Pablo Salgado Mendezek Berako musikarien eta musika taldeen inguruko ‘Bera’ lana ondu du. Banizu Nizuke etxeak argitaratu du liburua, Berako Udalaren laguntzarekin.
Edurne Elizondo
Aspaldikoa eta handia da Berak musikarekin duen harremanari buruzko jakin-mina. Izan ere, puntako hamaika musikariren eta musika talderen sorterria da herri hori, eta anitzek galdetu izan dute harreman horren jatorria non ote den. Salgado Mendezek erantzun bat eman nahi izan du, eta asmo horrekin egin du Bera liburua.
Banizu Nizuke Bizkaiko etxeak argitaratu du Salgado Mendezen lana, Berako Udalaren babesarekin. Egileak herri horretako musikarien inguruko lan bat ondu nahi izan du. “Euskal Herriko herririk interesgarrienetako bat da Bera, musikaz ari bagara”, nabarmendu du Salgado Mendezek.
Pandemia hasi baino lehen jo zuen egileak Berako udal arduradunengana, zeukan asmoaren berri ematera. “Liburua egiteko asmoa bikaina iruditu zitzaigun. Hasieratik erabaki genuen proiektua babestea”, oroitu du Estitxu Pinatxo Berako Kultura zinegotziak. Musikaria eta abeslaria ere bada Pinatxo, eta harena da, hain zuzen, Bera liburuko azken testigantza.
50 izen baino gehiagoko zerrenda bat osatu zuten Salgado Mendezek eta Berako Udaleko kideek, lana martxan jartzeko. “Zenbait musikari aurretik ezagutzen nituen; gero, batzuekin eta besteekin hitz eginda, zerrenda handituz joan zen. Batek beste baten berri ematen zidan, eta beste horrek beste batena…”, azaldu du egileak.
Pandemiak luzatu ditu liburua osatzeko epeak, baina karrikan da, azkenean, euskaraz eta gaztelaniaz.
Tradizioaren garrantzia
Salgado Mendezek atzera egin du so Berako musikarien zerrenda osatzeko, eta ikasitakoak pista bat eman dio herri horrek musikarekin duen harreman berezia ulertzeko: “Bada musikarekin lotutako giro bat aspalditik: tradizio handia dago”, kontatu du egileak. Datu bat jaso du liburuan, tradizio horren adibide: Beran, 1651. urtean jada bazela organo bat Done Eztebe elizan.
Tradizioa ez da eten; bertzeak bertze, musika irakasleak eta musikaren dibulgatzaileak egon direlako herrian. Horixe ere nabarmendu du Salgado Mendezek Bera musika herri bat dela azaltzeko. Musikariak ere izan dira irakasle, eta elkarri laguntzeko prest izan dira, gainera. “Bera herri txiki bat da, eta sumatzen da komunitate izaera. Musikarien arteko elkarlan hori ohikoa eta naturala da”, erran du Salgado Mendezek. Estitxu Pinatxo abeslariak berretsi du hori: “Gitarra jole bat behar baduzu, badakizu norengana jo; bertzeak furgoneta utziko dizu, edo falta duzun kableren bat, bertzela. Elkarri laguntzeko prest gara beti, nahiz eta bakoitzak bere estiloa duen”.
Askotarikoa baita Berako musika eskaintza. XVII. mendeko organo txikia ez da Done Eztebe elizan jo duten bakarra; XIX. mendekoa da gaur egungoa, eta oraindik ez da isildu. Akordeoien eta txistuen hotsek ere lagundu dituzte, aspalditik, beratarren bestak eta bertzelako egun seinalatuak; orkestrak eta txarangak izan dira; bai eta abesbatza eta musika eskola ere.
Isidoro Fagoaga tenorrak (Bera, 1893-Donostia, 1976) eman dio izena musika eskolari, eta Fagoagaren izena da, hain zuzen, Pablo Salgado Mendezek bere liburuan osatutako zerrendako lehena. Jose Maria Goikoetxea Aizkorbe konpositorearena (1924-2017), Matias Irazoki ttunttuneroarena (1926-2016) eta Josu Goia Etxeberria (1948-2018) organo jotzaile eta “kultura aztoratzailearena” dira jasotako bertze batzuk.
Haiekin batera, Euskal Herriko musikaren panoraman euren tokia duten eta izan duten bertze hamaika izen eta izan: Mikel Irazoki baxu jotzaile eta musika zuzendaria, Fernan Irazoki bateria jotzailea, Fermin eta Anxel Iraola gitarra eta baxu jotzaileak, Beñardo Goietxe abeslaria, Joseba Irazoki gitarra jotzailea, Petti, Mikel Artieda, Igor Telletxea… Bai eta ZUP, Noise Hole, Gutariko Bat, More, Borrokan eta Mugaldekoak taldeak ere, bertze zenbaiten artean.
Begoña Rudi, irakasle
“Emakume gutxi gara, egia da”, erran du Estitxu Pinatxok, liburuko orriei so. Begoña Rudi da bat. “Hagitz garrantzitsua da Begoña Rudik herriko musikaren alde egin duen lana”, nabarmendu du Pablo Salgado Mendezek. Piano jotzailea da Rudi, eta musika irakasle aritu da, urte luzez. Musika eskolako arduraduna ere izan da, bertzeak bertze, bai eta herriko abesbatzaren sustatzaileetako bat ere. Joseba B. Lenoir musikariaren ama da, gainera, herriak emandako uzta oparoko bertze ale bat.
Tradizio bat izan dute Berako musikariek euren lurra ongarritzeko. Eta euren proposamenak eta lanak garatzeko eta aurkezteko behar zuten tokia ere bai. “Udalaren laguntza funtsezkoa izan da arlo horretan; ez da ohikoa Aduanakoaren gisako entseatzeko toki bat herriko musikarien esku uztea, doan”. Kataku tabernako kontzertuak eta Ertz jaialdia ere aipatu ditu liburuaren egileak, musikariei behar zuten oholtza ematen lagundu baitute horiek.
Musikak, finean, badu giro Beran. Estitxu Pinatxok garbi du Salgado Mendezen liburuak giro hori goxatzen lagunduko duela, balioko duelako garai batekoek eta bertzekoek elkarren berri izateko. Sarea ehuntzen segituko dute, herri baten soinu banda sortzen.
Argazki: ‘Bera’ liburua-Jon Iraundegi