Musikak bere lekua hartu du

Musikak bere lekua hartu du

Entseatzeko eta proiektu berriak sortzeko ‘Zapatillera’ izeneko espazioa sortu du Baztango Musikazaleen Elkarteak, Elbeten. Ateak zabalik ditu, eta taldeak parte hartzera deitu dituzte sustatzaileek.

Olaia L. Garaialde

Baztango musikak txoko bat lortu du Elbeteko zapatila lantegi zaharrean. Baztango Musikazaleen Elkarteak entseatzeko eta proiektuak aurrera eramateko toki bat nahi zuen, eta horretarako sortu du Zapatillera izeneko espazio hori. “Zenbait leku daude entseatzeko, baina orain arte ez zegoen talde guztientzako leku ireki bat. Lekurik ez baduzu, oso zaila da aitzinera eramatea proiektuak”, azaldu du Izargi Zumarragak, Baztango Musikazaleen Elkarteko kideak. Azaroaren 5ean ireki zuen atea Zapatillerak, eta geroztik martxan da.

“Musika talde batzuk elkartu ginen, ikusi genuelako zerbait egin behar genuela entseatzeko espazio bat lortzeko”. Urte hasieran egin zuten lehen urratsa, eta Baztango Musikazaleen Elkartea sortu zuten. Hasteko, Baztango Udalari eskatu zioten espazio bat, baina lekurik ez dagoela erantzun zion, eta beste bide batzuk bilatu zituzten.

Elbeteko Zapatillera espazioa sortu duten Baztango Musikazaleen Elkarteko kideak, Zapatilleran. Iñigo Uriz / Foku.

Baztanen zenbait kultur txoko daude, baina ez dago kultur ekitaldietarako erreferentziazko tokirik. “Elkarteko batek zapatila lantegiko jabea ezagutzen duenez, proiektua kontatu genion, gustatu zitzaion, eta espazioa alokatu zigun”, dio Zumarragak.

Entseatzeko leku bat izateaz gain, sarea sortzeko leku bat ere izan nahi du Zapatillerak. Musikan denbora luzea daramaten taldeak eta hasi berri diren taldeak elkartu dira proiektua sortzeko, eta, zenbait taldetako kideak nahastuz, talde berriak osatu dituzte: “Arras interesgarria izaten ari da; elkarri laguntzen diogu”. Kultura sustatzeko aukera ere nabarmendu du: “Espero dugu Baztango kulturari bultzada bat ematea”. Azpimarratu du kulturaren arloa “nahiko aktibo” dagoela bailaran.

Beste helburu batzuk dituzte; aurrerago kontzertuak egin nahi dituzte, adibidez. “Poliki-poliki” egin nahi dute aurrera, hain zuzen. Zapatillera irekitzeko egunean, Pottoka, Occhi di Farfalla eta Zakill musika taldeek jo zuten, eta azaroaren 20an, berriz, Mice eta Rudiger taldeek. “Kontzertu hauek bereziak izan dira”, esan du Zumarragak.

Udalaren laguntza

Zapatilak egiteko lantegi bat zen orain musikarien txoko bilakatu den espazioa; azken txanpan, altzariak moldatzeko erabiltzen ari ziren lantegia. Altzariak kendu, eta musikari egin diote lekua. Horretarako espazioa egokitu, eta gelak intsonorizatu dituzte: “Oraindik gauza batzuk ditugu egiteke, baina erabilgarri dago”. Osotara, hiru gela ditu, eta horietako bi entseatzeko prest daude dagoeneko. Asmoa da bi taldeek aldi berean entseatu ahal izatea. Hirugarren gela kontzertuetarako erabili nahi dute. Entseatzeko ere erabil daiteke, baina, “handiagoa” denez, “zailagoa” da intsonorizatzea. Lekua egokitzeko, Baztango Udalarekin hitzarmen bat sinatu dute, eta 4.000 euro inguru jaso dituzte.

Maiztasunez lokala erabiltzeko, elkarteko kide egin behar da, eta kuota bat ordaindu. “Elkartea irekita dago, parte hartu nahi dutenak sartzeko”.