Lagunen artean euskal hiztegia landuz

Lagunen artean euskal hiztegia landuz

Euskarazko irakurketa errazeko lehendabiziko taldea sortu dute Iruñerrian, irakurtzeko zailtasuna dutenentzat. Hilabeteko azken ostiralean elkartzen dira, Nafarroako Liburutegian, liburuak elkarrekin irakurtzeko eta komentatzeko.

Itsaso Jauregi

Hilabetean behin elkartzen dira euskarazko irakurketa errazeko taldekideak. Mahaiak eta aulkiak zirkulu batean jarri, eta liburuaren pasarteak ozenki irakurtzen dituzte. Hamar pertsona inguru biltzen dira Iruñean, Nafarroako Liburutegiko gela batean, 9:00etatik 10:30 bitarte, beren euskarazko hiztegia garatzeko asmoz. Iruñerriko lehen taldea da. Edurne Orce (Iruñea, 1997) da taldearen sortzaileetako bat, eta saioak koordinatzen ditu. “Pentsatu genuen egongo zirela euskara gehiago landu nahiko luketen irakurleak. Zergatik ez irakurketa errazeko talde bat sortu?”.

Aurretik beste irakurketa talde batzuetan egona zen Orce, liburuen artean murgilduta, baina irakurketa errazeko kluben berri azaroan izan zuen lehendabiziko aldiz. Soilik gaztelaniaz egiten zirela ikusita, beste lankideekin batera euskarazko saioak antolatzen hasi zen. “Euskarazko irakurketa klubak ez dira oso ohikoak; ez dute oihartzunik. Ez da esaten, ez da entzuten, ez da ikusten”.

Euskarazko irakurketa taldea sortu zela entzun eta ikusi zuten Laura Zuñedak (Ihabar, 1999) Gotzon Alberdik (Azkoitia, Gipuzkoa, 1968) eta Gorka Ibañezek (Iruñea, 1999), eta berehala izena eman zuten.

Pausoz pauso

Lehendabiziko irakurketa saioa otsailean izan zuten, eta, gelara sartu baino lehen, Alberdik “urduri” zegoela esan du, baina “gogotsu”. Parte hartzaile bakoitzak liburuaren pasarte bat irakurtzen du besteen aurrean, eta denen artean hitzez hitz aztertzen dute, esaldien esanahiak argitu arte. “Liburuan jartzen duena ulertu arte ez dugu gehiago irakurtzen”, azaldu du Gotzon Alberdik.

Orain Nahid, mi hermana afgana (Nahid, nire ahizpa afganiarra; Montena, 2001) liburua irakurtzen ari dira; Ariadna deituriko kazetari bat ageri da testuan; Afganistani buruzko lan bat egin behar duenez, Nahidekin harremanetan jartzen da, Pakistanen errefuxiatu den gazte afganiarrarekin. Liburua “oso gustura” irakurtzen ari dela esan du Alberdik, eta saioei esker hijab eta burka hitzak ezagutu dituela: “Edurnek argazkiekin irakasten digu”.

Gazteak eta helduak; euskaldunak eta euskara ikasi nahi dutenak: denetarik dago irakurketa saioetan. Gorka Ibañez, adibidez, euskaldun berria da, eta bere irakurketa maila hobetzeko izena eman zuen egitasmoan: “Azpimarratzekoa da toki publiko batean elkartu garela, talde inklusibo bat sortu dugula, eta euskaraz irakurtzeko elkartzen garela”. Alberdik, berriz, txikitatik euskaraz egiten du, baina bere irakurketa maila garatzeko eman zuen izena. Urduritasuna pixkanaka alde batera utzi duela adierazi du, eta, orain, “oso eroso” sentitzen da jendaurrean liburuaren pasarteak komentatzen dituenean.

Taldekideen arteko elkarlana da saioaren oinarria; bakoitzak irakurritakoa interpretatzen du, eta, zalantzak izatekotan, koordinatzaileak gune eroso bat sortu du askatasunez galdetzeko.

“Batzuetan, ozen irakurtzen dutenean ez dute gogoratzen zer irakurri duten, urduritasunaren ondorioz. Gero, entzun duen pertsona batek irakurri duenari testuaren edukia azaltzen dio”, adierazi du Orcek. Alberdik eskertzen du irakurketari eskaintzen dioten denbora, baina taldea astean behin elkartu beharko litzatekeela proposatu du: “Astero elkartu beharko ginateke liburua irakurtzeko eta gogoratzeko. Hilabetean behin elkartzen garenez, istorioaren xehetasunak ahazten zaizkit”.

Klasetik kanpo

Liburu artean egon ondoren, gogoetak kafetegira mugitzen dira; izan ere, gela barruan sortzen den harremana kanpoan ere mantentzen dela azaldu du Orcek. Kafea eskuan izanik, kide bakoitzak bere zaletasunak partekatzen ditu, eta, askotan, ekintza berriak egiteko lagun berri bat berenganatuz. Hori da Laura Ziñedaren kasua, askotan hondartzara joan baita irakurketa taldeko lagunekin. Liburuetatik kanpo ere elkartasunari eustea “ezinbestekoa” dela esan du Orcek.

Ikastaroa ekainean amaituko dela esan du koordinatzaileak, baina, segur aski liburua ez dutenez garaiz amaituko, irailean berriz elkartzeko aitzakia izango dute. Hurrengo liburua zein izango den ez dakite oraindik, baina irakurketa errazerako moldatuta dagoen liburu bat izan behar du, noski, eta Nafarroako Liburutegiak eskaintzen dituen aukeretako bat zozkatuko dute denen artean. Alberdik proposatu du Benito Lertxundiren biografia bat irakurtzea, gehien maite duen musikariarena, urtero joaten baita haren kontzertuetara: “Benito Lertxundiren liburu bat gustura irakurriko nuke. Urduritasunaren ondorioz ez nuke lo egingo gauean!”.

Lertxundiren biografiaren bat irakurri edo ez, irailean itzuliko direla argi dauka Orcek. Hala ere, aniztasunean oinarritutako taldea gehiago zabaltzea nahiko luke koordinatzaileak, gelan hamabost pertsona inguru elkartzeko. Azpimarratu duenez, saioak ez dira soilik irakurtzeko zailtasunak dituztenentzat: askotariko pertsonekin irakurri eta hitz egin nahi duen ororentzat ere badira. “Ateak irekita daude; zenbat eta jende gehiago etorri, orduan eta talde gehiago sortuko dira”.