Zonifikazioaren aurkako olatua

Zonifikazioaren aurkako olatua

Hordagok zonifikazioa salatzeko manifestazioa eginen du urriaren 22an, Tuteran. Nafarroa osoko herritarrak deitu dituzte parte hartzera: «Denok zeharkatzen gaituen auzi bat da».

Olaia L. Garaialde

Herrialdearen kohesioan, justizia sozialean eta berdintasunean sinesten dutenak parte hartzera deitzen ditugu”. Paula Garcia Hordagoko kidearenak dira hitzak. Zonifikazioari hordagoa lelopean, zonifikazioa salatu, eta euskara Nafarroa osoan ofiziala izan dadila eskatzeko manifestazioa eginen du Hordagok, urriaren 22an, Tuteran, 17:30ean hasita. Antolatzaileek protestan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Iazko azaroaren 13an aurkeztu zuten Hordago herri ekimena, Cortesen, eta azaldu zuten behetik gorako dinamika bat izatea nahi dutela. “Nafarroako hegoaldetik iparraldera; horregatik, aurkezpena egin genuen Nafarroako lehendabiziko edo azken herrian, ikuspegiaren arabera”, azaldu du Garciak. Horrez gain, beste urrats bat egiteko “beharra” sentitu, eta Tuteran manifestazio egiteko deialdia zabaldu zuten, joan den ekainaren 25ean.

Euskararen Legeak eremu ez-euskalduntzat dauka Erribera, eta Hordago herri ekimenak, hizkuntza eskubideen alde borrokatzen duenez, horri aurre egin nahi dio: “Pentsaezina da Nafarroan oraindik ere eskualdearen arabera hizkuntza eskubide desberdinak izatea”.

Iaz 25 urte bete zituen Nafarroako Euskararen Legeak. “Ezinezkoa da beste urte batez jarraitzea horrelako bereizketarekin: Nafarroan bi hizkuntza daude, eta euskara Nafarroako berezko hizkuntza bat da; beraz, Tuteran, Cortesen, Altsasun edo Beran eskubidea daukagu euskaraz bizitzeko, aritzeko eta ikasteko”.

Horrez gain, Garciak salatu du Foru Hobekuntzak eta Euskararen Legeak jarri zituzten oinarriak euskararen kontrakoak direla: “Gainera, zenbait urtetan eskuinak Nafarroan euskarari zilegitasuna kendu dio, eta horregatik daukagu oraingo egoera”.

Hala ere, Hordagoko kidearen ustez “poliki-poliki” aurrerapausoak ematen ari dira euskararen normalizaziorantz: “Herri mugimenduak eta euskalgintzak egin duten ikaragarrizko lanari esker fruituak jasotzen ari gara”, nabarmendu du. Dena den, xedea lortzeko “bide luzea” geratzen dela esan du.

Gaineratu du “gutxika” zonifikazioari aurre egiteko bidea egiten ari direla. Lantalde bakarra dira, eta Iruñerriko, Tafalla inguruko eta Erriberako jendeak osatzen du taldea: “Ez dugu herri bakoitzean Hordagoko talde bat sortu nahi; jendeak eta euskara taldeek Hordagoren mezua hartu, eta bere egitea nahi dugu, gutxika zonifikazioaren kontrako olatu bat sortzeko”.

Tuteran eta Erriberan jarri dute arreta, horko herritarrak direlako zonifikazioa “gehien” pairatzen dutenak, baina Nafarroa osoko biztanleei dei egin diete: “Denok zeharkatzen gaituen auzi bat da hau”. Hortaz, Iruñerriko jendeari zein Iruñerritik iparraldera bizi den jendeari bat egiteko eskatu diete: “Tutera oso urrun dagoela iruditzen zaigu, baina oraingoan guri tokatzen zaigu joatea, zonifikazioaren aurkako oihua gure egitea, eta denon artean Euskararen Lege bidegabea behingoz amaitzea”. Horretarako autobusak antolatzen ari dira manifestaziorako Iruñerritik, Lizarrerritik, Tafalla ingurutik eta Izarbeibartik, hain zuzen ere.

Auzolana, Ablitasen

Mobilizazioaz gain, urriaren 22an euskararen bueltan egun osoko egitaraua egonen da, Agerraldiak eta Errigorak auzolana antolatu dutelako; 09:30ean hasiko da, Ablitasen. Helburua da 10.000 saski egitea.

Horrez gain, Agerraldiak eta Errigorak kontzertuak antolatu dituzte manifestazioaren ostean; Des-Kontrol musika taldeak eta Baiuka Elektrotxarangak joko dute. “Iruditu zitzaigun oso aukera aproposa euskara Erriberan protagonista izateko egun osoan”, azaldu du Paula Garciak. Espero dute auzolanean parte hartzen duen jendeak manifestazioarekin ere bat egitea. Ofizialtasunaren aldeko aldarria zabaltzeko egun bilakatu nahi dute hilaren 22koa.