Harriek errateko dutena

Harriek errateko dutena

Erronkaribarko ikertzaile talde batek ibar horretako harzolak erregistratu ditu. Lamiñarra argitaletxeak liburu batean jaso du lan hori, Nafarroako Unibertsitateko Euskal Hizkuntza eta Kultur Katedraren babesarekin.

Edurne Elizondo

Harriek badute zer erran, eta badute errateko duten hori nork entzun: Ugaltarriak, harrien elairëa. Ohiko harzolak Erronkaribaxan izenburuko liburua argitaratu berri du Lamiñarra etxeak —gaztelaniaz ere eman du—. Erronkaribarko ikertzaile talde batek egindako lana jaso du liburu horrek, Nafarroako Unibertsitateko Euskal Hizkuntza eta Kultur Katedraren babesarekin. 157 harzola erregistratu dituzte, Erronkaribarko zazpi herrietan.

“Gehiago daude, baina ezin izan ditugu denak sailkatu, zenbait etxetan ezin izan dugulako sartu”, zehaztu du Pablo Ordunak, lanaren koordinatzaileak. Iazko maiatzetik abuztura aritu ziren ikertzaileak, herriz herri, eta urrirako idatzi zuten liburua. Artxiboetan egindako ikerketa ere jaso dute. Arlo horretan aritu da Naiara Ardanaz, hain zuzen. “Pandemia hasi baino lehenagokoa da proiektu hau, baina orain arte ezin izan dugu garatu. Nafarroako Unibertsitateko Euskal Hizkuntza eta Kultur Katedrak sustatu du,

‘Ugaltarriak, harrien elairëa. Ohiko harzolak Erronkaribaxan’ liburuaren egileetako bi: Naiara Ardanaz eta Pablo Orduna.

Nafarroako Gobernuak emandako diru laguntzari esker. Euren etxeetako ateak ireki dizkiguten herritarrei eskertu behar diegu, batez ere, proiektuari egin dioten harrera”, nabarmendu du Ardanazek.

Pablo Ordunaren eta Javier Petrotxen arteko solasaldi bat izan da proiektu horren oinarria, hain zuzen. “Petrotxek igeltserotza eta zaharberritze enpresa bat du Burgin, eta harekin komentatu nuen behin ibarreko harzolen gaia. Biok aipatu genuen kalitatezko harzolak iraganeko kontu bat direla ibarrean, gutxi direla egun lan on bat egin dezaketenak”.

Tesi hori abiapuntutzat hartuta, errealitatea zein den argitu nahi izan dute proiektuan parte hartu dutenek, eta lana burutu eta gero, ikasi dute egoera ez dela Petrotxek eta Ordunak uste zuten bezain txarra: “Sailkatu ditugun harzola guztien %10 inguru baino ez dira galtzeko arriskuan; harzola guztien %70 hagitz egoera onean dira”, erran du Ordunak.

Balioa ondareari

Ordunak eta harekin batera lanean aritu diren herritarrek —ibarreko seme-alabak edo biztanleak guztiak— Erronkaribarko ondareari “duen balioa” eman nahi izan diote; ibarreko etxeen ikur bilakatu diren harzola tradizional gehienak XIX. mendekoak dira. Liburuan jasotako zerrendako zaharrena Izaban dago, eta 1815-1816koa da. “Gure amaren familiaren etxekoa da, hain zuzen. Harginen agiriak baditugu. Data zehatzarekin erregistratutako zaharrena da. Ibarrean bada 1500. edo 1600. urteko etxeren bat, baina horrek ez du erran nahi harzola ordukoa denik”, zehaztu du Ordunak.

“Bizirik” dagoen ondarea dira errekarrien bidez egindako zolak, hain zuzen, eta badute konpontzeko eta berritzeko beharra. “Etxeko sarrera dira harzolak, bai eta ukuilurako bidea ere; etxeko lan anitz ere harzolan egiten zituzten, eta, ondorioz, errekarriak moldatzeko eta berritzeko beharra bazuten”, kontatu du Ordunak.

Garaian garaiko ohiturek ere eragin diote harzolen egoerari. “Harzola tradizionalak galtzen hasi ziren, baina, 1960-1970eko hamarkadetatik aurrera, berriz hasi ziren herritarrak errekarriak baliatzen. Kontua da, baina, harzolak egiteko moduak aldatu egin direla”, azaldu du lanaren koordinatzaileak.

