Iritzia: Ehiza eta kontraesanak

Iritzia: Ehiza eta kontraesanak

Bidatz Villanueva Etxague

Gizakion burmuinak nola funtzionatzen duen ongi jakin ez arren, organo horretan gertatzen diren hainbat prozesu psikologiko interesgarriak dira. Gure errealitatearen eraikuntza balio sistema batzuen araberakoa da, jaio garen testuinguruak baldintzatzen duena, hein handi batean. Frustrazioak eta sufrimenduak gainditzeko mekanismoak garatzen ditugu. Adibide bat jartzearren, gizakiok enpatiarako gaitasuna dugunez, egun osoa Yemenen gosez eta indarkeriagatik hiltzen diren biztanleengan pentsatuko bagenu, ezinezkoa litzaiguke bizitzea. Beraz, pentsamendu horiek blokeatzen ditugu, afera hori ez lehenesteko, guk geuk gure egunerokoa sufrimendurik gabe bizi ahal izateko.

Antzera gertatzen da gizakiz besteko animaliekin dugun harremanarekin. Ikerketek azaleratu dute animaliekiko indarkeria erakusten duten eduki gehiago kontsumitzea pizgarri bat dela euren sufrimenduaz pentsatzen hasi, eta bestelako balio moral eta etikoak garatzeko.

Helduen ikasgela batean ehiza izan genuen aztergai. Munduko hainbat herrialdetan horren inguruko zein lege zituzten erakutsi ziguten ikus-entzunezko bideo batean. Bitxia da jendearen erreakzioei erreparatzea.

Hasteko eta behin, inor ez zen ehizaren alde azaldu, zenbaitentzat jarduera ankerra da. Ikusitako bideo hartan, inor ez zen harritu erbiak hiltzen zituztela ikusita, baina tamaina handiagoko animalien kasuan (lehoi, elefante, errinozero, eta abar), gaitzespen keinuak egiten zituzten, hain zuzen.

Animalien bizitzak hierarkizatzeko modua guztiz ausazkoa da. Animaliek, guk bezala, nerbio-sistema zentrala dutenez gero, bala bat jaurtita edo ehizarako erabilitako txakurren hozkengatik hilez gero, berdin-berdin sufrituko dute. Txerri bat labankadaz odolustea bezala. Guri min eginen ligukeen moduan, gainontzeko izaki sentikorrei ere bai.

Tamalgarria da egunero animalien aurka egiten den sarraskia, espezieak desagerrarazteraino. Finean, indarkeria ekintza bat da ehiza, eta beharragatik egin baino gehiago, jendeak disfrutatzen duen jarduera bat dela uste dut. Ikusi besterik ez dago nola erakusten dituzten trofeo moduan harrapakinak edo eraildako animaliak. Bortitza da oso, halako irudiak ikustea. Halaber, jarduera guztiz maskulinizatua iruditzen zait, gizonezkoak baitira gehiengoa, askotan taldeko jarduera bat bezala egiten dutena.

Alabaina, beste pertsonen sufrimenduarekin bezala, animaliekiko hautematen duguna blokeatzen dugu, bestela ezinezkoa izanen litzake aurrera egitea jakinik neurrigabeko sufrimendua jasaten duten milioika animalia hiltzen ari garela egunero.

Ohiturekin lotuta dagoela ere esanen nuke nik. Izan ere, basurde bat hiltzea normaltzat hartzen dugu, eta Afrikako zebren ehiza gaitzestea guztiz ausazkoa eta kontraesankorra da. Bestea animalia exotikoagoa iruditzen zaigulako eta bizitzeko eskubide handiagoa duelako? Zer gertatuko litzateke hori gizakiokin ezarriko bagenu?

Egia da kontraesanekin bizi garela, oro har; baina, gutxienez, izan gaitezen kontraesan horien kontziente gure bizitzako eguneroko hautuak egiten ditugunean.