Erdizi buruz kontsulta egiteko saioak hutsean utzi dituzte

Erdizi buruz kontsulta egiteko saioak hutsean utzi dituzte

[URTEKARIA, 2022] Proiektuaren aurkakoak prest dira auzitara jotzeko. AHTak eta Muga meategiak eragin dezaketen kaltea ere salatu dute ekologistek.

Edurne Elizondo

Soka luzekoak dira herrialdean ingurumenari eragiten ahal dioten kalteagatik mugimendu ekologistak salatu dituen proiektuak; abiadura handiko trena eta Esako urtegia handitzeko lanak dira bi adibide. Ez dira bakarrak, ordea; Baztanen Magna enpresak meategi bat egiteko duen proiektuak, adibidez, duela hogei urte inguru egin zituen lehendabiziko urratsak. 2008an bazter utzi zuten, baina 2019an enpresak mahai gainean jarri zuen, berriz ere.

Magnak udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa aurkeztu du Erdizko proiektua, oraingoan, eta horrek Baztango herritar anitzen eta ibar horretako erakundeen haserrea eragin du: meategirik ez dute nahi; eta salatu dute, gainera, enpresak baztandarren hitza eta iritzia isilarazi nahi izatea.

Izan ere, azken hilabeteotan zenbait saio egin dituzte Baztanen, herritarrek meategiari buruz zer iritzi duten azal dezaten. Baztango Udala eta Baztango Batzar Nagusiak saiatu ziren, lehendabizi, modu adostu batean, galdeketak antolatzen. Espainiako Ministroen Kontseiluari zegokion baimentzea, baina ez zuen egin.

Ondorioz, joan den urrian, Baztango zinpeko alkateek erabaki zuten Erdizi buruzko kontsultara deitzea: Baztango hamabost herrietatik hamalautan erabaki zuten galdeketa egitea, azaroaren 20an. Saio hori ere bertan behera gelditu zen, ordea, Guardia Zibilak alkateak kuartelera deitu eta debekuaren berri eman eta gero.

Baztango zinpeko alkateek Erdizkoak herri lurrak direla nabarmendu dute, eta Baztango erakundeei eta herritarrei dagokiela haien inguruan erabakitzea. Erdiz Bizirik plataformak berretsi du Magnaren proiektua “legez kanpokoa” dela, eta auzitara jotzeko prest dela garbi utzi du. Urrian manifestazioa egin zuten Elizondon, eta jendetzak parte hartu zuen.

Mugaren baimena

Magnak Erdizen egin nahi duena ez da herrialdean dagoen meategi proiektu bakarra: Geoalcali multinazionalaren Muga proiektuak aurrera jarraitzen du. Lantegia Zangoza ondoan eginen dute; meatze ahoa, berriz, Aragoiko Undues de Lerga herrian (Espainia). Aragoiko herri horretako lurrak bere esku ditu Geoalcalik, eta meatze ahoa egiteko lanak ere hasiak ditu; Zangozan, berriz, lantegia egiteko behar dituen lurrak eskuratzeko bidean da enpresa. Lurrak lortzeko erabili duen prozedurak desjabetu nahi dituzten nekazarien haserrea eragin du, halere, Geoalcalik larrialdiko prozedura onartzeko eskatu baitzion Nafarroako Gobernuari.

Izan da bertze urratsik: Nafarroako Gobernuak baimendu du Muga meategia eraikitzea. Baimen hori ez da azkena, halere. Proiektua gauzatzeko beharrezkoa da, baina baimen hori lortzeak ez dio ziurtatzen Geoalcaliri meategia egin ahal izatea. Izan ere, Zangozako Udalari dagokio obrak egiteko baimena ematea. Muga proiektuaren aurkako plataformak garbi du egungo legediaren arabera ezin dela Mugaren gisako proiektu bat egin. Zangozako udal plana da traba nagusia. Mugaren aurkako plataformak ezagutarazi du aztertzen ari dela Nafarroako Gobernuak eman duen baimenaren aurkako helegite bat aurkezteko aukera.

Nafarroako Gobernua 2015. urtean hasi zen Muga proiektua tramitatzeko urratsak egiten. Luzeagoa da abiadura handiko trenaren egitasmoak herrialdean egindako bidea. Azken hilabeteotan izan da lanen inguruko berririk,

AHTaren onrak salatzeko parodia, joan den larunbatean, Iruñean.

Tafallan erromatar gaztelu baten aztarnak aurkitu baitzituzten, joan den abuztuan. Nafarroako Gobernuak obrak gelditzeko eskatu zuen; Adif enpresak, ordea, trenaren ibilbidea aztarnen azpiko aldetik bideratzea proposatu du. Gazteluak 2.000 urte inguru dituela uste dute. AHT Gelditu taldeak salatu du AHTaren obrek ondare arkeologikoan eginiko kaltea. Joan den larunbatean, Iruñeko karriketan egin zuten protesta: AHTaren zentzugabekeria irudikatzeko parodia egin zuten Iruñea erdigunean, eta datorren urtean eraikuntzara bideratu nahi diren 71 milioi euroak gastu sozialerako erabil daitezela aldarrikatu zuten.

Klimaren aldeko aliantza

AHTaren gisako proiektuak salatu ditu ere Klimaren Aldeko Nafarroako Aliantzak. Klima aldaketarekin eta justizia sozialarekin kezkatuta dauden zenbait elkartek eta eragilek egin dute bat plataforma horretan. Azaroan, Egipton COP27 Nazio Batuen Erakundearen klima aldaketari buruzko biltzarra egiten ari ziren bitartean, “biltzar alternatiboa” antolatu zuten aliantzako kideek, Iruñean.

Nafarroan, Klima Aldaketarako eta Energia Trantsiziorako Legea indarrean da, apiriletik. Klimaren Aldeko Nafarroako Aliantzak ontzat jo du gisa horretako lege bat izatea, baina agerian utzi ditu herrialdeko agintarien “kontraesanak”. Salatu dute, bertzeak bertze, abiadura handiko trenaren gisako azpiegitura bati eustea.

Energia berriztagarrien alde egin du aliantzak, gainera, baina ez edonola. Gogor kritikatu dituzte herrialdean dauden eguzki parke eta parke eoliko erraldoiak egiteko proiektuak. Tokikoak eta hurbilekoak duen garrantzia nabarmendu dute aliantzan bat egin duten kideek, eta komunitatearen eta sareak ehuntzearen alde egin dute. Energia eta elikadura subiranotasuna giltzarritzat jo dituzte, bertzeak bertze.