Tradizioaren erritmoan sortzen

Tradizioaren erritmoan sortzen

Iker Alvarez eta Aitor Urkiza Harribitxi txistulari bikoteak bere lehendabiziko diskoa kaleratu du: ‘Deiadar’. Bi musikariek txistua eta beste zenbait musika tresna baliatu dituzte, eta musika tradizional garaikidean oinarritutako lan bat ondu dute.

OlaiaL. Garaialde

Ohiko lan egiteko modua eta melodiak aldatu, eta gaurkotasuna eta tradizioa uztartu nahi izan ditu Harribitxi taldeak. Iker Alvarez (Barakaldo, Bizkaia, 1988) eta Aitor Urkiza (Iruñea, 1987) txistulariek osatzen dute bikotea, eta Deiadar diskoa kaleratu dute. “Azken hamarkadetan folklorearen munduan tradizioa bere horretan mantentzen saiatu gara, baina tradizioa ezin da geldirik egon: gizartearekin batera pixkanaka aldatzen joan behar da”, kontatu du Urkizak.

Alvarezek eta biek Iruñeko Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalean ikasten ari zirelarik ezagutu zuten elkar. “Ez dakit oso ongi noiz hasi ginen benetan elkar ezagutzen, baina behin Ikerrek proposatu zidan zerbait elkarrekin egitea. Orduan hasi ginen gaur egun kaleratu dugun diskoa sortzen”, oroitu du Urkizak. Hasierako ideia zen elkarrekin kontzertu bat ematea Satimamiñeko kobazuloetan (Bizkaia), baina poliki-poliki ideia eraldatuz joan ziren: “Elkarrekin sortzen genuenak zentzua zeukala

ikusi, eta buru-belarri abesti propioak egiten hasi ginen”.

Azken urteetan sortu diren txistu proiektuen ohiko egitura da lehenengo txistua, bigarren txistua, silbotea eta perkusioa: “Ez dugu ezagutzen binaka jotzen duten txistularirik”. Harribitxiko kideek ohiko eredutik atera eta bikote gisa jo nahi izan dute: “Erronka handia izan da, txistuarekin soilik melodia bakarra jo daitekeelako eta ezin direlako akordeak egin”. Hortaz, txistuaz gain, danborra, danbolina eta pandereta ere jotzen dituzte. Txistua ezkerreko eskuarekin jotzen denez, beste eskua eta oinak beste tresnak jotzeko baliatu dituzte. “Gutxika ikertzen joan gara. Helburua zen ikustea noraino iritsi ahal garen soilik bi txisturekin”, azaldu du Urkizak.

2020. urtean abiatu zuten Harribitxi proiektua, eta 2022an kaleratu zuten Deiadar. Hamar kantuk osatzen dute diskoa, eta Urkizak esan du “oso desberdinak” direla pieza denak: “Kantu batzuen melodiek fandangoaren eta arin-arinaren estiloa daukate, baina kutsu modernoagoarekin”.

Alvarezek eta Urkizak konposatutako eta sortutako kantuak dira guztiak, eta haien bizipenetan oinarrituta daude. Ur-emari kantuak, adibidez, tradizioari egiten dio erreferentzia: “Tradizioa islatzen duen erreka bat irudikatzen du: errekan ur zaharra eta berria nahasten dira. Errekak bide bati jarraitzen dio, eta, pixkana, bide hori aldatuz doa, tradizioa bezala”.

Urkiza Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionaleko irakaslea da, eta bere kasleei eskaini die aipatutako kanta hori: “Ikasleei esker, asko ikasi dut, eta jotzeko modua aldatu. Erreka horretan denak

elkartzen gara”.

Deiadar-eko pieza bakoitzak ilustrazio bat eta azalpen labur bat dauka. Inge Borg ilustratzaile eta musikariak sortu ditu azala eta ilustrazioak.

Zuzenekoaren antza

Jose Lastraren laguntzaz, Urdulizko (Bizkaia) Tio Pepe estudioan grabatu dute diskoa. Ohikoena da instrumentuak banan-banan grabatzea, eta ostean editatzea, baina dena batera grabatu nahi izan dute. “Zuzenekoaren ahalik eta antzik handiena izatea nahi genuen”. Kontent dira lortu duten emaitzarekin. “Artisau kutsua izatea nahi genuen, eta prozesu osoan asko zaindu dugu hori; artisautza da Harribitxiren esentzia”.

Aitor Urkizak Garaikideak eta Suakai proiektu artistikoetan parte hartzen du. “Proiektu propio gehiago sortu beharko genituzke”, adierazi du. “Bidea zaila eta gogorra da, baina, aldi berean, polita. Horregatik, elkarrekin sortzera animatzen ditut ikasleak”.

Argazki nagusia: Naiara Fuente.