpromisoa oholtzetara eramateko asmoz. Bira bat hasi behar du konpainiak orain, eta ikuskizun berri bat du estreinatzeko.
Edurne Elizondo
Aitzoaingo El Punto Guneko oholtzan zintzilik da Yarleku konpainiak prestatutako azken ikuskizuneko trapezioetako bat; azken entseguen arrasto nabarmena da. Urrian Mallorcan (Herrialde Katalanak) aurkeztuko dute lan berri hori: By o Bu izena du, eta Amaya Goñi eta Sofia Nuñez ditu aktore.
By o Bu lana elkarlanaren ondorio da, eta ederki islatzen du Yarleku taldearen izaera eta filosofia. Konpainiak 2003. urtean ekin zion bere bideari, David Lainez zuzendariaren eskutik. Hasieratik, konpromiso sendoa izan du gizarte gaiekin eta hezkuntzarekin bere obren bidez. Ez hori bakarrik: bertze antzerki taldeekin eta aktoreekin ere sustatu du elkarlana. Aitzoaingo El Punto Gunea, hain zuzen, behar zuten konpainiei sortzeko eta ikertzeko toki bat eskaintzeko asmoz jarri zuten martxan, duela hamar urte. Gune horretan egin dute bat Goñi eta Nuñez aktoreek Yarlekurekin, eta toki horretan mamitu da By o Bu, orain konpainiaren babespean aurkeztuko duten lana.
Amaya Goñik antzerkiaren eta dantzaren bidetik egin zituen lehen urratsak oholtzen gainean, baina Bruselan zirkua deskubritu zuen, eta diziplina horretan aurkitu zuen “berezko” lengoaia: “Erasmusera joan nintzen; zirku garaikidearen esparruan izugarrizko maila dute han, eta maitemindu nintzen zirkuarekin”, adierazi du Goñik.
Portugalen egin ditu zirku ikasketak, eta, amaitu eta gero, bide berri bat hasi du Sofia Nuñezekin. “Elkarrekin hasi ginen lanean, eta zerbait errateko genuela sentitu genuen”. Yarlekuk eman zien ikertzeko behar zuten denbora eta tokia, Aitzoaingo El Punto Gunean. Toki horretan egindako lanaren ondorio da By o Bu. Veronica Capozzolik ere parte hartu du proiektuan, eszena zuzendari gisa.
Aitzoaingo oholtzan, Nuñezen eta Goñiren lana ezagutzeko aukera izan zuen David Lainezek, eta “berehala” egin zuen bat proiektuarekin. “Gure konpainiak hitza du tresna nagusi, baina iruditu zitzaidan Sofiak [Nuñez] eta Amayak [Goñi] egiten zutena bat datorrela gure filosofiarekin eta antzerkia ulertzeko moduarekin”, azaldu du zuzendariak.
‘Etxerik txikiena’, katalanez
Izaera eta helburu soziala duen antzerkia da Yarlekuk egiten eta aldarrikatzen duena, hain zuzen ere. By o Bu lanak pandemia baliatu du aitzakia gisa bakardadeaz hitz egiteko. “Bakardadearekin ongi edo gaizki sentitzeko aukeraz hitz egin nahi dugu, jendeak inguratuta egon arren bakarrik sentitzeaz, eta suizidioaz ere bai. Ez diogu gaiari garrantzia kendu nahi; erdigunean jarri nahi dugu, hitz egiteko beharra dagoela uste dugulako”, kontatu du Goñik.
El Punto Guneko sabaitik zintzilik da Amaya Goñik erabiltzen duen trapezioa. Oholtzan, halere, bada bertze elementurik; besteak beste, maleta bat. Etxerik txikiena antzezlanerako erabiltzen dute Eva Azpilikuetak eta Laura Villanueva aktoreek. Maleta, Etxerik txikiena obran, iheslarien ikur bilakatzen da, gerrak etxetik urrun joatera behartutako iheslarien errealitatea kontatu nahi baitu.
Obra horrekin bira bat hasiko du Yarlekuk orain, urriarekin batera. Espainiako eta Herrialde Katalanetako zenbait herritan eta hiritan aurkeztuko dute. Gainera, Yarleku konpainia Campi Qui Pugui Kataluniako konpainiarekin ari da lanean, Etxerik txikiena katalanez emateko. Abenduaren 4an estreinatuko dute bertsio hori, Lleidan (Herrialde Katalanak).
Yarlekuk euskaraz eta gaztelaniaz ematen ditu bere obrak, eta konpainiako kideek “pozik” hartu dute Etxerik txikiena katalanez ere egiteko aukera. Egunotan, bira hasi baino lehen, Nafarroan izan da Rosa Diaz. Obra hori zuzendu du Diazek, Yarlekuk eskatuta. Granadatik (Espainia) etorri da aktoreekin lan egitera.
