Hileroko koktela dastatzeko

Hileroko koktela dastatzeko

Sastakai antzerki taldeko kide Idoia Tapia eta Irati Velez menstruazioaren inguruko antzezlan bat prestatzen ari dira. Aktoreek gaur taularatuko dute Iruñean orain arteko emaitza, ikus-entzuleen iritziak jasotzeko.

Olaia L. Garaialde

Sastakai antzerki taldeak menstruazioaren inguruan prestatzen ari den antzezlana taularatuko du Iruñean, gaur. “Oso gertutik bizi dugu, eta badugu zer esan”, azaldu dute taldeko aktore Idoia Tapiak eta Irati Velezek.

Euren bizipenetatik abiatu dira taldeko kideak, hain zuzen, hilekoaren inguruko antzezlan bat osatzeko. Horretan ari dira Idoia Tapia eta Irati Velez. Antzezlana sortze prozesuan dago, oraindik ere, baina zenbait tokitan taularatzen ari dira, orain arte egindakoa ikus-entzuleekin partekatzeko. Iruñeko Antzina tabernan izanen dira gaur, 19:00etan hasita.

Abiapuntua Tapiak eta Velezek hilekoarekin daukaten harremana izan da. “Hileko oso txar bat izan nuen, bereziki gogorra, eta oso natural etorri zitzaidan zerbait sortzeko ideia”, adierazi du Tapiak. Lagun du Velez, eta elkarrekin egin nahi izan dute lan.

Besteen bizipenak jaso nahi izan dituzte, gainera, eta, horretarako, inkesta bat egin dute: laurehun erantzun inguru jaso dituzte. “Hilekoa oso presente dago, baina ez dugu ikusten, egoera aldatu den arren, oraindik tabua delako”, esan du Velezek. Horrez gain, jasotako erantzunei esker ikusi dute jendeak hilekoaren inguruan hitz egiteko gogoa baduela.

Emakumeek, gizonek eta pertsona ez-binarioek erantzun diote galdetegiari. Gaia begirunez jorratu nahi dutela nabarmendu du Tapiak: “Transfeminismotik gorputz disidenteak gehiago ikertzea da asmoa. Nola egin dezakegu, gu gorputz disidenteak izan gabe? Nola egin dezakegu errespetuz?”, egin du gogoeta.

Gazteen gaiak

Euskaraz eta gazteentzako antzerkia egin nahi dute Sastakai taldeko kideek. “Gazteak gara; guk ez badugu gureaz hitz egiten, nork hitz egingo du?”, galdetu du Tapiak. Hala ere, aktoreek nabarmendu dute helduen iritzia jasotzea ere garrantzitsua dela.

“Gozatzeko eta ondo pasatzeko egin dugu”, gaineratu du Tapiak. Hori guztia punk antzerkiaren parte dela azaldu du: “Gainera, barregarri agertzea nahiko punka da”. Velezek azpimarratu du musika punk taldeen estiloarekin lotura duela beraien lan egiteko moduak: “Punk talde pila bat dago aurreiritzirik gabe jotzen dutenak. Guk hori egin nahi dugu: oka egin, eta barrenean duguna bota”.

Eztena jaialdian Zizterberg beka jaso zuten Sastakai antzerki taldeko kideek. Urtero zenbait sorkuntza proiekturi lekua ematea da bekaren helburua. Egin nahi den lanaren lagin bat aurkeztu behar da proiektua erakusteko. Bekari esker, diru apur bat eta entseatzeko leku bat lortu zuten Sastakaiko kideek. Velezek azaldu du egituren aldetik espazioak lortzea “zaila” dela, baina beste oztopo batzuk ere daudela: “Autoestimua da oztoporik handienetako bat: oso zaila da esatea zerbait oso ondo dagoela eta erakusteko modukoa dela. Konplexuen aurka egitea da askotan zailena”.

Haien antzezlanak ez dauka izenik, guztiz osatu gabe dagoelako; hala ere ,”nahiko” egituratuta dagoela uste du Tapiak: “Dagoeneko forma hartu du; koktel bat da, hilekoa bezala”. Sortzeko kanpoko begirada garrantzitsua dela nabarmendu du: “Oso iritzi onak jaso ditugu, eta profesional batzuek ere gidatu gaituzte. Etengabe gauza bera egiten ari zarenean, garrantzitsua da besteak entzutea”.

Argazkia: Amets Badiola.