Abesbatzen musikak Nafarroa hartuko du

Abesbatzen musikak Nafarroa hartuko du

Nafarroako Ganbera Abesbatzak Malie fundazioa sortu du; zenbait kontzertu eginen ditu b Nafarroako Abesbatzen Federazioak, berriz, nazioarteko jaialdia antolatu du; azaroaren 5era bitarte eginen dute.

Edurne Elizondo

Musikaz betetako egunak izanen dira hurrengoak Nafarroan: batetik, Nafarroako Abesbatzen Federazioak nazioarteko jaialdia antolatu du 27. aldiz, eta, azaroaren 5era bitarte, zenbait herritako taldeak ariko dira Nafarroako hamaika txokotan. 30 kontzertu antolatu dituzte denera, 23 udalerritan. Bertzetik, Nafarroako Ganbera Abesbatzak bi kontzertu eginen ditu asteburuan. Erakunde horrek badu zer ospatu: egoitza berria inauguratu dute Iruñeko Kale Nagusiko 50. zenbakian, eta Malie fundazioa abiarazi, “Nafarroako ondarea babesteko eta zabaltzeko”.

Nafarroako Abesbatzen Federazioko buru Carlos Gorritxok nabarmendu du erakunde horrek “ahalegin handia” egin duela azken ia hiru hamarkadetan nazioarteko abesbatzak herrialdera ekartzeko. Nafarroako Gobernuaren eta tokiko entitateen babesa eskertu du.”Asmoa da kultura toki guztietara eramatea, eta, ahal dela, doan”, erran du.

Aurten, Alemaniako, Estoniako, Letoniako, Esloveniako, Mexikoko, Poloniako, Suediako, Txekiako Errepublikako, Irlandako, Ameriketako Estatu Batuetako eta Herrialde Katalanetako abesbatzak ariko dira jaialdian.

Gainera, aurten, lehenengo aldiz, Kieveko abesbatza batek parte hartuko du: Sophia abesbatzak, hain zuzen. “Gure asmoa da kontzertuak egitea; dena den, ziurgabetasun puntu bat badugu, gerrak dena baldintzatzen baitu”, azaldu du Gorritxok. Kieveko Sophia abesbatza Tafallako kulturgunean izanen da, gaur.

Asteazkenean egin zuen Alemaniako Stuttgart hiriko ganbera abesbatzak jaialdiko estreinako kontzertua, Iruñean. Azkena, berriz, azaroaren 5ekoa izanen da, Pitillasen. Azken saio horretan Letoniako Rigako katedraleko Tiara haurren abesbatza ariko da. Tafallan, Etxarri Aranatzen, Erriberrin, Beran, Burlatan eta Lizarran eginen dituzte emanaldiak, bertzeak bertze.

Liburutegia

Nafarroako Ganbera Abesbatzako kideentzat ere, lan handiko hilabeteak izan dira, eta emaitza orain jasotzen ari dira: egoitza inauguratu dute Iruñeko Kale Nagusian, batetik; eta, bertzetik, Malie fundazioa sortu dute. Azken proiektu horri buruz, abesbatzako kideen asmoa da Nafarroako kultur ondarea gordetzea eta zabaltzea, eta,

Nafarroako Ganbera Abesbatza.

horretarako, bertzeak bertze, liburutegi bat jarriko dute inauguratu berri duten egoitzan.

Abesbatzako zuzendari artistiko David Gindanoren bilduma jaso du liburutegiak bere bidea hasteko. “Musikarekin lotutako liburuak eta diskoak daude, bai eta partiturak ere”, kontatu du zuzendariak. Partituren atalari garrantzi handia eman nahi diote, hain zuzen. “Ez da erraza materiala aurkitzea Nafarroan”, aipatu du Gindanok.

Javier Casali da Nafarroako Ganbera Abesbatzako presidentea, eta “urrats handitzat” jo du liburutegia eta egoitza propioa lortu izana. “Jauzi kualitatiboa da guretzat; inportantea da gure espazio propioa izatea, eta herritarrek erabili ahal izateko toki bat izatea”, nabarmendu du.

Nafarroako Ganbera Abesbatzak badu ospatzeko bertze konturik: erakundeak Jose Antonio Huarte izendatuko du ohorezko bazkide. Huarte Iruñeko Orfeoiko zuzendari izan da 25 urtez. Konpositorea ere bada, eta, hain justu, Huarteren obrak oinarri hartuta, Nafarroako Ganbera Abesbatzak kontzertu bat eginen du bihar Iruñean. Igandean, berriz, abesbatzako kideak Añorben izanen dira. Hangoa da Huarte, eta herri horretako musika artxiboko pieza anitz lehengoratu ditu, sorterriko ondarea zaintzeko asmoz. Nafarroako Ganbera Abesbatzak pieza horiekin osatu du igandeko emanaldia: 12:00etan izanen da, elizan.

Goiko argazkia: Didzis Grods.