Iruñeko Udalak ez du terrazarik nahi Laban

Iruñeko Udalak ez du terrazarik nahi Laban

Auzitegiak ebatzi du elkarteak baduela jartzeko eskubidea; udalak, baina, ez du ebazpena bete.

Edurne Elizondo

Gazteluko plazan terraza bat jartzeko eskubidea du Laba sareak. Horixe nabarmendu du Nafarroako Administrazio Auzitegiak, eta horixe berretsi du Arartekoak ere. Elkarteak, baina, terrazarik gabe segitzen du, Iruñeko Udalak ez duelako auzitegitik jasotako ebazpena bete nahi: hau da, Labak terraza jartzeko eskubidea izan arren, udalak ez dio dagokion lizentzia eman nahi izan. Egun, Windsor tabernak baliatzen du Laba sareari dagokion tokia, “baimenik gabe”.

Laba sareak Gazteluko plazako 2. zenbakian du egoitza, eta iazko urtarrilean ireki zituen ateak. Hasieratik, kultur jarduerak garatzeko espazio bat ez ezik, herritarrek bat egiteko toki bat ere izan da; kafetegia dute horretarako.

Laba sareak, zehazki, kafe dastaketarako lizentzia badu, eta horrek aukera ematen dio terraza jartzeko. Terraza jartzeko lizentzia hori eskatu zion Iruñeko Udalari, hain zuzen, baina udalak ukatu egin zion. Auzitara jo zuen Laba sareak, ondorioz, eta Nafarroako Administrazio Auzitegiak iazko urriaren 10ean argitaratu zuen bere ebazpena: garbi utzi zuen Labak baduela terraza jartzeko eskubidea.

Sententzia betearazi

Joan den urtarrilaren 24an, urriko bere ebazpena berretsi zuen Nafarroako Administrazio Auzitegiak, eta Iruñeko Udalari egotzi zion “hitz nahasgarriak” erabiltzea auzitegiaren ebazpena ez betetzeko. Zehazki, Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasunerako Saila da Labak eskatutako lizentzia emateko prozesua oztopatu duena.

2022ko urrian, hain zuzen, Arartekoak ere Laba sarearen alde egin zuen, eta ebazpen bat argitaratu zuen, udaleko sail horretako arduradun Javier Labairu zinegotziaren jarrera kritikatuz.

Laba sareak udalak sententzia bete dezala exijitu du. Nafarroako Auzitegi Nagusiaren urtarrileko ebazpenak, hain justu, hilabete bateko epea zehaztu zuen udalak lizentzia eman zezan. Bertzela, Labari aukera eman zion auzitegi horren bidez Nafarroako Gobernuari eska diezaion sententzia betearazteko. Asteon, Iruñeko Udalak Presidentetza Batzordean jorratu du auzia; EH Bilduk eta Geroa Baik salatu dute “interes politikoa” dagoela udalaren erabakiaren atzean.

Argazkia: Laba sarea.