Elkarlana, konponbidearen bila

Elkarlana, konponbidearen bila

Nafarroako hainbat herritako, kontzejutako eta landa garapenerako elkartetako ordezkariek lan saio bat egin dute Iruñean, jendegabetzeari aurre egiteko bideak lantzeko. San Martin Unxeko esperientzia hartu dute oinarri. Nafarroako Gobernuak, gainera, herrien husteari aurre egiteko estrategia aurkeztu du.

Edurne Elizondo

Iruñean egin dute bat, baina herrian bizi nahi dute. Nork berean. Emplea fundazioak, joan den ostiralean, jendegabetzeari aurre egiteko bideak lantzeko saio bat antolatu du hiriburuan —Nafarroako Kutxa eta Caixa fundazioekin, eta Nafarroako Gobernuaren babespean—, San Martin Unxen garatutako proiektu bat oinarri hartuta. Herri horretako eta bertze hamaikatako 70 ordezkari bildu dira, elkarrekin eta elkarlanean herriak gehiago ez husteko konponbide bat bilatzeko asmoz.

Nafarroako populazioaren %25 inguru dago landa eremuan: 166.000 biztanle, denera. Martin Garcia, Jose Javier Oses eta Raquel Cabodevilla San Martin Unxen bizi dira —laurehun biztanleko herri bat da—, eta garbi dute ez dutela handik mugitu nahi. Eguneroko zailtasunei aurre egiteko zenbait proiektutan inplikatu dira, eta emaitzarekin kontent direla azaldu dute Iruñean egindako saioan. Adibide eta eredu izan nahi dute bertze herri anitzentzat.

Garcia San Martin Unxeko Udaleko zinegotzia da, eta etxebizitzaren esparruan egindako lanaren berri eman du: batzorde bat osatu dute, herrian dauden beharrak aztertzeko, eta etxe hutsen eta zaharberritu behar direnen zerrenda osatzeko, bertzeak bertze. Alde Zaharrari egin nahi izan diote so han, bereziki, inguru hori “erakargarriago” bilakatzeko asmoz. Herriko 50 pertsona inguru ari dira esparru horretan lanean.

Oses, berriz, kirolaren arloan ari da. “Jendeak Tafallara joan behar izaten zuen kiroldegira; eskola zaharrean zegoen gela bat atondu, eta kiroldegi bat sortu dugu, auzolanean”, kontatu du. Lortu dute kirola egin nahi dutenak herrian gelditzea, eta denen artean ari dira espazioa moldatzen jarraitzeko urratsak egiten. “Gakoa izan da zerbait nahi genuenok martxan jarri garela, eta udalak bidean lagundu gaituela, trabak jarri ordez”.

Cabodevillak eta herriko bertze hainbat emakumek Garnatxa emakume elkartea sortu zuten, duela bi urte, eta dokumental bat prestatu dute —Y a la viña también izena du—, herriko emakume horiek San Martin Unxeko ondare nagusietako batekin izan duten lotura azaltzeko: ardoarekin, alegia. “Ardo gorria da gure herriaren ikur, eta anitz dira arlo horretan lanean aritu diren eta ari diren emakumeak. Lan horren balioa nabarmendu eta aitortu nahi izan dugu”.

Ardoaren inguruan

Ardoa oinarri hartuta, hain zuzen ere, Emplea fundazioak Vivid izeneko proiektu bat garatu zuen iaz San Martin Unxen, kanpoko jendeak herria ezagutzeko, sare bat sortzeko, eta kanpoko herritarrak, finean, inguru horretara erakartzeko.

Claudia Malucelli eta Gorka Perez dira Vivid programan parte hartu dutenetako bi. Malucelli Elokoa da, eta beka bat jaso du “landa eremuko erasmus baten modukoa” egiteko. Iruñeko Nekazaritzako eta Basogintzako Ziklo Integratuko ikasketak egin ditu gazteak, eta praktikak egitera joan da San Martin Unxera. “Hagitz esperientzia polita izan da, herriko egunerokoan erabat inplikatu baikinen. Gure lanaren bidez herriko historia eta istorioak landu genituen, herritarrekin egindako elkarrizketen bidez”.

Perezek, berriz, Vivid Akademia programako ikastaro batean parte hartu du. Irunberrikoa da; haren familiarena da herri horretako Azpea upategia. San Martin Unxen lau upategi daude, eta haien laguntzarekin garatu dute programa. “Herrian bertan bizi ginen ikastaroa egin bitartean. Hasieratik sortu dira gure eta herritarren arteko harremanak”, kontatu du.