“Jaialdiz jaialdi bat egin eta gero sortu zen elkarrekin aritzeko aukera, duela urte anitz”, oroitu du Diazek. La Rous Teatro konpainia du Diazek. Txikitatik ari da antzerkiaren esparruan. Aktore lanetan aritu eta gero sortu zuen konpainia, eta orain bertze talde anitzekin ere aritzen da elkarlanean .
Eva Azpilikueta aktorearentzat “zoragarria” izan da Diazekin lan egitea. “Lehen unetik maitemindu nintzen lan egiteko bere moduarekin. Anitz eskatzen du, eta pasioz bizi du lana, nik bezala. Opari bat izan da elkarrekin aritzeko aukera izatea”.
Elkarlana
Altsasukoa da Azpilikueta, eta aipatu du herrian antzerkiaren esparruan zerbait egiteko aukeraren falta sumatu zuela txikitan. Gizarte Integrazioko ikasketak egitera mugitu zen Altsasutik Iruñera, eta hiriburuan ezagutu zuen Nafarroako Antzerki Eskola. Gizarte Integrazioko ikasketak amaitu eta gero, antzerkikoak hasi zituen eskola horretan.
“Duela hamabost urte inguru egin nuen bat Yarleku konpainiarekin”, azaldu du aktoreak. Bertze aktore bat ordezkatzeko deitu zuten, eta, geroztik, konpainiaren hamaika proiektutan aritu da. Yarlekutik at ere egiten ditu bertzelako lanak, eta antzerki eskolak ere ematen ditu. Garbi erran du, halere, Yarleku duela proiekturik kutunena, bere bi munduek bat egiten dutelako: gizarte gaiek eta antzerkiak, alegia.
Azpilikuetak eskertu du Rosa Diazen lana, eta Diazek ere eskertu du aktoreena. Azken asteotan, hain zuzen ere, Etxerik txikiena katalanez emanen duten aktoreak izan dira Nafarroan, Yarlekuko kideekin eta Diazekin lanean.
Cristina Garciak beteko du Bettinaren rola (Eva Azpilikuetak egiten duena), eta Aitana Giraltek eta Alicia Builek, berriz, Normarena (Laura Villanuevak egiten duena).
“Elkarrekin aritu gara entseguetan, eta hagitz polita izan da”, nabarmendu dute Azplikuetak eta Diazek. Azken horrek nabarmendu du El Punto Gunean sortzen diren dinamikak “hagitz aberasgarriak” direla, eta horrelako toki batek antzerkigintzaren esparruan duen “garrantzia” jarri nahi izan du erdigunean.
“Horrelako gune gehiago behar ditugu, konpainiek denbora behar baitute sortzeko, eta helburuak ez du zertan izan behar obra bat prestatzea. Ikertzeko behar horri eman behar zaio bidea”, erran du Rosa Diazek.
Bat egin du David Lainezek. Helburu horrekin sortu zuen Yarlekuk El Punto Gunea, duela hamar urte. “Urtetik urtera handituz joan da proiektua, eta oraindik ere badu bide bat egiteko. Kontua da taldeei eta aktoreei sortzeko toki bat ematea”, erantsi du.
Aitortu du, halere, “zaila” dela antzerkiaren esparruan aurrera egitea Nafarroaren gisako herrialde batean. “Nafarroan egin ditzakegun saioak ez dira nahikoak konpainiari eusteko, eta zaila da hemendik kanpo aritzea ere”. Konpainien eta jaialdien arteko sareek duten garrantzia aipatu du, sare horien bidez lortu dutelako, bertzeak bertze, zenbait zirkuitutan sartzea. Datozen hilabeteotan eginen duten bira da sare horiek eman dezaketenaren adibide, Lainezek erran duenez.
Eskertu du Etxerik txikiena obrarekin lanean segitzeko aukera, lau urte joan baitira jada estreinatu zutenetik. Konpainia murgilduta dago bertze zenbait sormen prozesutan: “Beti lanean, antzerkia eta gizarte gaiak uztartuz”.
YARLEKUREN BIRA
Etxerik txikiena lanarekin Espainia- ko eta Herrialde Katalanetako zenbait herritan eta hiritan izanen da Yarleku konpainia. Iruñean ere eginen dute saio bat. Ondokoak dira urrirako zehaztutako emanaldiak. Urtea amaitu arte eginen dute bira.
Urriaren 8a eta 9a. Fundicion antzokia, Sevillan (Espainia). Urriaren 10etik 16ra. FIET Mallorcan, Balearretako Haur eta Gazteentzako Antzerkiaren Azokan (Herrialde Katalanak).
Urriaren 21a. Nafarroako Antzerki Eskolan, Teatrodix jaialdian, Iruñean.
Urriaren 22a eta 23a. Miriñaque Eszena jaialdian, Santanderren (Espainia).
Urriaren 29a eta 30a. Teatro Ea! aretoan eginen ditu Yarlekuk urriko azken saioak, Albaceten (Espainia).