‘Maddiren trajeria’ estreinatuko dute bihar, Zugarramurdin

‘Maddiren trajeria’ estreinatuko dute bihar, Zugarramurdin

Xaretako herritarrek prestatu dute Gerardo Mungiak idatzitako pastorala. Ehun pertsona inguru ariko dira. Urriaren 22an eta 23an, berriz, Saran emanen dute.

Edurne Elizondo

Xaretako herritarrek Maddiren trajeria izenburuko pastorala estreinatuko dute asteburuan Zugarramurdin. Herriko leizean eginen dituzte lehendabiziko bi saioak: bihar eta etzi, 15:30ean. Hurrengo asteburuan, berriz, Saran (Lapurdi) erakutsiko dute herritarrek azken urtean egindako lanaren emaitza: herriko plazan emanen dute pastorala, 15:30ean han ere.

‘Maddiren trajeria’ pastorala egin dutem Xaretako herritarrak

Zugarramurdi eta Urdazubi herriek osatzen dute Xaretako eskualdea, Lapurdiko Sara eta Ainhoa herriekin

batera. Gerardo Mungia Pintx egileak idatzitako pastorala egiteko proposamena Zugarramurdin jaso zuten lehendabizi, duela urtebete. “Iazko urrian Javier Yaben, Mungia bera eta Pantxika Urruti —bera izanen da pastoraleko errejenta— etorri ziren herrira. Pastorala bazutela idatzia, eta nahi zutela hemen eman”, azaldu du Zugarramurdiko Helena Xuriok.

Pastorala idazteko, Mungiak oinarri hartu ditu Benito Lertxundik, Jean Mixel Bedaxagarrek eta Haizea taldeak kantu bilakatutako poemak. Piarres Lafittek Maddi oreina bilakatu neska izenburupean bildu zituen poema horiek, 1965ean. Pastoralak orein bilakatutako Maddiren istorioa kontatzen du, hain zuzen.

Mungiarekin eta proiektua martxan jarri zuten gainerako kideekin bilera egin eta gero, Zugarramurdiko

herritarren lehendabiziko erantzuna ezezkoa izan zen: “Guk bakarrik ezin genuela egin garbi genuen”, erran du Xuriok. Horregatik erabaki zuten Xaretako bertze herrietako biztanleengana jotzea, eta proiektua eskualde osora zabaltzea. Xaretako gainerako herriek ontzat jo zuten Zugarramurdik proposatutako auzolana, eta ekin zioten bideari.

“Benetako auzolana”

Ehun pertsona inguruk parte hartuko dute bihar estreinatuko duten pastoralean. “Arizaleak 70 inguru gara; dozena bat musikari ere badugu, artzainak… denera ehun inguru”, kontatu du Xuriok. Estreinaldiaren eguna

noiz ailegatu zain dira guztiak. Azken urtean “lan anitz” egin dutela nabarmendu du Zugarramurdikoak, eta pastorala prestatzean ohartu direla horrelako obra baten atzean “zenbat lan” dagoen.

Prozesua “anitz gozatu” dutela nabarmendu du, halere, eta pastoralak balio izan duela Xaretako herrien arteko lotura sendotzeko. “Benetako auzolanaren sentsazioa izan dugu denok, eta polita izan da”. Azken urtean, igandeak bilakatu dira Zugarramurdin pastorala entseatzeko egun. Herri horretan egin dituzte denak, hiru izan ezik: Xaretako gainerako herrietan bana egin dute. Joan den igandekoa izan zen azkena, eta Saran egin zuten, hain zuzen.

Haur eta heldu, familia osoak aritu dira azken urtean pastorala prestatzen, eta elkarrekin izanen dira bihar eta etzi lanaren emaitza aurkezten. Xuriok, adibidez, alaba, ahizpak eta ilobak izan ditu kide. “Urte osoan, igandero izan dugu denbora elkarrekin pasatzeko aukera, eta hori ere biziki polita izan da”.

Pena bat du, halere: “Behin pastorala egin, eta ipuin hau prestatu dugu; pena gure herriotako historia, gure

herriotako sorgin ehizak kontatu ez izana”, onartu du.

Bihar eta etzi, 15:30ean hasiko da pastorala leizean; goizean, 11:30ean, desfilea eginen dute, eta, gero, bazkaria. Saran egitarau bera prestatu dute.

Argazkiak: Mendi Urruzuno.