Helena Gorroñok ere San Martin Unx izan du lantoki, Vivid programari esker. Ardoarekin zerikusirik ez duen proiektu bat garatzen ari da, halere. Mondragon Unibertsitateko (Gipuzkoa) ikaslea da, eta energia berriztagarrien arloko ikerketa bat egiten ari da. “Konturatu naiz gisa honetako proiektuak garatzeko eta zure lanbidean aurrera egiteko ez duzula zertan hiri batean egon”, erran du.

Lege baten beharra

Herrien husteak jendegabetzearen mamua eraman du inguru anitzetara. “Pirinioak ez dira arrisku horri aurre egin behar dioten inguru bakarra. Lizarrerrian ere husten ari dira herriak; Montejurrako eskualdean, batez ere. Bai eta Zangozaldean eta Erdialdean ere”, zehaztu du Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio eta Jedegabetze zuzendari nagusi Jesus Mari Rodriguezek.

Nafarroako Gobernuak jendegabetzeari aurre egiteko prestatu duen estrategia aurkezteko baliatu du Rodriguezek Iruñean egindako saioa; gobernuak onartzeko zain da. Zuzendari nagusiak erdigunean jarri ditu puntu nagusiak, halere; azaldu du, batetik, batzorde bat, talde eragile bat eta hiru mahai osatu zituztela —politika sozialerako bat, lurralde kohesiorako bat eta kohesio ekonomikorako bat—, estrategia prestatzeko prozesua garatzeko.

Estrategiak hainbat proiektu izanen ditu oinarri, eta denen artean nagusia izanen da jendegabetzearen aurka egiteko lege bat osatzea eta onartzea. Rodriguezek onartu du, noski, datorren legegintzaldian garatu beharreko proiektu bat dela hori; ikusteko dago zer eragin izanen duen maiatzeko hauteskundeen emaitzak.

Toki Administrazio eta Jendegabetze zuzendari nagusiak garbi du administrazioaren zeregina dela herritarrek dagozkien zerbitzuak jaso ahal izatea, eta, horregatik, prestatutako estrategiaren helburuetako bat izanen da oinarrizko zerbitzu horietara ailegatzeko alternatibak jorratzea.

Alloko eta Bargotako alkateek ikasi dute, hain zuzen, populazioari eusteko alternatibak asmatzea dela bidea, konponbidea kanpotik noiz etorri zain gelditu beharrean. Haiek hori egin dute, eta Iruñeko saioan azaldu dituzte eman dituzten pausoak.

Susana Castanera da Alloko alkatea; herri horretan eta mankomunitatea osatzen duten inguruko gainerakoetan martxan dute Comunal izeneko programaren bigarren aldia. “Gure herrietako talentua azaleratzea da asmoa, hemen gera dadin”, azaldu du Castanerak. Proiektuaren lehen aldian, lau egitasmo garatu zituzten: zaharrak etxean artatzeko zerbitzu bat; Baku Barrikupel, Jesus eta Amaia Prieto aita-alabek barrikak birziklatuz lanparak egiteko sortutako enpresa; etxea alokatu edo saldu nahi dutenentzako aholkularitza eta diseinu zerbitzu bat; eta altzari zaharrak birziklatzeko eta berritzeko proiektu bat.

“Oraingo bigarren aldian hiru proiekturekin ari gara lanean”, azaldu du Alloko alkateak. Mugikortasunaren esparrukoa da bat, autorik ez dutenak Iruñera mugitzen direnekin

Alloko eta Bargotako alkarte Susana Castanera eta Cristina Remirez.

harremanetan jartzeko, adibidez.

Bargotan, berriz, emakumeekin ari dira lanean, zehazki. Kodes mendilerroko herriak ari dira elkarlanean, “lurraldeko emakume buruzagien sarea” sortzeko. “Emakumeak ahalduntzea da asmoa”, erran du Bargotako alkate Cristina Remirezek. Mendilerroak lotutako herri guztien egoera ez da berdina; txikienak, Azuelok, 23 biztanle ditu; Bargotak, berriz, 257. Denera, 1.700 biztanleko komunitatea osatzen dute, eta elkarlanean ari dira egin beharreko urratsak jorratzen. “Denok dugu jendegabetzearen mamua ondoan; sarea sortu dugu, indarrak batzeko”.