Saihestu ezinezko begiradak

Saihestu ezinezko begiradak

Iruñeko Islada taldeak hiru abestiko EP bat argitaratu du: ‘Hiru’. Taldekideak berrogeialdiaren ondoren elkartu ziren, errealitatea haien abestietan islatzeko asmoz.

Itsaso Jauregi

Gaztaroan entzundako punk musika pop estiloaren melodiekin uztartzea. Hori zen Eñaut Etxetxiren (Iruñea, 2001) eta Beñat Goiaren (Iruñea, 2000) helburu nagusia. Berrogeialdian bi lagunek instrumentu berriak jotzen hasi ziren: Etxetxik gitarra aukeratu zuen, eta Goiak, bateria. Melodia itsaskorrekin eguneroko gaiak jorratzeko irrikan zeuden, baina taldea osatzeko baxu jotzaile bat behar zuten. Baxu jotzailearen bila mezua Instagram bidez zabaldu zuten, eta Aritz Bezunarteak (Iruñea, 2000) erantzun zuen, erosi berri zuen baxua erabiltzeko gogoz. Horrela sortu zen Islada taldea; orain, Hiru EPa argitaratu berri dute, azken hilabeteetan grabatutako hiru abestiekin.

“Oso modu naturalean hasi ginen, ez geneukan inolako espektatibarik”, esan du Goiak. Sorkuntza prozesuan murgiltzeko nahian elkartu ziren iruindarrak, baina, hasteko, instrumentuak menperatu behar zituzten. Horretarako, nerabezaroan entzundako punk abestiekin praktikatu zuten, eta, poliki-poliki, abesti propioak sortzen hasi ziren. Soinu garbia baina distortsioarekin, abesti azkarrak baina melodikoak: taldekideek soinu berria lortu nahi zuten; haien influentziak kontuan hartuz estilo propioa garatzea, alegia. “Geure burua behartu genuen beste talde batzuk entzutera, hemengo betiko estiloa ez errepikatzeko”, azaldu du Bezunarteak.

Erreferenteak

Iruñeko eszenaren garrantzia azpimarratu dute taldekideek, eta horren energia mantentzea da Isladaren asmoa. “Oso zorrotzak izan gara gure musika estiloa sortzeko orduan, baina, era berean, aitortu beharra dago eredua izan dela guretzat Iruñerriko eszena, bai gazteagoak ginenean entzuten genituen punk taldeak, baita gaur egun daudenak ere. Guretzat erreferenteak dira gazte sortzaile gisa, eszena eraikitzearen aldetik”, azaldu du Goiak.

Musika estiloa eta erreferentziak zehaztu ondoren, taldearen sorkuntzaren azken pausoa falta zen: izena. Taldea izendatzeko orduan Etxetxik zailtasunak izan zituztela esan du, etengabeko buruko mina. Izan ere, taldea definitzeko hitzik ez zuten aurkitzen. Azkenean, eta, saiakera ugariren ondoren, Goia Palabrasaleatorias.com webgunean sartu, eta bertan reflejo (isla) hitzarekin topo egin zuen. Etxetxiri Islada izena gustatu zitzaion, Bezunarteari, berriz, ez: “Ni Urkabe taldetik nator, eta bertan metal musika jorratzen genuen, eta horrelako gauzak kostatzen zaizkit. Hasieran izena oso txepela iruditu zitzaidan”. Txepela izan edo ez, baxu jotzaileak, pixkanaka-pixkanaka, proposamena barneratu eta onartu zuen.

Ideia berriak planteatzeko askatasuna da taldearen oinarria, Goiaren arabera, epaituta sentitu gabe proposamenak egiteko aukera dutelako. Bezunarteak bateriaren inguruan aipamen bat egin dezake, Etxetxik esaldiren bat idatzi, eta Goiak akorderen bat proposatu. Eremu eroso horretan jaio ziren Hiru, Zu zara eta Hamar metro abestiak. Konposatzeko orduan instrumentalarekin hasten dira; estrofa bat idazten dute, eta horri akordeak gehituz jarraitzen dute, abesti batera hurbiltzen den zerbaitera iritsi arte. Hitzak dira abestia osatzeko azken pausoa, eta oztopoz betetako prozesua musikarientzat. Abestien letrak zuzenak izatea nahi dute, metaforarik gabe eta egunerokoa modu sinplean irudikatuz. “Ez da beharrezkoa egunerokoa apaintzea, den bezalakoa erakustea baizik”. Etxetxiren arabera, askotan, zirriborroz betetako koadernoak etxera eramaten dituzte, lanean jarraitzeko asmoz: “Saiatzen gara abestiak sortzen hirurok elkarrekin gaudenean, lokalean. Baina etxean ere lan egin behar da”.

Islada taldeak atera duen ‘Hiru’ EParen azala. Iñaki Tristanek diseinatu du.

Urrutiko konposizioa

Lokalean aurrez aurre egotea luxuzko egoera bihurtu da taldearentzat: Goiak Bartzelonan ikasten du, Etxetxik Tuteran eta Bezunarteak Iruñean. Hala ere, Aratzuri da taldekideen topalekua, bertan Bezunartearen aiton- amonen etxean entsegu gela bat muntatu dutelako. Asteburuetan lokalean elkartzen dira Bezunartea eta Etxetxi, eta Goiarekin bideodeiaren bitartez komentatzen dituzte garatutako ideiak. Lokal horretan hasi ziren berrogeialdian instrumentuak menperatzen, lehenengo abestiak idazten, eta musika ere bertan grabatu dute. Bezunartea izan da ekoizpenaren arduraduna, jada trebatua delako grabaketa prozesuan. Musika sortzearen alor guztien jabe izan nahi dute taldekideek, prozesu osoa kontrolpean izateko.

Proiektua aurrera eramateko orduan erraztasun ugari izan dituztela azpimarratu du Goiak; beste talde askok eskura ez dituzten baliabideak izan dituztelako, entsegu lokala, besteak beste: “Orain Iruñean ez dago entsegu gelarik. Dirutza ordaindu behar da entseatzeko eta grabatzeko”. Musika grabatzea ez dago gazte guztien eskura, eta EPa grabatzeko lekua izatea abantaila izan da musikarientzat. Hala ere, etorkizunean, estudio bat bisitatu nahiko lukete, batez ere baxu jotzaileak, bertan erabiltzen duten tresneria aztertzeko.

Lehentasuna eman nahi diote soinu berria prestatzeari eta zuzenekoa garatzeari, eta horretarako behar duten estudio bakarra aitona-amonen lokala da. Giro lasaian, lagun artean, eta presarik gabe material gehiago prestatzen jarraituko dute, orain aurkeztutako begiradan sakonduz.

Argazkia: Islada.