Artearen zenbait ataletan lan egiten duen sortzaile talde batek La Zurda espazioa jarri du martxan, Iruñeko Arrosadia auzoan. «Ernatze kolektiboak» sustatzea dute xede.
Olaia L- Garaialde
Mundua bi aldetan banatuta dago, eta zuzena ez den edo ezarrita ez dagoen bidetik doazenak askeagoak dira”. Hori esan du Lara Molina La Zurdako kideak. Gloria Anzaldua idazlearen El Mundo Zurdo poemaz mintzo da. Izan ere, ideia horri tiraka jarri zioten izena La Zurdari Iruñean sorkuntzarako espazio hori sustatu dutenek. Duela urte bat ireki zituzten ateak, eta helburu hartu dute Iruñean sorkuntza jorratzea eta “ernatze kolektiboak” bultzatzea.
La Zurda proiektua elkarrekin sortzeko beharretik sortu zela azaldu du Molinak: “Hirian dauden hutsuneetan gauzak loratzeko leku bat behar genuen”. Horrez gain, lan egiteko leku bat ere behar zuten. “Lokala oso ongi dago, goiko solairuan lan egiteko bulegoak ditugulako, eta behean, sortzeko lekua”, esan du Maddi Barber La Zurdako kideak. Lokala Iruñeko Arrosadia auzoan dago, Urrobi erreka kaleko 16. zenbakian.
Ertz askotatik astintzen dute artearen mundua La Zurdako kideek; komikilariak, ilustratzaileak, diseinatzaile grafikoak, zinemagileak, aktoreak, artista plastikoak…, denetarik dago. “Nik ez dut argi zer naizen; agian, asaldatzaile kulturala?”, esan du, barrezka, Molinak. Bederatzi dira guztira taldean, eta emakumeak, ez-binarioak, eta lagunak dira denak: “Ez da nahita egindako zerbait; aurretik lan harremanak eta harreman afektiboak genituelako izan da”, dio Molinak. Hala ere, Barberrek erantsi du ez dela kasualitatea: “Ez genuen nahita egin, baina aldi berean, bai. Argi dago zergatik lan egin nahi dugun elkarrekin”.
Elkarlana oinarri
Gustura sortzen dute elkarrekin, eta Mirari Etxabarri kideak azpimarratu du “oso aberasgarria” izateaz gain, “izugarrizko” ikasketa prozesua izan dela denentzat: “Gure lana oso indibiduala izaten da, eta ez gaude ohituta horrelako prozesutan aritzera”. Bat egin du horrekin Maider Garaiok; La Zurdako kidea da hura ere. Gaineratu du elkarrekin lan egiteak funtzionatzeko ikuskera aldatzen duela. “Artearen mundua oso indibidualista izan daiteke, eta askotan bakarrik sortu eta gauzei bakarrik aurre egin behar diegu; La Zurdan indibidualismotik atera, eta modu kolektiboan lan egiten ikasi dut”, adierazi du Garaiok.
Molinak azaldu du “azkenean, sistema bera oso indibidualista” dela, eta “horretara bideratzen” duela artista ere, bakarrik lan egitera. Gaineratu du prozesu kolektiboak “motelagoak” izan ohi direla: “Zerbait elkarlanean sortzeko, pazientzia behar da, eta askotan falta zaigu”.
Gauzak antolatzeko eta erabakiak hartzeko, batzar bat egiten dute hilabetean behin; egunerokoan, berriz, lantaldetan antolatzen dira. Hiru lan ildo jarraitzen dituztela azaldu du Barberrek: “Norberak bere proiektuak proposatzen ditu; taldean beste proiektu batzuk sortzen ditugu, eta, hirugarrenik, elkartetik kanpo daudenek proposatzen dizkiguten proiektuak jorratzen ditugu”.
Espazioari eusteko, eta diruz laguntzeko, mikro irekiak, erakusketak, kontzertuak, ikastaroak, hitzaldiak eta gisako bestelako jarduerak egin dituzte.
Horrez gain, espazioa sortu duten bazkideen artean kuota bat ordainduz finantzatzen dute Iruñeko espazioa. Gainera, Nafarroako Gobernuak interes sozialeko kultur egitasmoei ematen dien Mekna bereizgarria daukate, eta, horren bidez, elkartetik kanpoko jendeak, nahi izanez gero, proiektua diruz lagundu dezake. Molinak nabarmendu du autogestioan oinarritutako espazio bat dela: “Instituzioen menpe egon gabe, nahi duguna loratzeko leku bat”.
Astean behineko saioak
Joan den abenduan, lehen urteko ibilbidea ixteko, Erraiak izenburuko egitasmoa aurkeztu zuten La Zurdako kideek. Molinak zuzendutako sorkuntzarako programa bat da. Haren barruan, kulturaren eta prekaritatearen inguruko mahai inguru bat egin zuten, eta zenbait artistaren erakusketak, txangoak eta buztinezko ontziak egiteko tailer bat antolatu zituzten.
Arrosadiko espazioko beste zenbait jarduera finkoak dira, astean behingoak, hain zuzen; esate baterako, astelehenetan, 19:00etan, josteko zirkulu bat dago. Zirkuluaren helburua da elkarrekin josteko leku bat izatea. “Ez da irakasle batekin ikasteko leku bat, baizik eta bakoitzak nahi duena josteko eta elkarri zalantzak galdetzeko leku bat”, esan dute kideek.