Harzola tradizionalak galtzen hasi ziren herritarrak euren etxeak zaharberritzen hasi zirenean. 1950-1960ko hamarkadetan, porlana erabiltzen hasi ziren Erronkaribarren, eta, errekarrien ordez, lauzak. “Ibarreko etxe anitzetan badira lauza berdez egindako zolak, antza, igeltsero batek merke erosi zituelako, ospitale bateko lanak burutu eta gero soberan gelditu zirenak!”, aipatu du Ordunak, umorez.

Harzolen funtzioak

Ordunaren eta taldeko gainerako ikerlarien helburu bakarra ez da izan Erronkaribarko harzolen erregistroa egitea. Harzolak nola eraikitzen zituzten ere aztertu nahi izan dute, eta, batez ere, harzolen sinbologia landu eta zabaldu. “Ezagutza tradizional sakon bat dago harzolak egiteko lanaren atzean, eta horren inguruan egin nahi izan dugu lan, horren berri jaso eta zabaltzeko”.

Lan horren ondorioz, harzolen lau funtzio zehaztu dituzte ikerketaren egileek: batetik, errekarriak baliatu dituzte Erronkaribarren, hurbileko material merkea eta jasangarria delako. “Lehen, urrutien Aragoiko [Espainia] Artiedara joaten ziren errekarrien bila”, azaldu du Ordunak. Bertzetik, errekarriek balio dute hezetasuna bazter uzteko; hirugarrenik, harzola egokia zen, etxeko familiak ez ezik, animaliek ere erabiltzeko. “Zola sendoa zen, eta harriren bat hondatuz gero, erraz aldatzen zen”, kontatu du Ordunak berak.

Laugarren funtzioa, azkenik, harrien sinbologiarekin lotu du lanaren koordinatzaileak. “Harrien bidez sortzen zituzten irudiek balio zuten zerbait komunikatzeko: komunitatea islatzen zuten; familiaren berri emateko ere balio zuten; eta, azkenik, artisauak bere egiteko moduaren arrastoa uzten zuen harzolan”. Harriekin, hain zuzen, lauburuak edo sei hostoko loreen irudiak osatzen zituzten, bertzeak bertze.

Egindako lana herritarrei itzultzeko asmoz osatu dute ikerlariek Lamiñarrak argitaratutako liburua. Joan den urrian, hasteko, proiektuaren aurkezpen bat egin zuten Erronkaribarren. Ordunak nabarmendu du herriz herri izan dituzten laguntzaileen parte hartzea “ezinbertzekoa” izan dela euren proiektua garatzeko, etxe anitzetan sartzeko lana erraztu dietelako.

Tailer bat

Harzola tradizionalak egiteko tailer bat prestatu nahi dute ikerlariek, gainera. Egun, Petrotx da gisa horretako lanak egiten dituen bakarrenetakoa, baina liburuaren berri zabaldu eta gero, eta Erronkaribarko harzolen erregistroa egin eta gero, zenbait dira lan horretan sakontzeko interesa agertu duten herritarrak. “Oraindik ez dugu datarik, baina gure helburua da tailer hori egitea”, nabarmendu du Ordunak.

Tailer hori ibarreko ondareari balioa emateko modu bat izan dadila nahi dute. Inguruko ibarretan ere badira errekarriz egindako harzolak, baina nork bere moduak ditu. “Erronkaribar glaziar baten morrenan dago kokatua, eta, ondorioz, errekarri mota jakin bat du. Ezberdinak dira, adibidez, Zaraitzukoak. Anson [Aragoi, Espainia], berriz, morrenako errekarriak dituzte, Erronkaribarren bezala, baina harzolak egiteko modua ezberdina da”.

“Oraindik anitz dugu ikasteko”, aitortu du Pablo Ordunak. Lanean jarraitzeko prest dira ikerlariak; harriek errateko dutena entzuten segitu nahi dute.

Datua

53

ZENBAT HARZOLA DAUDEN IZABAN. Erronkaribarren Izaba da harzola gehien duen herria, ibarreko ikertzaileek egindako lanaren arabera. Urzainkin 26 dituzte; Garden, 21; Burgin, hogei; Uztarrozen eta Bidankozen, hamalauna; eta Urzainkin, bederatzi.

Argazkiak: Carlos Orduna.