Handi bezain ezezaguna

Handi bezain ezezaguna

Aitor Errazkin eta Joxan Elosegi Joxe Mari Ezkerra bertsolariari buruz aritu dira, Beran. Ezkerraren figura eta lana aztertu dute bi ikerlariek, eta XIX. mendeko bertsolari nagusien artean kokatu dute.

Edurne Elizondo

Nor eta nongoa zen Joxe Mari Ezkerra? Galdera hori dago Aitor Errazkinek eta Joxan Elosegik Irungo Udalaren Jose Antonio Loidi Bekaren bidez egin duten ikerketaren erdigunean. XIX. mendeko bertsolari “handi” bat izan zen Ezkerra; Irungoa (Gipuzkoa), iturri batzuen arabera; beratarra, berriz, bertze batzuen ustez. Errazkinek eta Elosegik ezin izan dute “misterio” hori argitu, baina egin dute euren apustua: Ezkerra Berako Juanesbaita etxean jaio zela, 1788an, eta Joxe Mari Arrieta Agirre zuela benetako izena.

Beran aritu dira Errazkin eta Elosegi Joxe Mari Ezkerrari buruz, abenduaren 2an, Berako Kultur Batzordeak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak antolatutako hitzaldian. Jakin-mina piztu du saioak, eta herritarrek bete dute Beralandetako aretoa. Elosegik garbi erran die, ordea, Errazkinekin batera egindako lanak ezin izan dituela ikerlarien zalantza guztiak argitu; herritarrei egin die eskaera, gainera: “Zuek jarraitu behar duzue ikertzen; galdetu eta bilatu”. Mataza beratarren esku utzi dute hizlariek, hari muturrari tira egin diezaioten.

Liburu bateko atal bat

Jose Antonio Loidi bekaren bidez, XIX. mendeko Irungo bertsolaritza landu dute Errazkinek eta Elosegik; liburu batek jasoko du lan horren emaitza, eta liburu horretako atal bat eskainiko diote Joxe Mari Ezkerrari. Artxiboetan murgildu eta gero, halere, egileek uste dute Ezkerra nafarra izan zela. “Ezin dugu garbi esan, baina zantzurik argienek diote beratarra zela”, nabarmendu dute.

Jean Duvoisin idazle lapurtarrak eta Patri Urkizu idazle eta ikerlari gipuzkoarrak bildutako datuak eta informazioa aztertu dute Errazkinek eta Elosegik, adibidez. Ezkerrak abestutako bost bertso sorta aurkitu eta ikertu dituzte, gainera, eta bertze zenbait bertsolarik Ezkerrari buruz kantatu zituztenak ere bai.

Aitor Errazkin.

Jasotako guztia jorratu eta gero, zalantzarik ez dute: bertsolari handi bezain ezezaguna izan zen Joxe Mari Ezkerra; Irunen edo Beran jaioa, egileek garbi dute XIX. mendeko Euskal Herriko bertsolari nagusien artean egon beharko lukeela Ezkerra koplari

Errazkinek azaldu du Duvoisinen lanetan aurkitu dituztela Ezkerrari buruzko lehendabiziko erreferentziak; Duvoisinek kontatzen du Irungoa zela Ezkerra; kontrabandista lanetan aritu zela, eta ez zela karlista. “Konstituziozaleen alde borrokatu zen 1823an”, idatzi zuen Duvoisinek. Ezkerra kapitain izan zela ere jaso zuen idazleak.

Duvoisinek bildutako bertsoen artean Ezkerraren lau sorta aurkitu dituzte Errazkinek eta Elosegik; 1832. urtekoa da lehendabizikoa. Duvoisinek Le bain force izenburua jarri zion sorta horri; Errazkinek eta Elosegik, berriz, Ezkerraren bertso bat baliatu dute sorta hori izendatzeko: Kaiolako xoriak alegera dira. Azaldu dute zergatik hautatu duten bertso hori: “1878an, Otxalde bertsolariak Khilo egilearen kantuak sorta ospetsua aurkeztu zuen, eta adierazi zuen Kaiolako xorial alegera dira airean kantatu behar zirela”. Ikerlariek garbi dute Ezkerraren bertsoek sona lortu zutela.

Ezkerrak Baionako presondegian sortu zituen 1832. urteko bertso horiek, Sarako (Lapurdi) bertze hiru presok kontatutako pasadizoa oinarri hartuta. Errazkinek eta Elosegik Baionako kartzelako hari muturrari tira egin diote; erakunde horretako artxibora jo dute, eta Ezkerraren arrasto bat izan daitekeenaren berri aurkitu dute 1832an preso zirenen zerrendetan. Agertzen dira Ezkerrak bere bertsoetan aipatutako Sarako hiru mutilak, eta, haiekin batera, 44 urteko Harriet Jose Esquerra izeneko norbait, Berakoa. “Harriet dit Esquerra aipatzen da Baionako agirietan; hau da, Ezkerra ezizena zela”, erran du Errazkinek.

Baionan aurkitutako arrastoak Berako elizako artxibora eraman ditu Errazkin eta Elosegi, eta hor aurkitu dute Baionan aipatutako Harriet hura izan zitekeena: 1788an Berako Juanesbaita etxean sortutako Joxe Mari Arrieta Agirre, alegia. “Hura ote zen Joxe Mari Ezkerra?”, galdetu du Joxan Elosegik. Baietz uste du ikerlariak, baina aitortu du zalantzarik gabe baieztatzeko adina daturik ez dutela aurkitu.

Imanolen bertsioa

Joxan Elosegi.

Patri Urkizu idazle eta ikerlari gipuzkoarrak Ezkerra beratarra zela argitaratu zuen 2014. urtean. Elosegi eta Errazkin, baina, ez dira ados Urkizuk mahai gainean jarritako tesiarekin. Urkizuren ustez, 1763an jaiotako Jose Martin Mikelajauregi zen Ezkerra. Elosegik eta Errazkinek uste dute Urkizu oker dela: “Mikelajauregi hura irundarra zen; ez zen Joxe Mari Ezkerra”, erran dute ikerlariek, Berako saioan.

Ezkerraren 1932ko bertso sortarekin batera, 1834ko Gerra zibila, 1835eko Milla zortzieun eta hogoita amabortza eta 1839ko Kastillako kontuak izenburuko sortak jorratu dituzte Errazkinek eta Elosegik. Kopla bitxiak izenekoa ere bai. Azken hori noizkoa den ez dakite ikerlariek. 1990ean, Ezkerraren kopla bitxien bertsio bat eskaini zuen Imanol Larzabal kantariak.

Ezkerrak hamaika bertso kantatu zuen, eta Ezkerrari ere kantatu zizkioten. 1859an, Hazparneko (Lapurdi) Jean Baptiste Larraldek Ezkerraren laudorioak izeneko sorta aurkeztu zuen. “Hil berria zatekeen urte hartan Joxe Mari Ezkerra; Larraldek miresten zuen, eta Urruñako [Lapurdi] Lore Jokoetara aurkeztu zuen Ezkerrari eskainitako konposizioa”, azaldu du Elosegik.

Jean Baptiste Larraldek garbi erran zuen: Deusik etzen tokian, nahi bezain fite / Sorrarazten zituen mila gauza maite (…) Maiz jauregi murrutan, belhar bastoena / Maiz, xola baratzetan lili ederrena.

Argazkia: Jean Duvoisinek bere kaieretan jasotako Joxe Mari Ezkerraren Kastillako kantuak sortako zenbait bertso. BILKETA SAREA.