Lucio Bergararen familiak haren mila argazki eman dizkio Nafarroako Artxibo Nagusiari. Bergarak bere sorterriko egunerokoaren irudiak jaso zituen, Arantzakoak, XX. mendeko lehen herenean.
Edurne Elizondo
Bere sorterriko historia iruditan jaso zuen Lucio Bergara arantzarrak (Arantza, 1892-Legazpi, Gipuzkoa, 1978), XX. mendeko lehen hamarkadetan. Argazkigintza afizio zuen, zurgina baitzen ofizioz. Donostiako Arte eta Lanbide Eskolan egin zituen ikasketak, eta aitarekin egin zuen lan Arantzan, familiaren zurgindegian. Maite zuen, baina, kamera soinean hartu, eta herrikideak bere irudietan harrapatzea. Beirazko mila plaka baino gehiago utzi zituen etxean gordeak, ezagutu zuen Arantza haren lekuko. Familiak plaka horiek garbitu eta sailkatu ditu, eta Nafarroako Artxibo Nagusiko fototekaren esku utzi.
Talde argazkiak dira Bergarak egindako anitz; ezkontzetako eta bataioetako irudiak jaso zituen, bai eta herriko ekinaldi nagusietakoak ere: bestak, ekitaldi erlijiosoak eta bertze. Arantzarrak garrantzi handia eman zion argazkien konposizioari, eta, bere lanen bidez, herriko XX. mendearen hasierako historia jaso eta gorde zuen.
Arantzako Gartxinea etxean egon da urte luzez Bergararen altxorra. Arantzatik Legazpira (Gipuzkoa) joan zen argazkilaria, halere, ezkondu eta gero. Felicitas Oñatibia urretxuarra (Gipuzkoa) zuen emazte. Arantzako eskolako maistra izan zen Oñatibia, hain zuzen. Legazpira mugitu eta gero, maistrak herri hartan jarraitu zuen lanean; eta Bergara, berriz, Patricio Etxeberria lantegian aritu zen, erretiroa hartu zuen arte. Bikoteak bost seme-alaba izan zituen.
Senideen lanari esker, Bergararen argazkiak ez dira galdu. Arantzako etxean izan dituzte gordeak, argazkilariak berak egurrez egindako etxola batean. Bergarak asmo horrekin egin zuen etxola, hain justu, etxeko ganbaran. Gune hori erabiltzen zuen laborategi gisa.
Digitalizatu
2016. urtera arte, Lucio Bergararen alaba Josefina Bergara eta argazkilariaren iloba Maria Bergara arduratu ziren arantzarraren beirazko plakak zaintzeaz; urte horretan, emakumeok Bergararen biloba Maria Rosario Alustizaren eta haren senar Angel Muruaren esku utzi zuten argazkien zaintza. Materiala jaso, eta Legazpiko euren etxera eraman zuten senar-emazteek; han, argazkiak garbitu, sailkatu eta eskaneatu egin zituzten.
Lan hori guztia egin eta gero, familiak Nafarroako Artxibo Nagusiaren esku utzi ditu Lucio Bergararen irudiak; 1.035 dira, denera. Artxiboko arduradunek lan guztiak digitalizatuko dituzte, nahi duten herritarrek kontsultatzeko aukera izan dezaten.
Nafarroako Artxibo Nagusiko fototekaren barruan gorde dituzte Bergararen lanak, zehazki. Herritarrek emandako 85 bilduma inguru jaso ditu artxiboak jada; bilduma horietako 26, hain zuzen, argazkilari amateurren eta profesionalen lanak dira, eta artxiboak gordetako funtsen oinarria osatzen dute.
Argazkiak: Lucio Bergara-Nafarroako Artxibo Nagusia.